Badirudi, azken bolada honetan, mundu guztiak bakea nahi duela eta prest dagoela bere esku dagoena egiteko hura lortze aldera. Ez da beti horrela izan. Arraroa dirudien arren, ez dira falta izan justizia lortzeko gatazka elikatu behar zela ziotenak, horrek bakeari uko egitea eta indarkeriari haize ematea bazekarren ere.
Guztion artean bakea eraiki nahi badugu, guztiok jarri beharko dugu geuretik eginbide horretan. Hasteko, bakoitzak zer nahi duen zehaztu beharko dugu, egin beharreko ibilbidea adosteko ez bada ere, gutxienez, gure arteko aldeak zeintzuk diren jakiteko eta, hala, gure posturen arrazoiak eta zergatiak ezagutzeko. Bestela, ezingo ditugu diferentzia horiek gainditu elkarrizketaren eta malgutasunaren bitartez. Biak izango dira beharrezkoak gurea bezalako gizarte plural batean elkar ulertzera iristeko, askatasun demokratikoen ondorio baita esandako pluraltasuna.
Hori izango da bakera eramango gaituen bide bakarra, egiaren zimendu sendoan oinarriturik. Izan ere, egia, justizia eta askatasuna izan beharko dute bakea eraikitzeko hiru zutabe nagusiak, ez inposizioaren bidetik, baizik eta elkar ulertzearen emaitza gisa. Balio horiei etikoak deituko diegu, benetako giza balioak, alegia.
Gogoeta hauen aurrean, batek baino gehiagok esango du politikan ez dagoela inozoa izaterik. Begi bistakoa, bestalde. Baina, era berean, uste dugu zuhurra edo buruz argia izateak ez duela eskatzen, nahitaez, gezurretan edo egia erdietan oinarritutako politika egiterik. Hitza, bai ahotik ateratzen dena eta bai idatzia, gizakiok elkar ulertzeko da. Gezurrari edo nahita sortutako gaizki ulertuari ematen zaion baiezkoa ez da lagungarri bakea askatasunean eraikitzeko. Eta badakigu, askatasunik eta egiarik gabe, politika —berdin dio boterean edo oposizioan egon—, azkenean, demokraziaren kontrako inposaketa bilakatzen dela.
Guztiok obligatu behar ditugu geure buruak egiaren alde, haren bila saiatu behar dugu, eta egia esan. Labur esanda, egia aurretik dela jokatu beharko dugu zuzentasunaren bidetik bakea lortzeko.
Benetako egia politiko hori desitxuratua gera ez dadin, hona, ondoren, zenbait «egia» praktiko:
- Ez da gauza bera bakea, herritarren elkar bizitza politikoan justizia praktikatzearen bitartez lortu beharreko azken helburu gisa, edota indarkeriarik gabeko bake gisa ulertuta, azken hori beharrezkoa izango baita elkar bizitza justuagoa eta, ondorioz, ongizate handiagokoa lortzera zuzendutako prozesu politiko ororen hasiera-hasieratik. Esanahi bat edo bestea eman nahi zaion, oso desberdinak izango dira bake prozesuari buruz ateratzen diren ondorio operatibo praktikoak. Guztiek esango dute bakea nahi dutela. Baina ez dute gauza bera esaten ETAren indarkeria oraintxe eta erabat amaitzea nahi dutela diotenek, gero, Euskal Herrirako zilegi diren helburu politikoen alde borrokatzeko, eta esaten dutenek bakea ez dela posible izango, ezta ETA desagertzetik letorkeena ere, helburu politiko horiek lortzen ez diren bitartean;
-Ezinezkoa izango da politika hitzaren esanahian bat etortzea, hitz horri bere esanahia errotik aldatzen dioten zehaztapenak eransten bazaizkio. Esate baterako, argi dago mundu guztiak duela politika egiteko eskubidea, edota, askatasun osoz, nahi duen aukera politikoa egitekoa, eta zigortua ez izatekoa ustezko iritzi politiko delituagatik. Baina egia da ere, bestalde, politika hitz horri beste mugatzaile batzuk eransten bazaizkio, asko alda daitekeela bere esanahia, eta oso posible dela balorazio berbera ez merezitzea. Eta horrek elkar ulertzea eragotziko du. Hori gertatzen da, adibidez, politiko-militar, preso politiko, edo politika bidezkoa edo gisako hitz elkarteekin. Politika hitzaren zentzua aldatu egiten da talde politikoa talde politiko-militarra bihurtzen bada; edo, espetxean dagoen pertsona iritzi politikoengatik edota indarkeria-jardueretan parte hartu edo lagundu duelako badago preso, nahiz eta ekintzaren helburua politikoa izan; edo ekintza politikoaren bidezkotasuna arautegi juridiko batek zehazten badu, konstituzionala izanik ere, zeina errefusa baitaiteke guztiz zilegi den norberaren askatasunaren egikaritzan.
-Tokiz kanpo edo behar bezala erabiltzen ez den beste hitz bat helburua da. Izan ere, berez zilegi diren errealitate sozio-kulturalen esanahia emanik, politika eta estrategia guztiz desberdinen bitartez —kontrajarriak, batzuetan— hura lortzen saiatzen diren subjektuei leporatzen baitzaie. Ez da kontuan hartzen helburu berberak bide politiko desberdinetatik bila daitezkeela, eta helburu berdinak izateak ez duela esan nahi, ezinbestean, juridikoki gaitzetsi edo pertsegitutako talde edo estrategiekin bat egiten denik. Adibidez, euskal kultura aldeztea eta lantzea ez dago zertan identifikaturik indarkeria estrategiaren zerbitzuan erabiltzearekin, edo agintean dagoen ideologiaren kontrako dotrina egitearekin edo kontzientzien askatasunaren aurkakoarekin;
-Ez da onargarria kolektibo politiko bateko kidetasun maila guztiak berdintzat hartzea, erantzukizun penalak, administratiboak edo zibikoakegozterakoan, ezker abertzalea deitu kolektiboarekin gertatzen den bezala. ETArekiko ustezko zuzeneko konplizitatea, kolektiboaren buru politikoen erantzukizunak, ordezkatzen dituen alderdiko militantzia, balizko boto-emaileengan egiten den presioa, ez dago balorazio juridiko-administratibo uniforme bakar baten pean sartzerik, ondorio oso larriak baititu horrek oinarrizko hiritar eskubideen egikaritzari dagokionez. Dena ez da Batasuna, gizartearen segurtasuna eta pertsonen arteko elkar bizitza ziurtatzeko egiten dutela esanez justifikatzen saiatzen badira ere.
Kasu gehiagotan ere balegoke aztertzea, hizkeraren egiazkotasunaren kontra, interes politikoen zerbitzuan erabiltzen diren beste hainbat zuhurtzia mota, Euskal Herria baketzearekin eta bizitza politikoarekin zerikusia duten gaietan. Hizkera politikoaren benetako katarsia behar dugu, baina horretarako geure buruak konbentzitu beharra dago egiak ibilbide luzeagoa duela berehalako garaipenetarako erabili nahi den zeinahi motatako zuhurtziak baino.
Egia eta zuhurtzia politikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu