Diskriminazioa kirolean?

Bea Azpiri
2016ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Desberdinkeria. Errekonozimendurik. Bereizkeria. Bazterketa. Hitz horiek guztiak hedabideetan entzun eta irakurtzeko parada izan dugu azken egunotan. Baietz, gabarra atera behar dela; ezetz, ez dela atera behar.

Baloiak kanpora botatzen paregabea izan da Athleticeko presidentea. Hedabide guztiek jaso dutenean jendearen haserrea gabarra ez ateratzearren, berak ere bere haserrea adierazi du: Ā«Emakumeen kirolari egiten dioten jarraipena ezin da alderatu antolatu beharko genukeen ospakizunarekinĀ», esan du Urrutiak. Hau da, ospakizun tipoa ez da jokalarien merezimenduen araberakoa, hedabideetan egiten zaien jarraipenaren araberakoa baino. Berak ez dauka errurik, beraz. Hala ere, oraingoan, lehen orrialde guztiak hartu dituzte Athletic-eko neskek, eta ETBko albistegiak ere eurek zabaldu zituzten. Salbuespen moduan bada ere, hedabideak mailan egon direla esango genuke; Josu Urrutia, ostera, ez.

Zaleek ez dituzte futbol zelaiak betetzen neskek jokatzen dutenean, baina, oraingoan, 30.000 jarraitzailek gabarra ateratzeko eskatu dute, eta milaka lagunek ospatu zuten Athleticek lortutako titulua. Urrutiak ez ditu aintzat hartu eskakizun horiek. Jarraitzaileek, generoa alde batera utzita, Athleticek Liga irabazten duenean egiten den ospakizuna egiteko eskatu dute. Hori ezinezkoa zen, Josu Urrutiarentzat. Harentzat, Alice Schwarzer-entzat bezala, ondorio handiko desberdintasun txiki bat dagoelako tartean: jokalarien sexua.

Josu Urrutiak baloiak kanpora bota eta aitzakia merkeak erabili ditu mutilen taldearen pribilegioak mantentzeko. Urduri zegoela ematen zuen, pentsamendu ilunak zituela buruan bueltaka. Honelako zer edo zer, seguru asko: neskek liga irabazten dutenean gabarra ateratzen badugu, zer izango da hurrengoa? Lansari berdinak pagatu behar izatea?

Kiroletan, emakumeen egoerarenharira, politikaz ere hitz egin behar izan dugu. Ondo ulertuta politika ez dela (ez behintzat, feministontzat) legebiltzarretan eta estatuko erakundeetan alderdi politikoek zertzen duten hori. Politika gizarte zibilean gauzatzen da, gizarte mugimenduetan. Mugimenduok, aurretik ezarritako kontsentsuak zalantzan ipini, arrazoiak eman, eta aurreko adostasun kolektiboak kolokan ipintzen dituzte, aurrerapen politikoa eta etikoa bermatuz. Denborak aurrera egin ahala, ideia berriak kontsentsu kolektiboaren parte bihurtzen dira. Are gehiago, askotan arautegietan eta legeetan islatzen dira; eta azkenean, hor daude. Nork esango zuen, orain dela hogeita hamar urte, neskek futbolean jokatuko zutela? Atrebentzia barkatuko diguzue: feministok bakarrik. Geuk, bai, burutik eginda gauden berberok, erradikalegiak garenok. Baina, orain, zorionez, eztabaidan dagoena ez da ea egokia den emakume batentzat futbolaria izatea. Hori gure gizartearen kontsentsuen barruan dago. Feminismoari esker.

Oraingo honetan, jende askok ikusi du emakumezkoen lorpenek gizonezkoenek baino ahalegin dezente handiagoak eskatzen dituztela. Traba gehiago gainditu behar dituztela. Emakumeen arrakastek ez dute lekurik hedabideetan (gogoratu Athleticeko emakumeak aurten bihurtu direla notizia, bosgarren liga irabazi ondoren. Bosgarrena! Ez aipatzearren orain egun batzuk gertaturikoa prentsaurrekoarekin). Emakume eta neskei errekonozimendua beranduago ailegatzen zaie, eta, ailegatzen zaienean, ez da berdina izaten. Ez bakarrik errekonozimendu sinbolikoa; errekonozimendu materialarekin berdin gertatzen da. Horren adibide, emakume eta gizonen arteko soldata arrakala, batez beste %25-30 ingurukoa dena. Eta susmatzen dugu futbolean askoz ere handiagoa izan daitekeela arrakala hori.

Kiroletan, emakumeen egoera ez da bakarrik kiroletako afera. Izan ere, desberdinkeriak, errekonozimendurik ezak, bereizkeriak eta bazterketak ez dute loturarik kirola praktikatzearekin. Ez bakarrik, behintzat. Emakumezkoek jasaten duten menpekotasunarekin baizik. Eta hori zerbait politikoa da, ez kiroletakoa. Gauza bera esan daiteke emakumezkoen egoeraz zientzia arloan, berbarako. Ez da kontu zientifikoa, kontu politikoa da. Edo musikagintzan. Edo literaturan. Filosofian. Artean. Jarraitu behar al da?

Zorionak, Athleticeko txapeldunei. Emakume kirolari guztiei. Musikagileei. Idazleei. Filosofoei. Zientzialariei. Eta, zorionak, emakume borrokalari guztiei, honaino ekarri gaituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.