Drogen kontsumo eredua

2014ko urriaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Duela egun gutxi Drogak EKTn izenburuarekin Beñat Sarasolak Berrian kaleratutako iritzi artikuluak bereziki kezkatu nau, bertan duela hiru bat aste Julio Sotok Navajas izeneko iritzi artikuluan esaten ez zituenak eta nik neuk duela urte pare bat egunkari honetan bertan argitaratutako Jaiak bai, drogak ere bai? artikuluan esaten ez nituenak azpimarratu egiten baititu drogaren gaiaren inguruko bere iritzia indartu eta justifikatzeko asmoz. Nahi duenak irakur ditzala hiru artikuluak eta ondorioak atera ditzala, idatzitakoa idatzita geratzen baita, onerako ala txarrerako.

Beñat Sarasolak zera esaten zuen bere artikuluan, «Julio Sotok Podemos alderdiko Juan Carlos Monedero-k Navajas txostenari buruz egindako adierazpen batzuen harira droga kontsumoa kriminalizatzen zuen ez aiko ez maiko». Eta aurrerago honela dio, «apur bat lehenago argitaratu zuen Joseba Alvarezek Jaiak bai, drogak ere bai? artikulua zenbait mediotan. Inork zalantzarik balu, artikuluan izenburuari ematen zion erantzuna 'ez' borobila zen». Baina horrela laburtu al liteke Julio Sotok edota nik neuk esandakoa, gure artikuluak irakurri ez dituen irakurlegoa manipulatu gabe? Nire artikuluan drogen kontsumo neurrigabe hartu nuen gai zentraltzat eta kontsumo horren aurrean erakusten dugun jokabidea da zalantzan jartzen nuena, ez drogen kontsumoa bera. Nahikoa ez balitz, nire hausnarketaren beste atal bat honela laburtzen du «drogen banaketa neurrigabea sexu-erasoekin konparatzen zuen», nire artikuluan bi gertakarien aurrean erakusten dugun edo ez dugun tolerantzia sozial eta politikoaz ari nintzenean, eta ez bi gaien alderaketaz.

Nik argi eta garbi adierazi nuen nire pentsaera Beñat Sarasolak aipatu zuen artikuluan: «Ez naiz sartuko betiko eztabaida antzuan, hala nola drogak bai ala ez, droga legalak ala ilegalak, bigunak ala gogorrak, sortzaileak ala alienanteak… Droga mendekotasunaz ari naiz, zein-nahi delarik droga mota. Zibilizazio bakoitzak bere drogak izan dituela gauza jakina da, baina esaten ez dena da zibilizazio horiek onartutako drogek, besteak beste, funtzio sozial jakin bat bete izan dutela, botere ekonomikoa, politikoa eta kulturalaren jabe izan direnen gizarte ereduaren alde jokatzea gehien gehienetan, kontsumitzaileak horretaz jabetzen ez diren arren». Ez al zen Galindoren lana botere ekonomiko, politiko eta kultural arrotz bat Euskal Herrian babestea, baita drogak erabiliz ere?

Horrexegatik adierazi nuen droga mendekotasunaren aurkako borroka Euskal Herrian eta munduan ezin dela neutroa izan. Droga mendekotasunaren aurkako borroka, askatasunaren eta zapalkuntzaren aurkako borrokaren atala baino ez baita, droga mendekotasunak gure eguneroko bizitzan duen eragin kaltegarria izugarria delako.

Beñat Sarasolak azaltzen duenez, «oso argi ez dudana da nolatan den iraultzaileagoa 'botereak' ezartzen duen droga legal eta ez legalen arteko banaketatik abiatuta droga ilegalak kriminalizatzea. Alkoholaz, tabakoaz, psikofarmakoez eta abarrez inork ez baitu hitz erdirik esaten halakoetan ez bada addenda gisa». Ez dut uste Julio Sotok eta, zer esanik, nik neuk horrelakorik defendatu dugunik. Bide beretik, Beñat Sarasolak zera baieztatzen du: «Errazagoa da, ordea, giharrak erakutsi eta nostalgiko izatea 'kaka saltzaileak bizkarra ondo berotuta' etxera bidaltzen ziren garai eredugarriak». Noiz eta non esan dugu horrelakorik?

Nire artikuluan esan nuen moduan, arazo nagusia ez datza, hein handi batean, nola edota zein droga mota kontsumitzen dugun jakitean, legala ala ilegala, baizik eta droga mendekotasun ororen aurrean dugun jarreran datza koxka, hau da, drogaren kontsumo neurrigabearen aurrean azaltzen dugun tolerantzia mailan. Izan ere, nire aburuz, droga legal edota ilegal zaleen kopurua eta droga guztiekiko mendekotasuna areagotzen ari da Euskal Herrian. Hori da, behintzat, ikerketa gehienek adierazten dutena eta kalean ikusten duguna eta ez dut uste hori ona denik bideratu nahi dugun askapen prozesuari begira zein sortu nahi dugun euskal jendarte ereduari begira ere.

«Faktore askok eragiten dute droga kontsumoan edota droga mendekotasunaren errealitatean: giza faktoreak, faktore kulturalak, hezkuntzari dagozkionak, sozialak, ekonomikoak, pertsonalak, kolektiboak… Arazoa korapilatsua da beraz, zalantzarik gabe. Ez dago bat-batean konpontzerik, baina sozialki eta politikoki oso larria litzateke gaiari ez heltzea, ez ikusiarena egiten segitzea, batez ere, gazteriarengan duen eragina kontuan izanik». Hori da duela urte pare bat idatzi nuena eta horrek ez du zer ikusirik Beñat Sarasolak leporatzen digun beste baieztapen honekin: «Diskoteketan bonbak jarri eta dealer-ak garbitzen ziren garaietan, ordea, orduan bai heldu zitzaiola arazoari. Gauzei heltzeko zinezko modua, akaso, manu militari da-eta»...Pentsatzen hasita nago Beñat Sarasolaren ironiaren atzean beste arazo bat dagoela.

Julio Sotok ondo azpimarratu zuen moduan, «badira urte batzuk tentsioa bareegi dagoela, gaiaz hitz egiteak beldur ematen digula. Eta hitz egin beharra dago. Egin ditu lagun berriak heroinak: hautsak, pilulak... Egiten dute dantza alkoholarekin. Dagoeneko errezelo gabe begiratzen ditugu dealer-ak; kasu askotan gureetakoak direlako, gu garelako. Dagoeneko errezelo gabe begiratzen diogu elkarri, komun zuloan egiten genuena barran, mahai gainean egiten dugunean». Egia borobila. Baina baieztapen horretatik abiatuz zera dio Beñat Sarasolak: «Orain, antza, ezker abertzalea erlaxatu egin da eta tolerantzia handiegia dago gure kale eta tabernetan. Arrazoi bat gehiago hurrengo hauteskundeetan Podemosi bozkatzeko»… Beñat Sarasolaren ironiaren beste arazo bat dagoela, argi dago.

Aurreko artikuluan gogoratu nuen moduan, duela hamarkada batzuk droga trafiko eta kontsumo neurrigabeak eragindako arazo sozial eta politiko larriaz jabetuta, droga mendekotasunaren aurkako borroka beregain hartu zuen Askagintza herri erakundeak, esparru horretan ere instituzioek egiten zuten lanaren eraginkortasuna oso mugatua izateaz gain, ideologikoki askotan okerra zelako. Bi lan nagusi garatu zituen: prebentzioa eta salaketa. Orduan esan nuen moduan, orain ere berresten dut, horrelako zerbait antolatzen hasteko unea iritsi dela uste dut. Ez dut uste beste biderik dagoenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.