Dioxinak, metal astunak eta zabortegiak

Gorka Bueno, Xabier Mitxelena
2016ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Hainbat komunikabidetan Zabalgarbiko erraustegiaren eta Zubietan eraiki asmo duten erraustegiaren inguruan agerturiko hainbat adierazpenen harira, horien inguruan argitasun pixka bat jarri eta herritarren interesekoak diren zenbait galdera planteatzea derrigorra dela uste dugu.

J. J. Aurrekoetxea eta J. Ibarlucea Biodonostiako ikerlariek adierazi berri dute «instalakuntzak dioxina, partikula eta bestelako kutsagarrien etengabeko kontrol neurriak izango dituela» Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Errealitatea guztiz bestelakoa da, ordea. Ez da aurreikusten dioxinen neurketa jarraiturik egitea, ezta metal astun askoren neurketarik ere. Besteak beste, Zabalgarbin bertan ere ez dute halakorik egiten. Zabalgarbi eta Zubietako Ingurumen Zaintza Planak (IZP edo PVA) indarrean dagoen Isurketa Industrialen Araudiaren araberakoak dira, zeinak neurketak hiru hilean behin egitea soilik eskatzen duen (eta gehienez ere zortzi orduko neurketak). Adibidez, 2015ean Zabalgarbin dioxinen neurketak hiru hilean behin eta sei orduz egin zituzten. Beraz, ondoriozta liteke nola erraustegiak martxan dauden denboraren %0,3an bakarrik neurtzen diren dioxina eta furanoak; eta, ziur aski, gai horien %60 ekoizten den bizkorraldietan zehar sekula ere ez. Izan ere, lagin horien azterketa jarraitua hain da konplexua, ezen gaur egungo teknologiarekin ezinezkoa den monitorizazio jarraitu hori. [...] Zabalgarbiren kasuan, adibidez, laginak modu jarraituan neurtuz gero ere, lagin horien azterketak aste batzuk behar ditu. Norberak baloratu dezala nola litzatekeen posible zailtasun tekniko horiek ikusita «dioxinen arrisku-maila gaindituz gero erraustegia ordu erdian geratzea».

Bestalde, bada bromaturiko dioxinak deritzen beste toxiko familia handi bat. Horiek, toxizitate ezaguna gorabehera, Zubietako errauskailuan neurtu ere ez lirateke egingo IZPren arabera. Ezta halogenaturiko dioxina konbinatuak ere. Horien guztien jatorrian dauden su moteltzaile bromatuak hainbat produktu elektronikori, plastikori eta zurezko objektuei gehitzen zaizkie suarekiko erresistentzia handitze aldera. Ez da batere ezohikoa gai horiek erraustegietako labeetan amaitzea. [...]

Agerikoa den bezala, inongo arazorik gabe gerta liteke erraustegiaren isuriek arauturiko dioxina eta metal astun mailak gainditzea, neurtuak edo detektatuak izan gabe. Erraustegi horietan sartzen den materiala ikusita, ez litzateke harritzekoa izango bertan halako substantziak ekoiztea. Zabalgarbiko IZPren barruan Gaiker enpresak egindako hondakinen karakterizazioaren arabera, 2015ean erraustutako 232.000 tonetatik %1 (2.000 tona baino gehiago) hiri hondakin toxiko edo arriskutsuak lirateke. Ulergarria den moduan, oso zaila da tximiniatik irtengo dena kontrolatzea kamioikadetan ekartzen dena kontrolaezina denean, gehientsuena hondakin nahasiak izaten baitira.

Biodonostiako ikerlariek kezka agertu dute zabortegiek «lur azpiko urak kutsatu ditzaketelako, kontsumo uretara helduz». Hain zuzen ere, horixe gertatu zen 2009an Zabalgarbin. Eusko Jaurlaritzak berak erraustegi horri espedientea zabaldu behar izan zion, ustez lur azpiko urak metal astunekin kutsatzearen arduradun izateagatik.

Erraustegiek zabortegiekin alderatuz metano isuriak gutxitzen dituztela entzun diogu Gipuzkoako Aldundiko foru diputatuari, Asensio Jaunari. Dena den, Europan duela zazpi urtetik indarrean den araudiak dio zabortegiek metanoa era eraginkorrean biltzeko sistemak izan behar dituztela; baita filtrazioak eragozteko inpermeabilizazio sistemak ere. Beraz, egun zabortegiek metano kantitate handiak isurtzen dituztela argumentu gisa darabilenak zeharka onartzen du Aldundiak ez duela indarrean den araudia betetzen; edo, bestela, ez duela araudia ezagutzen.

Pozgarria zaigu ikustea Ingurumeneko Foru Diputatua sentsibilizaturik dagoela berotegi efektuaren eta aldaketa klimatikoaren arduradun diren metano isuri horiekin. Horrexegatik gogorarazi nahi genioke erraustegian puntako teknologiarekin erretako tona bakoitzak atmosferara 0,7-1,7 tona CO2 isurtzen duela. CO2 horixe da berotegi efektuaren arduradun nagusia, bereziki jatorriz erregai fosiletatik datorren frakzioa (%33-%50 inguru). [...]

Hondakinen tratamendu efiziente eta iraunkorraren oinarrian hondakinen gaikako bilketa zorrotzak egon behar du; bereziki, hondakin organikoenak. Oinarri horrek ahalbidetzen baitu gaika bildutako gaien eta frakzio ezberdinen balorizazioa, eta, ondorioz, errausketa eta tximiniako toxikoen isurketa eragozten du, hondakinen kopurua eta kutsadura gutxitzeaz gain.

Aipagarria da Debagoiena eskualdean (62.720 biztanle) lorturiko gaikako bilketa tasa, %80tik gorakoa. Zergatik ez dago bertako kudeaketa eredua beste eskualdeetara zabaltzeko borondaterik? Ez ote da izango eredua zabalduz gero erraustegiak (eta dakarren toxikoen produkzioak) justifikazio oro galduko lukeelako? Nola da posible erreko dituen 200.000 hondakin tonetatik 130.000 tona konbustio gas gisa atmosferan zabalduko dituen azpiegitura instalakuntza «abegikorra» —Foru Diputatuaren hitzen arabera- dela esatea? Nola izan liteke abegikorra urtero 51.000 tona zepa ekoitzi eta horiek zabortegietara bideratzea? Zubietako balizko erraustegian neurtuko al lirateke zepa horien mutagenizitatea eta beste toxikotasun markadoreak, egun Zabalgarbiko zepetan dagoen dioxina eta furano kontzentrazioa ezagutzen ez badugu ere? Zein zabortegitara eramango dituzte definizioz hondakin arriskutsuak diren 10.000 errauts tonak?

Ez genuke bukatu nahi Albert Einsteinen esaldi bat aipatu gabe, izugarri ongi laburtzen baitu gai honen mamia: pertsona argi batek arazoak konpontzen ditu, pertsona jakintsu batek, berriz, saihestu egiten ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.