Kontua ez da berria, baina, dirudienez, Jordan ondoko bataiatzaile haren antzera, ni ere gorrei oihuka ari zaizkien ero horietako bat nauzue, basamortuan alferreko predikatzaile. Aspaldian egindako artikulu batzuetan behin eta berriro azaldu dut chacolí hitza erdarazko berba bat dela, euskarazko txakolin-etik etorri arren. Horrexegatik salatzen nuen erabat desegokia zela, ene ustez, bera txakolí idaztea, horrek euskaldun jendeari ardo horren euskal izena horixe zela sinetsarazten diolako, oker, eta hortik datozela, besteak beste, txakoli bat mesedez edo Txakoli dago, moduko aldrebeskeriak, maiz entzunak, ohiko baso bat txakolin edo txakolina badago forma zuzenagoen ordez.
Kontua da txakolin euskal hitzetik erdarazko chacolí forma sortu zela aspaldian, eta horrela esaten dutela Burgosko iparraldean, neronek maiz entzun dudanez. Beraz, ez dago arrazoirik gaztelauei, beren hizkuntzan ardo horri chacolí esaten galarazteko, berba bera, azken buruan, haiengandik geuk hartua dugulako, batzuek hori jakin edo aitortu nahi ez badute ere.
Beren produktuari etiketa eransteko orduan gure txakolingileek, salbuespen txalogarriren bat gorabehera, oso bertoko-bertokoak izan arren, erabat bazterturik utzi dute gure hizkuntza, hitz horren iturburua izan arren, eta espainola dute hobetsi. Hori bai, euskal idazkeraz mozorroturik, tx eta k-en mahats-hostoarekin lotsariak estalita. Eta horren ondorioa hortxe dugu: orain gaztelauek ere berba hori erabiltzeko eskubidea eskatu dute, eta arrazoi osoaz gainera, beren-berena dute eta. Eta dudarik ez izateko, aski da, diodanaren argigarri, euskal eta erdal hiztegiei begirada bana egitea.
Ordea, horren lekuan geure produktuetan egiazko euskal hitza, txakolina, hasieratik bultzatu bagenu, Euskal Herriko ardoa delako, zentzuak, kulturak eta euskal senak agindu beharko zigutenez, hots, eskuarki katalan eta galegoek beren ardoekin egiten duten moduan, ez zatekeen holakorik gertatuko. Horrela jokatu balitz, auzo probintziei ez zitzaiekeen burutik pasatu ere egingo gaur beren ardoei Burgosko txakolina o Santanderko txakolina deitu nahi izatea, espainolez hitza bera falta dute eta. Baina, zoritxarrez, berriro ere, gure ekoizle eta enpresari argi askorentzat, beren merkataritza-praktikan, egon, euskararik ez dago, ez da kontuan hartzeko zerbait, aldizka entzuten dizkiegun gure berezko hizkuntza zahar, aberats eta maitagarria... eta abertzale usteko hitzontzikeria belaxka gorabehera.
Zenbat kontsulta ez ote dituzten egin botilen formatoa, beiraren kolorea, etiketaren forma eta diseinua erabakitzeko, edo bertan inprimatu beharreko irudia, inon ez diren mahasti edo jaurerri batzuen gezurrezko erdal izena asmatzeko, horrela deiturari Erdi Aroko nolabaiteko kutsua eskaintzeko, zenbat feudo eta konterri faltsuren izenak ez ote diren proposatu!. Eta gure hizkuntza, Europako zaharrena, hain jatorra, hainbeste mila urtetakoa, hain zoragarria, ezti, gozo eta gurtua izan arren,... horri kasurik ere ez! Horri ez ukitu, umea, kaka da eta! A zer nolako euskal produktuak gureak! Ez dakit nola ausart gaitezkeen euskara gure bizitzan, geure administrazio edo irakaskuntzan, bultzatzera predikatzera, ageri denez, geure hizkuntzak «bertoko eta betiko» produktu horiek lau haizetara ezagutarazteko ere balio ez digunean. Lotsagarria benetan.
Duela gutxi Alondegia euskal hitz ahantzia berbizteko aukera ederra galdu genuen, espainolezko Alhóndiga-ren mesedetan. Orain, izen berbera duten euskal ermita ugariak eta horrela deritzon haitzulo ospetsua gorabehera, gure hizkuntzaren batasuna hasi zenetik berrogei urte pasa eta gero, euskara estandarrean milaka haur eskolatu eta pertsona nagusi alfabetatu ugari lortu ondoan, Bilbon kiroldegi nagusi berri bat pairatu beharko dugu, erdarazko izen ongi ozenaz hornitua, baina hori bai, deitura euskara dialektal-dialektalean daramakeena. Tira, adiskideok, aski da, horrela ez goaz inora!
'Chacolí': burgostarrei arrazoia emanez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu