Nekane San Miguel.

Defuntuen bidea

2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Inoiz zinpekoen epai-mahaikide izatea egokitu zaionak badaki bere eginkizuna egiten hasi aurretik zina hartuko zaiola: Zintzo beteko duela zeregina; zuzen aztertuko duela akusatuaren aurka aurkeztutako akusazioa; gainontzeko epai-mahaikideekin emango diren eztabaiden sekretua gordeko duela, eta (azpimarratuz) gorrotorik eta atxikimendurik gabe balioetsiko dituela aurkeztuko zaizkion frogak, inpartzialtasunez ebazteko egotzitako delituen erruduna den ala ez akusatua. Hala dio zinpekoen instituzioa arautzen duen legeak, epaitua izango denak epaiketa zuzen bat burutzeko eskubidea bermatze aldera (Erromako Hitzarmenaren 6. Artikuluan edo Españako Konstituzioaren 24.ean, besteak beste). Epai-mahaikideek epaiketa bakoitzean eman beharreko zin hori profesioz epaile direnek emana dute behin betiko.

Epaitua izango denarekiko epaituko duenaren besterentasuna (inorentasuna); epaituko dituen egitateekiko loturarik eza; epaitua izango denarenganako aurre-iritzirik ez izatea dira, besteak beste, berdintasuna eta oinarrizko eskubideak bermatu ahal izateko araututako zutabeetakoak, itxuratik antzemateko modukoak gutxienez. Beste kontu bat da epailearen barnea zerk mugitzen duen, sarritan ikusi eta irakurtzen diren ebazpenek «besterentasun» horrek beharko lukeen sendotasuna ote duen ezbaian jartzera eramaten baitute jendea. Susmook ez dira baina gaurkoak, antzinako testuek eta makina bat pentsalari eta juristaren gogoeta mardulek azalarazi dizkigute: erabaki publikoak hartuko dituen pertsona edo instituzioen partekatutako leialtasuna eta inpartzialtasuna bermatzea beharrezkoa izanik, kezka-iturri izan baitira aldi berean, azalak ez baitu erakusten mamia sarritan.

Genero ikuspegiarekin epaitzearen ardatza ere «barne-begirada» eta zalantzarekin abiatu behar dugu: zuzenbidearen neutraltasuna desmuntatzeaz hasi behar da, ikuspegi partzial eta subjektiboa erabiliz, legeek eta prozesu-arauek zuzenbidearen formulazio androzentriko bati erantzuten dieten (ala ez) agerira ekartze aldera. Kasuan kasuko frogen edukia aztertzerakoan eta balioa (edo balio eza) ematerakoan zein motatako aurre-iritziek jokatu duten gure buruan ezinbesteko ariketa izan behar ere, desberdintasun oro gainditu nahi bada.

Guzti horretaz ari nintzen hitzaldi baten, eta entzuleen artean epaile batzuk. Hurrengo egunean mintzaldian egon ez zen lagun bat hurbildu zitzaidan berbaldian zertaz aritu nintzen galdezka, gure kide bat erabat sumindu eta haserretu nuela eta. Haserrealdiaren «jabearen» izena esan zidanean barre egin nuen: bere burua Jainkotzat duenak ez baitu zalantzarik, txikiena ere ez, eta «jainkotxo» hori gogora etorri zait duela aste gutxi Concepción Saezi egindako elkarrizketa irakurri dudanean (Saez Andrea Aginte Judizialaren Kontseilu Nagusiko kide ohiak duela gutxi dimisioa eman du jardunean urteak daraman organo horretatik). Gordin aritu da Saez, esandako gehiena ezaguna izan arren. Aginte Judizialaren egoeraren ikuspegia ematerakoan, eskumaren gehiengoak goi mailako tribunal guztietan lotsaren izpirik gabe bere muturreko ideologia nabarmen erakutsi dutenekin bete izanak, etorkizun luzea baldintzatuko duela dio, eta jokaera horren eragile eta egilearen datuak zehazten ditu, jakina den estrategia bati erantzuten diola azaleratuz. Nire diskurtsoarekin asaldatu zena ere «goi maila» horretara ailegatu da eskumako haize bortitz hauen bultzadaz, noski. Eta inpartzialtasunaren zutabea erakusteko formak ere galdu dituenari, barne gogoeta eskatzea alperreko lana.

Ezaguna da François Sureauk idatzitako Le chemin des morts, 2012ko udaberrian Baionan burutu zuen liburua. Frantzian Errefuxiatuei buruzko erabakiak ematen zituen Apelazio-Batzordeko epaile izan zen 1980 urtearen inguruan. Euskal-herritar baten istorioa aitzakia harturik, Epailearen zalantzez, erruaz, egiaz, epaitua izango duenaren bizitzaz..., ari da liburuan: Burokrazia eta inpartzialtasuna nahasten denean gertatzen denaz; noraino lokazten duten «lorpenek eta helburu politikoek» sententzia bat,ez baitu ahaztu aurreiritzirik gabeko ikertzaile baten zain egonik egia, legea interpretagarria dela beti, eta edozein dela ebazpenaren zentzua, argudio sendoz hornitu daitekeela. Asmatuko ote duenaren zalantza. Berrogei orri besterik ez du liburuak, eta laburrak eskatzen duen zehaztasunak are ederrago egiten du gogoeta.

Gaztelerarako itzulpena 2015ean argitaratu zen hemen, eta Frantzian ez bezala, istorioan erreparatuz, liburu osoa iruzurra zela zioenik izan zen: pasadizoan deskribatzen zen gizona ez zela inoiz izan, ezta gertaera bera ere, eta liburuxkari izenburua ematen dion ohitura aspaldi galdua zela ohartaraziz, defuntuen bideek osatzen duten sarea asmakizun hutsa omen kritikari espainolarentzat. Ez dakit Sureauk hartutako «aitzakia» beste bat (edo beste alde batekoa) izan balitz, gogoangarri egingo zitzaien liburuaren muina dastatu nahi izan ez zuten kritikari inpartzialei. Niri gogora ekarri dit duela aste gutxi «defuntu baten bidea egin» izanak: Hildako gizona baserritik elizara etxeko anderoek eraman, eta meza ondoren elizatik pareko kanposantura, autorik gabe, tanatoriorik gabe, «bide naturalean» eramana. Ohitura urria izanik ere, oraindik badirau.

Liburuko istorioko pertsonaiak «egina» zuen defuntu bidea ezagutu nahian Zestoara etorri zela dio Sureauk liburuaren bukaeran, baita kontakizunean erail zutenaren baserritik hilobira bidea egiten saiatu, baina bide zuzena egin zuen jakin gabe geratu dela adieraziz amaitzen du gogoeta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.