'Eguna', edo euskara modernoaren epopeia

2016ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Duela 80 urte, gazte talde batek euskara hutsezko lehen egunkaria sortu zuen Bilboko Posta kalean: Eguna egunkaria. Urtarrilaren 1eko lehen aleko editorialean irakur daitekeenez, 25 urte baino ez zituzten gazte haiek ondo baino hobeto zekiten aurrerapauso historikoa ematen ari zirela euskararentzat: «Amesez ganezka ta itxaropen bixiz gatoz, Euzkerea erabilikatxa dala uste dabenei arpegi emoten dautsoegu eta gure aberkidiei atsegin yakezan izparrak euzkeraz bakarrik, argi-argi eta ziatz-ziatz emoteko ustietan agertuten gara».

Testu berean, euskararen katea ez dela eten iradoki nahian edo, lehen euskal idazlearen oroimenezko hitzak ere ageri dira: «Etxepareren ames berberez kutsatuta gatoz. Eta EGUNA biotz, begi eta gogoetan darabilgunok idazle zar aren kanta bero ta gartsuz didar dagigu: Euzkera, jalgi adi kanpora! Euzkera, jalgi adi plazara! Euzkera, abil mundu gustira, EGUNA'ren egoetan!».

Etxepareren garai bertsukoa da Bilboko Posta kalea, XV. mendearen amaieran sortua, Bilboren inguruko harresia bota eta Santiago edo Donejakueren katedraletik Areatzaraino bide berri bat irekitzea erabaki zenekoa. Kale berriak Bilboko patroiaren izena izan zuen, harik eta 1821ean Estatuko posta-zerbitzua bertan ezarri eta oraingo izendapena hartu zuen arte.

Posta kalearen inguruan kokatu zen—«Askao auzoan», Teofilo Guiard historialariaren esanetan— Bilboko lehenengo inprenta, 1596an euskara hutsezko lehen dotrina-liburua plazaratu zuena.

Arana anaiek Posta kalean zabaldu zuten XIX. mendearen amaieran lehenengo Euzkeldun Batzokija, euskal nortasuna iratzartzeko asmoz, eta kale berean finkatu zen, halaber, gerra aurreko eta ondoko urteetan euskararekiko eta literaturarekiko atxikimendua errotzen lagundu zuen Verdes argitaletxe-liburudenda mitikoa.

Gaur egun ere, Posta kalean, Bilbo Zaharra Euskaltegia dugu, Klasikoen Irakurketa eta Bilbo Zaharra Foruma gisako ekimenen bitartez euskara normaltasunez apaintzen trebatu den erakunde emankorra; eta kalearen beste aldean, Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren egoitza, ekin eta jarrai lemari atxikita.

Etxeparerekin batera sortu zen Bilboko Posta kaleak berealdiko garrantzia izan du, bistan da, euskararen eta euskal kulturaren historian; eta duela 80 urteko historiari begiratuta, betiko gogoan hartzeko modukoa dugu gazte euskaltzale haiek euskarari modernitatearen haize berriak emateko egin zuten ahalegin aparta.

Manuel Ziarsoloren zuzendaritzapean eta Lauaxetak Euzkadi egunkarian plazaratzen zuen euskarazko orrialdea eredu eta abiapuntutzat hartuta, Augustin Zubikarai, Eusebio Erkiaga, Txomin Arruti, Andres Arzeluz, Iñazio Eizmendi, Fausto Leunda, Andoni Arozena eta Jesus Insausti kazetariak euskaltzaletasunaren abanguardian borrokatu ziren 1937aren hasierako hilabeteetan, harik eta tropa frankistek Bilbo mendean hartu zuten arte.

Eguna egunkariaren epopeia hura Bilboko memoriari atxikita geratuko da betiko, Posta kaleko 17. zenbakiaren parean jarriko dugun plaka oroigarri batez eta datozen asteotan antolatuko diren ekitaldiei esker. Lerro hauetatik, ekitaldi horietan parte hartzera gonbidatu nahi ditut bilbotar guzti-guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.