Dena aldi berean ezin da irentsi

2017ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Urkullu lehendakariak Kataluniako eta Euskal Herriko auzi nazionala konpontzeko proposatu du printzipio legalitateari dagokion printzipio demokratikoa aintzat hartzea. Baina lehendakariak ez du azaltzen zer gertatzen den legalitate printzipioak, Estatuaren legeak alegia, eragozten duenean printzipio demokratikoaren garapena Katalunian eta Euskal Herrian. PP, PSOE eta C's-en arabera legalitate printzipioa besterik ez dago, eta honek subjektu politiko bakarra aitortzen du, Espainia.

Rajoyk prozesu katalana galarazi nahi du; hau da nazionalismo espainiarrak 1978an egin zuen itun konstituzionalari jo zaion erronkarik gogorrena. Eta mehatxu egin du: «Nire esku dagoen guztia baliatuko dut legeak betearazteko».

Estatuak Kataluniari eta EAEri antzeko tratua eman digu subjektu politiko izatea galdegin dugunean. Kataluniak Estatut-a egin zuen, eta EAEk, berriz, Estatutu Politikoa. Kataluniak, Kongresuak eta Auzitegi Konstituzionalak egindako mozketen ondoren, ondorio bat atera zuen: PPrekin eta PSOErekin ez zegoen aurrera egiteko modurik. Alfonso Guerrak argi asko esan zuen orduan: «Estatut-a kimatu egin dugu». Gizarte katalanak erantzun egin zuen, antolatu eta mobilizazioari ekin zion, alderdi katalanei galdeginez burujabetza aldarrikapenari bide demokratiko instituzionala para ziezaiotela. Zapateroren aldia zen, eta Estatuak ezezkoa esan zion denari; konfrontazio demokratikoa beste biderik ez zuen utzi. Oraintxe prozesua gori-gori dago. Katalanei gure erabateko babesa eskaini nahi diegu.

EAEren kasuan Kongresuak Estatutu Politikoa tramiterako onartu ere ez zuen egin; baina EAJren zuzendaritzak, hitzeman zuen bezala kontsultara deitu ordez, bere posizioa aldatu zuen. Zilegi da… baina aitortu beharra dago posizio aldaketa gertatu zela; erreferentzia politiko hura ganbaran gorde zuen. EAJk erabaki zuen ez ziola antzeko beste prozesu bati ekingo aurrez estatuko indar politikoekin hitzartu gabe; izan ere, euren esanetan «aldebakarreko bideek gizartea zatikatzen» baitute. PPk eta PSOEk ukatu egin zioten zilegitasuna Ibarretxek aurkeztutako estatutu hari; orduan esan zuten eurak alde batera utzita egin zela. Ez zen egia; euren botorik gabe atera zen aurrera, baina ez eurak baztertuta. Ordutik hamarraldi luzea igaro da, eta Urkullu lehendakariak berak esaten du ez duela prozesurik hasiko «eurak gabe» (PPz eta PSOEz ari da). Posizio politikoa horrela aldatuta, gure ustez ez dago ez prozesu subiranistarik, ezta taxuzko autogobernurik ere. Beste zerbait pairatzen dugu: inboluzio politiko eta soziala.

PPren eta PSOEren jarrera ezagutuagatik, lehendakariak izatez beto ahalmena ematen die. EAJk eta Eusko Jaurlaritzak gaur egun Estatuarekiko aldebikotasunaren erreferentziari eusten diote, halakorik ez dagoela jakinik. Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak berak duela hilabete gutxi esan du autonomia erkidegoak estamentu administratibo huts ari direla bihurtzen, Estatuko botere zentralek erabakitako politikak betearazteko.

Beraz, zer ari dira egiten? Denbora igaro dadila itxaron eta gatazka politikoa lozorroan uzten. Legealdiak joan, legealdiak etorri, legebiltzarrean autogobernuari buruzko batzordeak sortzen dira, ekinbide politikoa bere esku dagoelako itxurak egiteko, eta areago, aliantza estrukturalak egiten dituzte, autogobernuaren defentsarekin zerikusirik ez dutenak. Azkenak, PPk erabakitako politika antisozial «patriotikoak» ezartzeko. Izan ere, PPren ustez bere politikak «patriotikoak» dira, estatua «uniformatzen» dutelako. EAJ eta PPren arteko akordioen mamia doikuntza politikak dira, eta hauek ezartzeko batak bestearen beharra dute Madrilen eta Gasteizen.

Egoera politikoaren arabera EAJren eta PPren arteko akordioak une jakin batean sinatu dira, noiz eta espainiar eskuina prozesu demokratiko katalana galaraztera doanean, behar izanez gero bere aitzindariak espetxeratuaz. Une honetantxe ari da EAJ PPren bizkarra zaintzen, hots, Europako alderdirik ustelenetako bat, zuzenbide estatua hondamendira eramaten ari den alderdia; ez dugu gainbehera honen amaiera ikusi: hor ditugu Altsasuko atxilotuentzako zigor-eskariak.

EAJk eta bere gobernuak aldez eta moldez prozesu katalanetik aldentzea erabaki zuten. Aldez, burujabetza ez delako beren helburua, eta moldez, lehendakariak agerian utzi zuelako eraikuntza nazionaleko prozesuan parte hartze soziala ez duela inola ere aintzat hartu nahi. Duela gutxi esan zuen: «larritzen nau inolako ardurarik ez duten herri-mugimenduek baldintzatzea alderdiek kontu eman behar dioten gizarteari agindutako egitasmoak». Ikuskera horretan herritarren eginkizun bakarra da eliteen arteko akordioak berrestea. Kontrara, subiranismo politiko katalanak ANC eta Omnium Cultural-i oso bestelako maila aitortu die.

Lehendakariaren proiektu neoestatutistarekin uztartuta doaz politika neoliberalak, eta neoliberalismoarekin burujabetzarenak egin du. PPrekin bat datoz gai guztietan: gastu-muga, defizita, zorraren ordaina lehenestea, zerga-politika, aurrekontuak, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta moztea, Kutxabanken pribatizazioa, AHT... Dena adosten dute Madrilen nahiz Gasteizen. Botoak batzen dituzte beharrezkoak direnean, eta premiarik ez dagoenean desadostasuna antzezten dute. Areago, komeni denean ere amnesia pairatzen dute: ahaztu egiten zaie, esaterako, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa, zeinak euskal langileak pobretzen dituen,EAJren abstentzioari esker atera zela aurrera. ELAk gauza bat argi esan nahi du: ez dago euskal autogobernurik negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe, Lan Harreman eta Gizarte Babeseko Euskal Esparrurik gabe.

Erabaki politiko hauek guztiok gure jendea pobretzen dute. Horregatik haserretzen dira politika hauen arduradunak salatzen ditugunean. Ez dute nahi ELAk aldaketa politikorik azaltzea, proposatzea eta galdegitea. Baina gu politikaz mintzatuko gara, noski. Ergelkeria litzateke sindikatuak bere ekintza azaleko kontuetara mugatzea botere ekonomikoarentzat lanean ari direnak saiatzen diren bitartean gure eskubideak «politikoki» suntsitzen eta sindikalismoa indargabetzen. ELA ez dago isiltzeko prest.

Autogobernuaren aldeko jarrera; Espainiarekin aldebikotasuna aldarrikatzea; PPri neozentralismoa leporatzea; PPren doikuntza politika «patriotikoak» babestea; erabakitzeko euskal erremuaren etsairik gogorrenekin elkar hartzea; patronalaren gizarte-ikuskera goitik behera onartzea... Dena aldi berean ezin da irentsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.