Erlijioa eskoletan irakastearen kontrako jarrera adierazteko artikulu bat idatzi zuen Arantza Lekuonak BERRIAn 2025eko otsailaren 2an. Egiten dituen baieztapen batzuk zentzuzkoak iruditu eta haiekin ados egon naitekeen arren, ezkertiar batzuen erlijioaren kontrako aurreiritziak argi eta garbi azaltzen dira Lekuonaren planteamenduetan, eta hori, nire ustez, ez da batere lagungarri gaia haren osotasunean ulertzeko eta norberak, erlijioari buruzko bere jarreratik abiatuta, arazoa irizpide zuzen batzuen arabera baloratu ahal izateko.
Artikuluan bi arazo nahasten direla esango nuke: erlijioko irakaskuntzaren antolaketa gaurko hezkuntza-sisteman eta erlijioa irakasteak umeen doktrinamendua dakarrela pentsatzea. Bi gaiak guztiz desberdinak dira eta, horregatik, bereizten saiatuko naiz, erlijioari buruz guztiz zilegi diren jarrerak (kristau-sinesmena, ateismoa, agnostizismoa, indiferentzia erlijiosoa… ) alde batera utzita, gaia lantzean zertaz ari garen ondo jakin dezagun. Erlijioa irakasteak eskoletan sortzen dituen arazo batzuk planteatzen ditu egileak: ikasle batzuek erlijioa aukeratzeagatik okerrago prestatuak izan ez daitezen, gainontzeko ikasleek gai paralelo bat landu behar izatea, horrek gaitegi arrunta lantzeko eragin dezakeen atzerapenarekin; erlijioko irakasleei gotzainak onespena eman behar izatea; behar adina ordurik ez dutenean, Erlijioko irakasleek beste gai batzuk ematea, ordutegia betetzeko… Oro har, bat nator Arantza Lekuonak azaltzen dituen argudio horiekin, Erlijioko irakasleei gotzainak onespena eman behar izatea bereziki kritikagarria iruditzen zait, gaurko Eliza Ofizialean, ez beti, gertatu den inboluzioa kontuan hartuta. Edonola ere, ez naiz gai honetan luzatuko, ez baitut gaurko irakaskuntzaren egoera ondo ezagutzen eta, Lekuonak baieztapen horiek egiten baditu, argudio sendoak izango dituela iruditzen zait.
Zer gertatzen da, ordea, gaia haren osotasunean landu nahi badugu? Aurreko atalean aipatutako puntuak, haiekin ados nagoen arren, gaurko hezkuntza-sistemaren antolaketari lotutako arazoak dira eta ez dute, nire ustez, Erlijioa irakasteak ezinbestez doktrinamendua dakarrenik inolaz ere esan nahi, eta hemen hasten dira Arantza Lekuonarekin ditudan desadostasunak. «Guk ez dugu umeen doktrinamendua ordaindu nahi», esaten digu artikuluaren pasarte batean. Eta nork esan du Erlijioa irakasteak ume eta gaztetxoei buruan doktrina bat sartzea esan nahi duela? Ezkertiar batzuen aurreiritzietan oinarritutako planteamendua dugu hori eta, gainera, sinplekeria ideologiko handikoa dela esango nuke. Jakina, Vatikanoko Bigarren Kontzilioaren kontra dagoen apaiz edo irakasle atzerakoi batek irakasten badie gaztetxoei Erlijioa, portaera hori onartu ezinezko doktrinatzea izango dela argi dago; ez dut uste inork, ezta nik ere, hori zalantzan jarriko duenik. Baina Erlijioko irakaslea askapen-teologian sinesten duen edo fedeari buruzko ikuspegi aurrerakoia duen pertsona bat bada, ikasleei burua jango ez diela argi dago eta, seguru asko, haren eskolak guztiz askatzaileak izango dira eta askatasunaren eta zuzentasunaren aldeko baloreak defendituko ditu.
Lekuonak egiten duen beste baieztapen bat ere guztiz eztabaidagarria dela deritzot. Erlijioak ez duela etika irakasten, morala baizik esaten digu. Etika eta moralaren arteko bereizketan sartu gabe, gaian adituak direnek egin beharko baitute hori, Erlijioko klaseetan, behar bezala planteatzen badira, zuzentasunaren aldeko etika askatzaile bat defenditu daitekeela argi eta garbi ikusten dut. Irakasleak, agian, bere morala izango du gai batzuetan baina, ondo jokatzen badu, askatasunean oinarritutako mundu baten aldeko etika askatzailea irakatsiko die ikasleei, arazo etiko guztiak plantea baitaitezke Erlijioko klaseetan, irakasleak onartzen badu.
Bukatzeko, «Euskal Eskola Publikoa laikoa, orain!» esaten digu Arantza Lekuonak. Ados nago, baina laikotasuna ez dela Erlijioa irakastearen kontrako jarrera aldez aurretik izatea esan nahiko nuke.