Dantzan Fergusoneko kaleetan

2014ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Ferguson (Missouri, AEB) hiriko kaleetan dantzan ibili dira azken astean bertako afroamerikarrak. Dantzan, suz beteriko kaleetan. Gerriak mugituz eta besoak astinduz, kezko poteen artean. Dancing in the Street abesten zuen Martha & The Vandellas hirukoteak 1964ko uda sargoritsuaren amaieran. Callin' out around the world, Are you ready for a brand new beat? Summer's here and the time is right for dancing in the street. Beraien hitz eta soinuek uda hartan izandako kale istiluak hartzen zituzten inspirazio iturritzat. Era berean, kalearen eta artisten arteko feedbacka sortuz, ereserkia dantzaldi iskanbilatsu eta konspiratzaileetan parte hartzen zuten afroamerikar gazteen soinu banda bilakatu zen. Baztertzen zituen gizarte zuriaren aurrean inor ez direnen dantza praktikatzen zuten. Kondenatuta jaio zirenek, dantza pauso subertsiboekin egiten zioten aurre beraien patuari. 50 urte geroago, izpiritu berberarekin dantzatzera irten dira Ferguson hirian, polizia zuri batek Michael Brown gaztea tiroz hil ondoren.

1964koa uda luze eta beroa izan zen, horrela bataiatu zuten Estatu Batuetako hainbat hiriz jabetu ziren gazteek. New York, Filadelfia… kristal hautsiez, suzko barrikadez eta askatasun oihuz bete ziren. Matxinada, irlandar jatorriko Thomas Gilligan poliziak, New York hiriko Harlem auzoan 15 urteko James Powell gaztea tirokatu eta erail zuenean piztu zen. Poliziaren jatorriaren aipamena ez da hutsala, inolaz ere ez. XIX. mendean Europatik Estatu Batuetara heltzen ziren etorkinek, goseaz eta miseriaz gain, arrazakeria pairatu behar zuten. Baina sisteman integratuz, adibidez polizia departamentuetako kide bilakatuz, eta Estatu Batuetako gizarte anglosaxoiaren balioak eta ohiturak bere gain hartuz, etorkin etiketa gainditu eta, beraien azalaren koloreak lagunduta, white bilakatu ziren. Izendapen honetatik kanpo gelditu ziren jatorria Hego Amerikan, Asian edo eta Afrikan zutenek. White gizartearen aldetik mespretxua, bazterketa, irainak eta kolpeak baino ez zituzten jasotzen.

Lehen uda luze eta beroa baino urtebete lehenago, 1963ko abuztuaren 28an, eskubide zibilen aldeko mugimenduak deituta, 250.000 pertsona inguratu ziren Washingtonera, afroamerikarrek gainerako biztanleek zituzten eskubide berberak izan zitzatela aldarrikatzera. Eskubideak onartu zizkieten, bai, baina arazoaren larritasuna sakonagoa zela agerian geratu zen 15 egun geroago Birmingham hiriko eliza batean lehergailu batek eztanda egin zuenean, lau haur afroamerikar erailaz. Eskubideak lortuta ere, gizartearen zati batengan arrazakeria sentimenduak ondo errotuta jarraitzen zuen. Hau agerikoa zen iparraldeko estatuetan, non afroamerikarrek beraien eskubide zibilak onartuak zituzten baina, beltz ghettoetan, eskubide gabezia baino gehiago, arrazakeria, gosea eta langabezia murtxikatzen ziren.

This is an invitation across the nation. A chance for the folks to meet. There'll be laughin' and singin' and music swingin' and dancing in the streets. Aipatutako uda luze eta beroak, Martha & the Vandellas-en abestiak lagunduta, hurrengo urteetan izan zuen oihartzuna. 1965ean Los Angeles hiriko Watts auzoan eztanda egin zuen matxinadak. 1966 eta 1967. urteetan Atlanta, San Francisco, Oakland, Baltimore, Seattle, Cleveland, Cincinnati, Columbus, Newark, Chicago, New York eta Detroitera hedatu ziren istiluak. Azken honetan, zuriak eta beltzak batera ibili ziren dantzan, eskutik helduta poliziari aurre eginez. Hiria guda egoeran jarri zuten eta teilatuetan jendea zelatari zegoen, hurbiltzen ziren polizia zuriei tiro egiteko prest.

1970eko eta 1980eko hamarkadak gogorrak izan ziren komunitate beltzarentzat, inoiz samurrik egon bada. Beltz aktibisten aurkako guda zikina, heroina, crack-a, ihesa etab. langabezia eta gose arazoei gehitu zitzaizkien, ghettoak mamuz eta hilotzez betez. Hurrengo hamarkadaren hasieran, 1991n, Rodney King gazteari Los Angeleseko lau polizia zurik eraso zioten. Berriro ere white gizartea gutxiengoen aurka joz. Kolpeak eta irainak grabatuak izan baziren ere, 1992an lau polizia zuriak absolbituak izan ziren, Los Angeleseko matxinadari hasiera emanaz, non matxinatuen eta poliziaren arteko talkan 53 pertsona hil ziren. Matxinada apiril eta maiatz bitartean gertatu bazen ere, udaren sargoria nabari zitekeen Los Angeleseko kaleetan, lekukoen esanetan Dancing in the Street-en erritmoa txistukatuta entzuten zen barrikaden artean.

2014an, lehen uda luze eta beroaren 50. urteurrenean, ez dakigu tragedia edo fartsa bezala, baina historia errepikatu egin da. Komunitate afroamerikarrak beste muga bat gainditu duela ematen duenean, gizarte zuriaren sektore baten erraietan iltzatuta dagoen arrazakeria sentimendua azaleratu egiten da. Berriro ere, polizia zuri batek desarmatuta zegoen gazte bat tirokatu egin du. Berriro ere matxinatu egin dira afroamerikarrak eraso honi aurre egiteko. Berriro ere istiluak jabetu dira kaleez. Berriro ere Dancing in the Street abestiaren enbatek gogor jo dute uda luze eta bero hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.