Erakundeek, beren helburua bete ondoren ere, bizirik irauteko ahalegina egiten dute, Max Weber-ek zioen modura. Baina porrotaren kontzeptuaren eremutik haratago joan eta jakinduria eta ausardia behar dira elkarte bat amaitzeko, Alan Badiou gogoratuz.
Euskal Herrian ere badakigu hori, eta herri elkarte eta mugimenduetan lehen garaiko indarraldiaren ondotik ezinbesteko motelaldia datorrenean (hamar-hamabost urtera maiz), bidea amaitzen jakin behar izaten da. Hori egin du orain EIRE Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkarteak.
EIRE 1999ko abenduan sortu zen eta Nafarroan eta EAEn legeztatua dago. Unibertsitate guztietako (EHU, NUP, Deustuko Unibertsitatea, MU, eta Iparraldeko Aturri-Paueko unibertsitatea) berrehunetik gora euskal irakasle izan dira bazkide. Hamabi urte luzez (1999-2012) Euskal Herri osoko unibertsitate guztietan euskararen garapen oso eta iraunkorraren alde lan egin zuen eta unibertsitate desberdinetako euskal irakasleen artean komunikazioa eta harremana hobetzen ahalegindu zen.
Mende aldaketak, berez, ez du zertan iraultza edo bilakaera sakonik ekarri, baina XX. mendearen amaieran eta XXI.aren hasieran, orduko globalizazioak, teknologia berriek eta gizarte transformazioek eragina izan zuten unibertsitatearen izaeran, antolaketan eta ikasketetan. Horren aurrean, euskarak erronka handia eta larria zeukan. Bere garapena ez zegoen ziurtatuta, eta Euskal Herriko unibertsitateetako irakasle euskaldunen artean ia ez zegoen harreman antolaturik, UEUren garrantzi eta ahalegin handia aitortu arren. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea antolatzeko 19/1998 legeak sortu zuen kezka, hainbatek uste baikenuen Estatuan onartutakoaren kalko bat besterik ez zela.
Egoera horretan EIRE elkarteak hausnarketa-gune, topagune eta indargune funtzioa bete zuen unibertsitate irakasle euskaldunen artean, euskarazko lerroak garatzen hasi zirenean bai unibertsitate publikoetan bai pribatuetan. Gainera, hainbat tokitan, Nafarroan adibidez, tokiko mintegia ere bilakatu zen, euskaltzaleen haziak bermatzeko, eta horri esker fakultateetan eta unibertsitatean zeuden moldeak zaharberritzen lagundu zuen.
Baina EIRE 2000. urtearen atarian herri mugimendu modura jaio bazen ere, Euskal Herriaren unibertsitate mailako zatiketa historikoak gogoan izan zituzten EIRE sortzen ibili zirenek, errealitate administratibo-politiko horretan lan egin behar baitzuten. Franco hil ondoren, 1976-77 trantsizio garaiko urte haietan, Euskal Unibertsitatea Bai – Universidad Vasca Sí, kanpainari ekin zitzaion. 1977an Euskal Unibertsitate Barrutia sortu zen eta 1979an Gernikako Estatutua. Bai batean eta bai bestean, Nafarroa kanpoan utzi zuten. Iparraldearekiko zatiketak ere hor dirau. Karlos Santamariak, 1977an Jakinen idatzi zuen Euskal Herriko unibertsitatea eta Euskal unibertsitatea direlakoen arteko diferentziaz: «Euskal kultura diglosiazko egoeratik ateratzeko, euskal unibertsitate bat behar dugu, euskal kultura euskaraz irakats dezana eta haren alma mater izan dadina».
EIRE elkarteak 1999-2012 urtaldian jarduera iraunkor eta berezi asko egin zituen, eragin nabarmena izan zutenak. Horien artean aipa daiteke Euskal Unibertsitatea-2021: Egiten ari garen euskarazko unibertsitatea kongresua, non Euskal Herriko unibertsitate guztietan zeuden euskarazko eskaintza eta erronka nagusiak aztertu ziren, ondoren liburu mardul eta baliotsu batean jasoak. Segur aski datuak gaurkotu beharko lirateke eta Euskal Herri osoa hartzen duen azterketa egin, euskarak unibertsitate guztietan zer egoera duen ongi jakiteko eta ezagutzera emateko.
Beste jarduera garrantzitsu bat izan zen Euskarazko Unibertsitate-Liburuen Erakusketa. Sei alditan eta unibertsitate eta campus desberdinetan (Bilbon, Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Arrasaten) antolatu zen. Orain, euskarazko unibertsitate-liburu horien bildumak Nafarroako Liburutegian eta Bizkaiko Euskararen Etxean daude jasota eta ikusgai.
Kutunak eta preziatuak izan ziren, halaber, Euskal Unibertsitatearen Irakasle Emeritua izeneko bi omenaldiak, 2002an eta 2007an eginak. Euskal unibertsitatearen alde egindako lana eta goi mailako irakaskuntza eta ikerkuntza aitortu zitzaizkien euskal unibertsitate-irakasle jubilatu berriei. Izen guztiak eman ezinik ere, horien artean zeuden Txillardegi, Pilar Lizeaga, Patxi Altuna, Gotzon Garate, Blanca Urmeneta, Xabier Apaolaza, Francisca Arregi, Sabino Ayestaran, Elixabete Iribar, Paulo Iztueta, Lontxo Oihartzabal, Abel Muniategi eta Jesus Garmendia.
Jarduera horien berri emateko EireKa aldizkaria argitaratzen zuen EIREk eta unibertsitate guztietako euskal irakasleen artean banatzen zen, 1.300 aleko inprimaldia eginez (orduko euskal irakasleen kopurua gutxi gorabehera).
Baina 2010 inguruan, Bolonia prozesuak eta kalitate agentzien eraginek unibertsitateetako lana eta lan-giroa aldatu egin zuten modu sakonean. Burokraziak eta irakaskuntzaren eraldaketek irakasleak ibilbide akademikoan murgiltzera behartu zituzten. Era berean, ziklo bat amaitu zen sentsazioa genuen. Gizarteko beste arlo askotan bezala, ordezkorik edo jarraipenik gabe geratu ginen. Irakasleen eta ikasleen lehentasunak beste arlo batzuetara lerratu ziren eta ez genuen jakin euskal unibertsitate-irakasle belaunaldi gazteagoei lekukoa pasatzen.
Denbora joan ahala EIREren erreferentzialtasuna ahuldu egin zen eta, EHUren kasuan behintzat, euskararen egoera normalizatu zelako irudipena hedatu egin zen. Hala ere, gaur egun Nafarroako Unibertsitate publikoan (NUP) Irakasletza ikasketak dira euskaraz egin daitezkeen bakarrak, orain dela 40 urte Zaragozako Unibertsitateak Iruñeko Irakasletza Eskolan ezarri zituen berberak. Gizarte Lanetan ibilbide zehatz batean ere egin liteke. Euskara hutsean beste gradurik ez dago.
EIRE behar zen, sortu zen, egin zuen, eragin zuen, apaldu zen eta, orain, bidea amaitzen du. Horregatik, ekainaren 20an Donostian burutu zuen bere azken batzar nagusia eta hiru erabaki hartu zituzten bildutakoek: elkartea azkentzea, bankuan legokeena Udako Euskal Unibertsitateari donazioan ematea eta dokumentazio guztia Lazkaoko Beneditarren Fundazioan uztea. Jaioko dira unibertsitate mugimendu berriak eta beren bidea eginen dute.
Artikuluaren sinatzaileak:
Nestor Etxebarria Loizate, Iñaki Zabaleta Urkiola, Juan Karlos Lopez-Mugartza, Maria Luisa San Martin Erbiti, Fernando Plazaola Muguruza, Angel Bidaurrazaga Van Dierdonck, Iñaki Marko Juanikorena eta Alberto Bilbao Garzon.