Denontzako zuzenbide estatua

Jon Gurutz Olaskoaga<br /><br />EHUko irakaslea
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Duela justu hiru urte, 2008ko urtarrilean, euskal herritarron zati handi bat errepresio zurrunbilo baten lekuko izan ginen; beharbada, frankismoaren garai ez hain urrunekoaz geroztik inoiz izan ez bezalakoa. Lehenik, hainbat alderdi legez kanpokotzat jo zituzten, eta gutako herrikide asko politika jardunetik kanpo utzi gintuzten, etorkizunean sarbidea erraztearren PSE-PP arteko gobernu bati; hala gertatu da gero. Aurrez, itxi egin zituzten bi egunkari —Egin eta Egunkaria—, eta 18/98 makrosumarioari ekin zioten Auzitegi Nazionalean. Hurrengo, Batasuneko buruzagi andana kartzelatu zuten, dena da ETA leloaren babespean. Sumario hartako 500 urtetik gorako kartzela zigorraren eraginpetik irten ez ginela, Portu eta Sarasola etakideak atxilotu zituzten, eta tortura zantzu ezinago nabarmenak gertatu ziren.

Orduko Jaurlaritzaren erreakzioa, berriz —Ibarretxe lehendakaria baitzuen buru—: atxiloketen inguruabarrei buruzko bertsio ofiziala zalantzan jartzea eta ikerketa bat eginaraztea. Gaur, hiru urteren buruan, zigortzeko epaia ezarri diete hainbat guardia zibili; beraz, komeni da PPko eta PSOEko hainbat buruzagi nabarmenek garai hartan adierazitakoak gogora ekartzea, haserre agertu baitziren egintza haiek argi zitzatela eskatze hutsarekin. Bono: «Hilak ez daitezela gutarrak izan». Txibite (PSN): «Moral bikoitz lotsagarria da terroristen giza eskubideak aldarrikatzea baina guardia zibilenak ukatzea». Sanz (UPN): «Capbretonen ez zuten saihetsik apurtu, garondoan tiro egin baizik». Carmelo Barrio (PP): «Ez dago azalpenik eskatu beharrik». Paulino Luesma (PSOE): «Deitoragarriak eta iraingarriak dira Eusko Jaurlaritzako orduko bozeramailearen adierazpenak [Miren Azkaratek egindakoak]». Bada okerragorik ere. Beste perla bi: bata, gaur egungo Barne kontseilariarena; bestea, norena eta gaur egungo lehendakariarena. Rodolfo Ares: «Jaurlaritzako kideek barkamena eskatu behar dute arduragabe eta bidegabe jokatu zutelako, lotsaizun politikoa baita atxiloketak gertatu ziren modua zalantzan jartzea». Patxi Lopez: «Gobernu autonomikoak txirtxilatu egin du errugabetasun presuntzioa, ETAri bide emanda, zuzenbide estatuari eman beharrean».

Litekeena da galdetzea zigortzeko epaia ezarri eta gero gaur egungo lehendakari Patxi Lopezek barkamenik eskatuko ote duen orduan adierazitakoengatik. Eta zer esanik ez Rodolfo Ares jaun ilun horrek, beti prest agertu ohi baita Zuzenbide Estatuko urraketak salatzen dituztenei min egiteko; NBEren Giza Eskubideetarako kontalaria bera ere zuzendu izan du horixe salatzeagatik, alegia, Espainian tortura erabiltzen dela.

Ez dut aipu gehiagorekin asperrarazi nahi irakurle onbera, baina pertsona horiexek adierazpen deitoragarri berberak egin zituzten Auzitegi Nazionalak Egunkaria itxi zuenean —salbuespenezko epaitegi bat izaki, desagertu egin beharko du nahitaez—; eta gero, absoluzio epai bat izanagatik, ez dira inolaz ere damutu. Ez aipatzearren ulerbera eta, are, bozkarioz jokatzen dutela hainbat eta hainbat herritarri ezarritako atxilotze, espetxealdi prebentibo eta zigor kondena etengabeak direla eta —ETArekin zerikusirik ez izanagatik, «dena da ETAren» teoriaren barruan sartzen baitituzte—.

Horiek dira Zuzenbide Estatuaren defentsariak edo, bestela esanda, Zuzenbide Estatua «inolako begiramenik gabe» ezartzearen aldekoak, EHUko errektore izandako batek modu lotsagarrian adierazi zuenez. Horiek esaten dute ez duela ezer edo ia ezer aldatu ETAren azkeneko adierazpenak, eta, hala, herritar asko eta askoren itxaropena zapuzten dute. Horiek egingo dituzte ahalegin guztiak ezker abertzalea ez legeztatzeko, demokrazia eragozpenak argudiatuta —nahiz eta beste bat izan benetako arrazoia: beharbada, euskal erakundeetatik irten egin beharko luketela—. Azken batean, horixe da PP-PSOE binomioa, nor bere ñabardurekin baina elkar hartuta funtsezkoenean: herrialdearen espainoltasunaren defentsan.

Halako binomioari aurre egiteko, eta haiek adinako naturaltasunez, konplexuak baztertu eta funtsezkoenean elkar hartu beharra daukate euskal alderdiek, alegia, herrialdearen eta herritarren eskubideak aldezten. Betidanik eskatutako ETAren desegiteak —beharbada, gaur inoiz baino hurbilago baitago— eta euskal herritar guztien giza eskubide zibil eta politikoekiko errespetuak elkarrekin etorri behar dute; are gehiago: inoiz ez zuten bananduta egon behar. Horrek berekin dakar berehala legeztatzea ezker abertzalea; hala, demokrazia normaltasuna berrezarriko litzateke bozetan, eta, ezbairik gabe, euskaltasuna gailenduko litzateke autogobernuko erakundeetan. Hurrengo, bakea etorriko litzateke Euskadira, eta, orduan, herritarrek —beren eskubide guztien jabe izanda eta haietaz baliatuta— libreki erabaki ahalko lukete beren etorkizuna.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.