Doinu-aldaketak

Nekane San Miguel
2023ko azaroaren 26a
05:00
Entzun

Azken urteetan sarritan datorkit gogora joan zen mendeko hirurogeita hamarreko hamarkada hasieran sarri entzun nuen kantua. Melani Safka estatubatuarraren hitzek «Ils ont changé ma chanson» izen-burua zuten. Europa aldean Dalila kantari frantsesak eman zion ospea kanta horri. Kantuan zehar, kexa: Idatzi dudana gustukoa nuen, nire bizitza zen baina eurek ez dute ezer ulertu; doinua ere aldatu didate; itzuli egin dituzte hitzak baina traizioz, amatxo. Aldatuko dute kantua baina nire bihotzean nireak dirau. Lasai, ama, ni ez naiz aldatu.

Berdintasuna eta parekotasuna kantatzean, balore aldaketen ezinbestekoez azpimarratzen genituen gure gazte garaiko doinuak. Ez genituela guretzat nahi gizonen mundu honetan lehenesten ziren doe eta gaitasun, baina musika hori ezabatzea lortu dute, gure egitera behartuta arbuiatzen genituen haiek.

Banakako mendekua ekidin beharrez ere eratu zela sistema penala irakatsi ziguten diktadurapean ikasi arren. Delitua jasan duena ez zela objektu, subjektu behar zuela, baina orduan jarri nahi genion doinua eta gaur kantatzen dena oro diferente. Hainbat biktima borrero bilakatu dira, zigor-prozesuan zigor gogorren eske, Fiskalen ondoan. Mila aldiz esan dugu delitugileari ezarri beharreko zigorra frogatua geratu den ekintzaren neurrira izan behar duela, baina gaur egungo musikak biktimari eragindako minaren neurrira behar duela zigorra dio. Zer gertatu den eta zein baldintzatan egin den ustezko delitua jakiteko baino, sufrimenduaren eskaparate bilakatu zaigu epaiketa. Oraindaino ekintzaren frogatzat hartzen ez genituen hamaika eginbide ekartzen dira eszenatoki horretara, zenbateko min larria eragin zaion (ustezko) biktimari erakusteko. Egitateak epaitu beharrean pertsonen izaera aztertuz, proportzio ideia bera hankaz gora joan da. Hori bai, pertsona guztiek ez dute sufrimendurako eskubide bera, ez eta berdina ere. Galdetu Agnes Wanjiruren alaba, ahizpa eta ilobei (ezin minik adierazi ere). Neoliberalismopeko hedabideek jendearen emozioen manipulazioari buruzko azterketa azalarazten duen La stratégie de l´emotion (Anne-Cécile Robert - Lux Éditeur - 2018) liburuxka gomendagarri gai honen inguruan.

Orain «Ez ezetz da» ez dela doinu egokia diote, adostasunik-eza adierazteko. «Soilik bai da bai» bategatik aldatu digute, hain difuminatua den desioa eta hain konplexua izan daitekeen baimena (consentimiento? Adostasun? Onarpen? Onespen?) zigor kodearen esparrura sartu eta gaia erabat korapilatuz. Feminismoaren baitan (1978an hasita, gutxienez) bizi-bizi izan den eta oraindik den eztabaidako planteamenduetariko bat (besteak gailenduz) legez arautzea bai dela delitu. Ez da egia orain jarri dela erdigunean adostasuna. Aspalditik da delitu adostasunik gabeko sexua. Harremana izateko borondate eza nola menperatzen duen erasotzaileak, hor dago gakoetariko bat, baina oraingoan badirudi, zigor kodeko kontrola haratago jarri dela: ez da soilik baimena, ez eta borondatea. Baimentzen duguna deseatu eta deseatzen duguna baimentzeaz gain, garbi eta gogotsu adierazteko obligazioa jarri zaigu, parean duzun horrek zalantzarik gabe uler dezan. Katherine Angelek (El buen sexo mañana gaztelaniaz Alpha Decay-n argitaratua) gogoratzen digun moduan, «Bai da bai» horrek emakumearengan jarriko du sexu-onaren zama eta asea; eta hainbat feminista ospetsuk gogorarazten digute lehenago edo beranduago emakumeon aurka etor daitezkeela halako formulazioak. Urrutira joan gabe, ez da zaila asmatzen guzti honi buruzko epaiketa batean zein izan daiteken epaitua. Legeek zehatzak behar dute, eta seguritate juridikoaren esparruan, ulergarriak. Ezin hori esan 10/2022 lege organikoa adostasunaz (edo baimena, edo onarpena, edo amore eman..., zer ote?) ari denean (178 artikuluan, modu eta leku ez egokian) eta ez soilik emakumeok zein nolako paperean kokatzen gaituen ikusita, akusatuaren errugabetasun presuntzio-eskubidea zapuzteko bidean jartzen duelako ere.

Hamaika aldaketaren adibide emanez jarrai dezaket, urtetan aurrera joateak duen eragina ez balitzait etorriko burura, gure aurrekoek dena nola aldatu zen eta zein jasangaitza egiten zitzaien ziotenean pareko.

Julio Numhauser poeta txiletarrak, 1982an Dena aldatzen da, Ines Osinaga eta Miren Amurizak euskarara ekarritako poeman zioena etorriko zaio hainbati gogora; edo Héctor Chavero Aranburuk (Atahualpa Yupanqui izenarekin munduan ibilia) kantatutakoa bere gitarrari galdetuz, munduari itaunduz gero, engainatuko zuelako. Ez dut dudarik egiten aldaketak alde askotatik begiratzeko moduak badirela, baina ziur nago gure adinekoei Lluis Llachen No es aixó companys kantuko hitzak zuzenago etorriko zaizkiela gogora: Ez zen honegatik hainbat lore zapuztu, ezta hainbat irrikaz negar egin. Ez zen hau. Kantariak ez zuen bake-hitzik garroteekin nahi, ezin jasan gure eskubideekin egiten den komertzioa. Gure eskubideak berezkoak dira, ezin dira ez eraiki ez zapuztu lege-irudia hartzen duten barrote eta mugekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.