Sare sozialak erabiltzen baldin badituzu, beharbada zuk ere ikusi nauzu.
Clean girl bat naiz, neska garbi bat.
Ez, ez naiz emazte garbia. Neska naiz. Gaztea, freskoa, inozentziaren itxura erakusten dizut. Haurtzaroaren eta heldutasunaren arteko muga honekin jostatzen naiz.
Bai, garbia naiz. Honek ez du erran nahi dutxak hartzen ditudala, baizik eta errutina zehatza dudala nire egunerokotasunean ahal bezain lisoa izateko eta neskatasunaren itxura ideala sortzeko. Zure ideala izateko.
Beharbada, ni eta fenomeno hori Tiktoken edo Instagramen ikusi dituzu. Ez baldin bazara zu, beharbada zure alaba da. Ez naiz Clean girl eredua partekatzen ari den pertsona bakarra. Neska andana gara, eta gure bideoek milioika ikustaldi izaten dituzte. Pentsatu dezakezu moda fenomeno hutsa garela. Baina ez da egia, balio batzuk hedatzeko gaudelako hor.
Gure helburua? Bizi eredu perfektu bat zabaltzea neskei. Nola? Gure egunerokotasuna manera kodifikatuan filmatuz. Lehenik gure errutina: goizean goiz esnatzen gara, eta, matcha zuku berdeak irentsi ondotik, pilates praktikatzen dugu. Ez diguzu leporatuko bizi molde sano bat partekatzea, hala ere? Ondotik, gure azala zaintzen dugu makillaje diskretua ezarriz eta krema asko metatuz. Ileak lisatzen eta buru gibelera tiratzen ditugu. Askotan gure auto-enpresa dugu, eta denbora ainitz etxean pasatzen dugu. Kalitatezko produktuak erabiltzen ditugu eta horien promozioa egiten dugu. Bai, gure taldean izateko dirua beharko duzu. Baina, ez ote naiz zure gurasoek amesten duten alaba ideala? Ezin ote duzu indar egin gu bezalakoa izateko?
Egunerokotasun zorrotz honetatik at, gure araudi bisuala aipatzen ahal da. Irudikatzen duguna xehetasun guztietan kudeatzen dugu. Garbiak garenez, gure jantziek edota apainketek neutrotzat jotzen diren mezuak transmititzen dituzte. Hots, zuria, grisa eta zuhail eta pastel koloreak baizik ez onartzeaz gain, jantzien edo gure apainketen formak zuzenak, sinpleak, argiak, arinak dira.
Ni ‘Clean girl’ bat naiz eta ez naiz moda efektu bat bakarrik. Nire bideoen bidez, erakusten dizut emazte bat produktiboa izan behar dela bere itxuran indar guztiak emanez
Ez pentsa koloreen hautua inozoa denik. Suposatzen dut zuk ere badakizula marketinak koloreen eragina landu duela gure psikologiaren ikuspuntutik. Hots, gorriak bizia, lanjera edo pasioa adierazten ditu; laranjak sorkuntza edo dinamismoa. Kolore fluoreszenteek energia eta giro elektrikoa sortzen dituzte. Guk, alderantziz; emozio horiek saihesten ditugu. Grisak segurtasuna, beltzak luxua, zuriak inozentzia, marroiak egiazkotasuna, pastel-koloreek goxotasuna... Koloreek eta formek pizten dituzten emozioak ukatzen eta gordetzen ditugu. Itzaliak garela? Nik horri kontrola deituko nioke.
Gure gorputzak finak, zuriak eta balidoak dira. Ez ahantz clean garela. Garbitasuna ez ote da zuria izatea? Ideologia arrazista bat partekatzen dugula? Ez dut hori pentsatzeko gogorik. Emakumearen norma amestu bat proposatzen dugula, bai: diskretuak, emoziorik gabekoak, kasik gardenak gara. Neutroa, sinplea, ezabatua naiz, kaosik ez da nirekin.
Egia erran, politikak ez dit interesik sortzen eta nire bideoekin ikuspegi hori jakinarazi nahi dut: nire buruaz okupatzen pasatzen dudan denborak errealitatetik urruntzen nau.
Nire zuritasunean, gaztetasunean eta gorputzaren norman kapitalizatzen ahal baldin badut, zergatik ez egoeraz baliatu? Ez ote da neska guztien helburua perfektua izatea eta miretsia izatea?
Nola onartuko gaitu jendarteak? Nola maitatuko gaituzte gizonek?
Bai, hor delako mugimenduaren muina: Clean girl izatea, zure onurarentzat dela saltzen baldin badizut, funtsean, gizon heterosexualen aginduei egokitzeko ikaskizunak zabaltzen dizkizut. Irakasten dizut ez gogoetatzen, isilik egoten, polita eta diskretua izaten eta zure etxeaz ongi arduratzen. Irakasten dizut xoko batean, apainketa ezaugarri bat bezala egoten, gizonek erabakiak hartzen dituzten bitartean. Jadanik holako modarik ikusi ote duzu mutikoentzat? Ez. Haien proiekzio tresnak gara, besterik ez.
Emazteei inposatzen diegu behin eta berriz plaza publikotik etxera itzultzea. Ordena eta morala erakusten dizkizut. Faxismoak nahi duenari erantzuten diodala? Hori... zuk diozu
Ni Clean girl bat naiz eta ez naiz moda efektu bat bakarrik. Nire bideoen bidez, erakusten dizut emazte bat produktiboa izan behar dela bere itxuran indar guztiak emanez.
Erakusten dizut gure tokia etxearen xoko batean gordetzea dela.
Erakusten dizut kontrola, gure burua neurtzea eta isiltasuna emeen kalitate nagusiak direla.
Erakusten dizut minimalista izatea ideala dela. Ez dut iritzirik, ez dut tokirik hartzen, ez naiz existitzen.
Alienazio tresna bat baizik ez naiz. Eta auskalo kalte psikologikoentzat!
Garbitasun hori ez da kasualitatezkoa. Nire estetika jendartearen itxurakoa da. Emazteei inposatzen diegu behin eta berriz plaza publikotik etxera itzultzea. Ordena eta morala erakusten dizkizut. Faxismoak nahi duenari erantzuten diodala? Hori... zuk diozu.
Â