Zazpi urte lanean. Atzo, lau pertsona (ondoren erabili adibideak pertsona ezberdinen egoeraren sintesia dira, dena egia).
28 urte, emakumea. Haurtzaroa gurasoen harreman katastrofikoaren ikusle. «Maite dugu elkar, ez, bai, atzo, beharbada. Adarrak jarri dizkit, zure ama maite dut». Bereizi, berriz hasi, bereizi, berriz hasi, gaur arte. Emaitza: angustiak, haserreak, ez hemen, ez han. Alkohola ilunaren pizgarri. Bikotekidea etxetik doanean beldurra, paranoia; ez da itzuliko.
25 urte, emakumea. Haurtzaroa familia zorrotz batean, ukabilen gisara. Aitak ahizpa nagusia jo, hortzetako aparatua hausteraino. Akusatu gero: «Begira zer egin diozun zure ahizpari». Gutitan gertatu da proportzionalki, matematikoki, baina 23 urte aurreikusten, zaintzen, nondik, noiz lanjera etorriko, nola biziraun. Emaitza: angustia orokortua. Amesgaiztoa: bizitzea. Lasaigarria: alkohola.
8 urte, mutiko gaztea. Lagunak zera esan zion: «Goazen dutxetan uraz jolastera, lehengusuarekin ibili naiz jada». Berak baietz. Atea itxi, eta zehaztu: «Belaunikatu, begiak itxi, eta ahoa ireki». Sei urte ditu agindu emaileak. Emaitza hipotesia: aterako da, helduak baino anitzez argiagoak direlako, eta gurasoek, biek —berriz diot, biek— gaiari heldu diotelako; ez da ohikoa izaten arduradunen partetik. «Gaiak gaizki jartzen nau, ez dut aipatu nahi», dio batek —asma zeinek?—, eta ihesi. Koldarra.
38 urte, emakumea. Haur bat nahi, eta ezin. Emaitza: sufrimendua, tristezia, desolazio maila grabea. Itxoin, geldi. «Desio dut haur bat, nik nahi dut, eta ez dut lortzen; bizitzak ez dit ematen nahi dudana». Geldi. Zer pasatu da? Ezer ez. Proiekzio hutsa, desioa, ilusioa. Existitu ez den norbaitekin, existitu ez den harreman —ona, suposatzen da— baten falta. Zer da hau? Ezin konparatua den esperientzia omen, bakana: «Eguerdion, psikologo. Lan geldialdian naiz. Betidanik anaia ttiki bat nahi izan dut, futbolean jolasteko, pastelak egiteko, gure harremanean hura hazten ikusteko». Erantzuna: sekula ez duzu izan anaiarik. «Bai, eta zer latza, zer zaila». Abisua: ez egin halakorik haurra ez den beste gizaki imajinario batekin; gehiegi tematuz gero, psikiatrian buka dezakezu. Haurrekin ez, sistemikoki errango zaizu arrazoi duzula.
Edurne Azkarateri entzun nion: mesfida zaitez bakana dela dioenaz. Mesfidatu anitz, egoera, esperientzia, izate eta abar ezin konparatuekin. «Nirea oso berezia da», erran ohi da. Zelda mental ikaragarri eraginkorra da, ni oasi batean; desertu bat ekarpen kolektibotzat.
Sufrimendu mental zabaldua da haurrarena. Maiz ez dut bikotekiderik, eta ez naiz nire etxearen jabe, desioekin dator. Nire kontsultan behintzat, %100 emakumeak dira.
Ezin daiteke normaltzat baloratu lur honetan existitu ez den norbaitekiko harremanaren faltak halako sufrimendu mailak eragitea. Irrazionala da. Ez da on gure osasun mental kolektiborako, emakumeentzat eta baldintza horietan datozen haurrentzako.
Nahi duzuna ez eskuratzea desatsegina zaizula? Bai. Min duzula? Bai. Maider Galardi: «Gurasotasuna ez da eskubide bat; eraikia den desio bat da». Horixe. Pribilegio bat, gainera; osasun onean zaude, materialki gai, emozionalki orekatua, interesatu zara ea nola hazten den norbait —ezta?—, eta abarrerako. Hemen behintzat, bariable nagusiko ekuazioa da: zuk nahi duzu? Besterik ez zaizu eskatzen. Zure biziraupenerako beharrezkoa ez den hori eskuratzeko pribilegioa duzu, beraz. Horren araberakoa izan behar du sufrimenduak. Ez da ezer pasatu zure osasun mentala hautsi dezakeenik. Ez dago beti minaren atzean errealitaterik; batzuetan garunak bakarrik sortzen du. Adi egon, malda lerrakorra da.