Danimarkako trantsizioa: erraustetik zero zaborrera

Joan Marc Simon
2014ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Danimarka munduko herrialde «berdeenetako» bat dela uste da. Baina haize-errotak eta bidegorriak alde batera utzita, oro har, ingurumena nahikoa errespetatzen duen herrialde horrek badu sekretu bat: hondakinak erraustea gustatzen zaio!

Datu objektiboen arabera, Europako herrialdeen artean pertsonako hondakin-kopuru handiena sortzen duena da eta munduko liderra da errausketan, hondakinen %80 erretzen baitu. Horrek esan nahi du, birziklapena deskontatu ondoren, Txekiar Errepublika, Bulgaria edo Polonia bezalako herrietan sortzen den hondakin-kopuru baino handiagoa errausten dela Danimarkan.

Esparru horretako jardunbide egokiei muzin eginez, etxeko hondakin gehienak ez dira gaika bereizita biltzen, eta, ondorioz, birziklapen-tasak oso apalak dira: %22 ingurukoak.

Kontraesana dirudi, baina Danimarkan herritar batek egin dezakeen gauza okerrena da bere zakar-poltsaren tamaina murriztea. Erraustegira hondakin gutxiago bidaliko balira —hondakin horiek saihestu, berrerabili edo birziklatu direlako— erraustegiek beren gaitasun-mailatik behera funtzionatuko lukete, eta beraz, energia sortzeko eraginkortasun murritzagoa izango dute. Kasu horretan, erraustegiak diru-sarrera gutxiago edukiko lituzke funtzionamendu-kostuak ordaintzeko, eta beraz, kudeaketa-gastuek gora egingo lukete. Laburbilduz, hondakin gehiago sortzen diren heinean, kalte gutxiago egiten zaio poltsikoari.

Beraz, ez da harrigarria hondakin gehien erretzen duen herrialdea hondakin gehien sortzen duena ere izatea. Danimarka da hondakin-errausketaren eta hondakin-sorkuntzaren arteko harremanaren adibide garbiena.

Danimarkako eta, oro har, Europa iparraldeko herrialde Eskandinaviako negu luze, ilun eta hotzek berogailu-kontsumo handiagoa justifikatu dezakete, eta horregatik herrialde horiek aitzindari izan dira hondakin-errausketarekin energia lortzen. Hala ere, energia lortzeko hondakinak erretzea ez da batere eraginkorra, eta dagoeneko karbonorik isurtzen ez duten teknologiak eskuragarri daude, erraustegien bizitza erabilgarria amaitzeko zain.

Beste modu batean esanda, erraustegiak dira Danimarka herrialde karbono-neutral bihurtzeko oztopo nagusienetako bat. Bestalde, Europar Batasuneko legeriaren arabera, 2020. urtetik aurrera eraikin berri guztiak karbono-neutralak izan beharko dira. Azkenik, hondakinak errausteko instalazioen eta errekuntza-instalazio handietan potentzia-gaitasun handiegia dago; horren ondorioz, urteko hilabete hotzenetan haize-errotak gelditu egiten dituzte, instalazio termikoei lehentasuna emateko.

Daniar herritarrek eta politikariek gero eta argiago dute birziklapen-tasa apalak dituztela eta hondakin gehiegi erretzen dituztela. Konturatzen dira erretzeko gehiegizko gaitasun hori ez dela harro egoteko modukoa.

Hori dela eta, bidaia zail bat hasteko asmotan dabil Danimarka. 2050. urterako erregai fosiletatik bereizi edo independentzia lortu nahi dute: hau da, energia-planta kutsatzaile guztiak ixtea, erraustegiak barne. Hori ez da batere lan erraza izango, Danimarkan lotura oso estua baitago hondakinen eta energia-sorkuntzaren artean. Lotura horrek eragin zuzena du hondakinen kudeaketan, pizgarri maltzurrak sortzen baititu; hots, hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzearen aurkakoak. Halaber, energia-politikan ere eragina du, ez baitu teknologia garbiagoek nagusitasuna hartzen uzten. Errausketa alde batera uztean, bi helburu lortu nahi dira aldi berean, eta Danimarkako Ingurumen Ministerioak ongi daki hori.

2013ko azaroan Ida Auken ministroak aurkeztu zuen hondakin kudeaketa plan berriak honela izena zuen: «Danimarka hondakinik gabe —Gehiago birziklatu, gutxiago erraustu». Bere hitzetan: «Danimarkan etxeko hondakinen ia %80a erretzen aritu gara. Horrek energia ekoizten asko lagundu duen arren, material eta baliabide birziklagarriak galdu egin dira. Orain hori aldatzeko garaia da».

Plan horretan aurreikusitako neurri batzuk hauek dira: errausketaren ordez hondakin organikoak gaika biltzea, era horretan biogasa eta konposta sortzeko; egun erretzen den plastikoa eta papera birziklatzea; eta PVCa material toxikoentzako hondakindegi berezietara bidaltzea, erraustearen bidez airera zabaldu ordez.

Beraz, badirudi errausketaren munduko liderrak norabidea aldatu nahi duela. Hori onuragarria izango da Danimarkako birziklapen industriarako, hamarkada askotan zehar erraustegien ondorioz ia errauts bihurtuta geratu baita. Halaber, daniarrentzat ere onuragarria izango da, gutxiago errausten bada, kutsadurak eta horren ondorioz osasunean sortzen diren kalteek behera egingo dutelako. Aldi berean, birziklapenak gora egiten badu, lanpostu eta ekonomia iraunkorragoak sortuko dira. Azkenik, munduko gainerako lekuetarako ere onuragarria izango da, Danimarkako jardunbide egokiak inportatu ahal izango baitira azkenean.

Paradigma-aldaketa hau ez da egun batetik bestera pasako, baina badakigu daniarrek zerbait lortu nahi dutenean gogor eta eraginkortasunez lan egiten dutela. Horregatik, errausketa-ereduan liderrak izan diren moduan, Zero Zaborraren eredurantz aurrera egiteko orduan ere eraginkorrak izatea espero dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.