COVID-19a eta eskubide kulturalak

Maitane Salinas, Aintzane Gamiz eta Juan Ibarrondo
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
«Osasun sistemarik ahulena bezain indartsuak gara, hori baino ez». Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren hitzak dira horiek, eta, haien bidez, argi adierazi zuen osasun publikoaren erantzunak nazioartekoa izan behar duela, sendoa, adostua eta herritar guztientzat onuragarria.

Zalantzarik gabe, mundu osoko osasun krisi bat dugu, inoiz ez bezalakoa. Baina osasun krisi bat baino gehiago da. Krisi sozioekonomikoa ere ari gara jasaten; krisi hori gizartearen alderik sakonenari erasotzen ari zaio, eta arriskuan jartzen ari da giza eskubide guztiak erabiltzeko aukera, baita eskubide kulturalak baliatzekoa ere; hain zuzen, eskubide kulturalak bazterrean utzi ohi dira egungoa bezalako krisietan, eta ez zaie aitortzen duten garrantzia eta ahalmena.

Karima Bennoune eskubide kulturalen arloko NBEren kontalari berezia da, eta, haren esanetan, «egungo osasun eta ekonomia krisiaz harago, baliteke gizadiak aurre egin behar izatea mundu osoko hondamendi kultural bati ere; krisi horrek ondorio larri eta iraunkorrak eragingo dizkie eskubide kulturalei —bai eta beste giza eskubide batzuei ere— baldin eta dagokion eragileek ez badituzte berehala hori eragozteko neurriak hartzen».

Pandemiarekin batera iritsitako krisi ekonomikoak zenbait ondorio eragin ditu, bata bestearen ondotik, milioika lagunengan, haien bizibidean, bai eta haien bizitzan ere, eta bereziki erasan die jada arriskuan zeuden talderik zaurgarrienei: haur babesgabeei; emakume eta neskatxei; urritasunen bat dutenei; diru sarrera gutxi dituztenei eta lan ez-formaletan aritzen direnei... Zerbaitengatik esan du OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak pandemia dela Bigarren Mundu Gerraz geroztik izan den mundu mailako krisirik okerrena; izan ere, ondorio lazgarriak eragin ditu mundu guztian eta bizitzako arlo guztietan. Hala, lehen kalkuluen arabera, 114 milioi lanpostu desagertu dira, eta 120 milioi lagun inguru berriz geratu dira ezin pobreago.

Nolanahi ere, horrek guztiak ez luke zera ezkutatu behar, egungo mundu krisia bereziki erasaten ari zaiela kultur sektoreari eta hartan aritzen diren langileei: hala nola kultur sektoreko profesionalei, artearen mundukoei, zuzenekoak egiten dituzten artistei eta haiei lagun egiten dieten teknikariei, musikariei eta gidoilariei. Horiek guztiak kultur sektorea osatzen dutenetako batzuk baino ez dira; haien lana espezifikoa —eta, zenbaitetan, noizbehinkakoa— denez, baldintza prekarioetan lan egin behar izaten dute maiz, eta, askotan, beste lan batzuetan ere aritu behar izaten dute aldi berean, duintasun pixka batekin bizi ahal izateko.

Unescoko Kultura zuzendariordearen esanetan, «COVID-19aren pandemiak eragindako krisiak agerian utzi du oraindik ere beharrezkoa dela artistak eta kultura arloko profesionalak sozialki, ekonomikoki eta lan arloan babesteko mekanismoak hobetzea, batetik, eta haien bizi eta lan baldintzak mantendu eta sendotzea, bestetik».

Ailegatzen zaizkigun datuak kezkagarriak dira. Kultura Behatokiak aurtengo urtarrilean aurkeztutako inkestaren arabera, diru sarrerak %29 gutxitu dira batez beste 2020an, pandemiaren eraginez. %7k jarduera gelditu dute; %57k ohiko jardueraren zati bat bakarrik berreskuratu dute, eta %31k baino ez du lehengo jarduera bolumena osorik berreskuratu. Horrez gain, 2021erako aurreikuspenak ere txarrak dira, eta espero da diru sarrerak %7 murriztuko direla 2020koen aldean.

Enpleguan izandako eraginari dagokionez, datuek erakusten dute sektoreko eragileen %37k aldi baterako erregulazioan daukatela oraindik lantaldearen zati bat. %59k, berriz, aitortzen dute lantaldea murriztu behar izan dutela pandemiagatik. Nafarroako Kulturaren Behatokiaren arabera, 2020ko otsailerako joera negatiboa nabari zen sektoreko enpresetan enpleguari zegokionez, eta joera hori nabarmen areagotu zen martxotik aurrera, pandemiaren hasierarekin bat eginez: %26 jaitsiera izan zen martxotik apirilera.

Botere publikoek ere nabarmen murriztu dituzte kulturaren sektoreari emandako baliabideak, eta horrek ondorio larriak ditu tokiko ekoizpen artistiko eta kulturalean. Ez da kultura arloko finantzaketa publikoa murrizteko tenorea, hura areagotzekoa baizik. Eta, preseski, tokiko gobernu eta agintariek ahalmen handia dute oraindik, beharrezko baliabideak bideratuz, tokiko kultura eta ekoizpen artistikoaren katalizatzaile gisa aritzeko. Gutxienez, Unescoren gomendioei jarraitu eta gastu osoaren %1 kulturan egin beharko litzateke, baita egungoaren pareko krisi garaietan ere; hala, pandemiaren ondorioekin lotutako neurri pizgarriek barne hartuko lukete kulturaren finantzaketa ere.

Eskubide kulturalak funtsezkoak dira gizakion ongizate, erresilientzia eta garapenerako, eta, nazioarteko legedian, hainbat xedapen daude eskubideok bermatzeko. Ez dira luxua, ezta mundu mailako osasun eta ekonomia krisi batean ere. Kulturak berebiziko garrantzia izan beharko luke pandemiaren ondorioei emandako erantzunean; politika publikoek agerian utzi beharko lukete artearen eta kulturaren funtsezko balioa, baita haren garrantzia ere erresilientzia handitzeko eta eskubide politiko, ekonomiko, kultural, zibil eta sozial guztiez guzti-gozatzeko.

Eskubide kulturalez gozatzeko, funtsezkoa da kultura eskura edukitzeko eta bizitza kulturalean parte hartzeko aukera bermatzea, eta neurri espezifikoak hartzea erakunde eta sektore kulturalek bizirik iraun dezaten. NBEren kontalariaren txosten bikain eta inspiragarrian, argi adierazten da nazioarteko eginbehar juridikoak betetzean datzala kontua, eta, zehazkiago, estatuek —nazioarteko legediak ezarritakoaren arabera— eskubide kulturalen inguruan hartutako konpromisoak betetzean.

Kontalariak zenbait proposamen egin ditu txostenean, hala nola kultur sektoreko langileentzat laguntza programa bereziak abian jartzea; kultur sektorean, zergen ordainketa etetea, bai eta gizarte segurantzari egin beharreko ekarpena etetea ere; sorkuntza eta ekoizpenerako laguntza publikoa handitzea; funts bat sortzea gazterik zaurgarrienek kultur jardueretan parte hartu ahal izan dezaten, eta kulturarako mundu mailako funts bat sortzea. Proposamenok inolako arazorik gabe aplika daitezke gure inguruan, kultur sektorean aritzen diren norbanako eta elkarteen iritzia aintzat hartuz eta haiekin batera lan eginez.

Erredakzioan itzulia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.