Eguzkiari begira

2023ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Udako solstizioa iragan berri. Nork orain begira diezaioke eguzkiari! Bere indar eta distirak itsutzen gaitu. Bera da errege, bera nagusi. Gizakiak antzina-antzinatik hori badaki, eta munduko bazter guztietan errege ez ezik jainko ere bihurtu zuten, eta bizia,argia eta berotasuna ematen digun suzko bola hori ahuspez gurtu. Euskaldunonmitologian ere Eki (eguzkia) jainkoa zen, Mari jainkosaren eta beste jainko batzuen artean. Ez dakigu ziur eguzki faltak zer suposatuko lukeen, ez baikara eguzkitik bakarrik bizi, unibertsoan beste indar batzuk ere bai baitira. Hasteko, orain dugun orbitarik ez genuke izango eta noraezean ibiliko ginateke, iraungo genukeen bitartean... auskalo!

Gertatu ohi den bezala, mitologia bat beste mitologia batek ordezkatu zuen eta Ekialde Hurbiletik etorritako mitologiak teozentrismo bat ezarri zigun, asmatutako gizaki itxurako jainko bat, den guztiaren erdigune, neurri eta ardatz ezarriaz. Duela 40.000 edo 80.000 urte —ez dakit zenbat milaka urte— eguzkiari jarraituz eta hura goratuz bizi ondoren, duela 4.000 urteren bueltan ekarri ziguten giza jainko horretan erori ginen. Esan dezakegu gure arbasoek heliozentrismo bat bizi izan zutela, teozentrismoaren antzeko zerbait, baina eguzkia ez zuten asmatu. Egia da gure Garai Aurreko IV. mendean Antoko Heraklidesek eta Samosko Aristarkok adierazi zutela nola eguzkia zen ezagutzen zuten astronomiako sistemaren erdigunea. Hamazortzi mende geroago, XVI. mendean, Nikolas Kopernikok eta geroago Galileo Galileik demostratu zuten eguzkia zela erdigunea, ardatza, eta ez lurra, geozentrismoa, ordu arte pentsatzen zuten bezala. Justu-justu libratu ziren inkisizioko sugarretatik hori esateagatik. Gaur egun, egia da astronomoek eta astrofisikoek lurra erabiltzen dutela erdigune bezala batez ere distantziak eta neurtzean.

Teozentrismoa izan zen XVI. mendera arte jaun eta jabe, eta oraindik ere ez da itzali, noski, baina humanismoko ideiekin batera antropozentrismoa sortu zen: gizakia gauza guztien erdigune, neurri etaardatz; dena bere inguruan mugitzen da. Izarrak urruti geratzen zaizkio baina, hala ere, bereak balira bezala hartzen ditu.

Historiak eman dizkigu makina baterdigune edo zentrismo... eta ongi dago hauek denak gogoratzea, gaur bertan unibertsoari begiratzean norberaren kokapena aurkitzeko: izarretan, eguzkian, ilargian ala lurrean. Baina, kezkatu, beste zentrismo batzuek kezkatzen naute, adibidez egozentrismoak. Egoa esanda nahikoa da, hori beti erdigune izaten omen da eta: ni eta nire ni. Gaur egun egoismoa ez ezik nartzisismoa ere asko nabari da. Norberekiko begirada eta itxurazko gorputz fisikoaren zaintza —gimnasioak asko ugaritu dira azkenaldian— eta fisikoaren gorazarrea handia da.

Baina oraindik ere gehiago kezkatzen nau egozentrismo kolektiboak (euskaraz hobeto legoke gizatalde berekoiak esatea baina zentrismo horrekin jarraitu nahi izan dut). Gizatalde asko dira nortasun handikoak direnak itxuraz, baina, barnean, disimuluan, ego multzo handia dago eta hauek taldearen izenean eta babesean euren nahiak eta taldearenak bultzatzen dituzte. Batzuek, gainera, taldea euren egoaren terapia bat bezala hartzen dute eta sendatu beharrean gaixotasuna areagotu egiten zaie. Norbaitek esango luke edonor talde batean sartzen denean edo talde batekin identifikatzen denean berekoitasunik gabe besteenganako joera duela eta guztiz altruista dela, baina beti ez da horrela izaten. Asko dira era honetako taldeak, eta ez beldurtu aipatzen: nazio bat, nazionalismo asko (etnozentrismoak), partidu politikoak, enpresak, instituzioak (erlijioak), elkarteak, kuadrillak, futbol taldeak eta abar. Egoak norbanakoa izaten jarraitzen du eta gainera taldekoan parte hartu.

Taldeko egoak norbanako egoaren behar berak ditu eta oso erraz sar daiteke arazotan, hori bai, beti taldearen izenean, berea ez den beste talde batzuen kontra. Hasi pentsatzen, berehala etorriko zaizkizu burura zenbait giza jokaera.

A! eta ez dugu ezer aipatu oraingo honetan androzentrismoari (matxismoari) buruz. Gizonezkoa gizakien arteko harremanen erdigune. Eta homozentrismoa edo antropozentrismoa? Gizakia beste bizidun guztien errege, jaun eta jabe. Bada oraindik ere zer esana, zentrismoa dela eta. Berriki eguzkia izan dugu buru gainean erdi-erdian. Udako solstizioa.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.