Elikadura burujabetza, herritarron burujabetza

Jasone Mitxeltorena, Gabriel Vallin eta Leire Saitua
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zein da oinarrizko beharretako bat, bizitzeko indarra ematen diguna? Elikadura. Noiz utzi genuen gure elikadura esku arrotzetan? Nork erabakitzen du zer jan behar dugun, eta jaten duguna nola ekoitzi behar den? Zenbat ordu lan egin behar dugu elikatu ahal izateko? Zenbat energia xahutzen da (nekazarien lana, elikagaien tratamendua, garraioa...) elikagaiak platerera iristeko? Nola eragiten digu jaten dugunak? Oinarrizko galderak, bizi dugun egoeraz ohartzeko.

Elikadura burujabetza, mundu mailan zabaltzen ari den bizitzeko modu oso bat, herritarron burujabetzarako bidea ere bada, ezinbertzekoa. Zer behar dugu elikadura burujabetzarako? Elikatzeko ditugun baliabideak ezagutu eta horien erabilerari buruzko gogoeta. Gure herrietan badira lurrak bertan bizi izan direnak mendez mende elikatu dituztenak. Baina egun zein balio dute lurrek? Etxebizitzak eraikitzeko, salerosketa bidez dirua ateratzeko, aparkaleku, errepide eta azpiegitura berriak egiteko, edo jateko? Zein da egiazko beharra? Etxeak egiten segituko dugu, herriguneetan hainbat hutsik izanik?

Lurrak baditugu, horiek nola eskuratu? Jabego pribatuaren kontzeptua gure buruetan eraldatuz, eta jabetasuna eman egiten dela ulertuz. Gure antzinakoek bazekiten hori, eta hala, ondasunak herriarenak dira, eta herritarrek erabiltzeko eskubidea dute. Egungo gazte zenbaitek ere ulertzen dute, eta beharrezkoak dituzten lurrak zuzenean eskuratzen dituzte. Herri-lur direnak erabili ahal izateko, tokiko erakundeekin adostu daiteke, hala egiten da geroz eta leku gehiagotan. Halaber, herri-lur izandako baina desamortizatuak edo pribatizatuak izan direnak berriz ere herriarentzat berreskuratzea zilegi zaigu. Erosketa bidez bakarka eskuratu ezin ditugun lurrak kolektiboki eros ditzakegu, GFA Lurra elkarteak egiten duen bezala.

Behin lurra badugula, hazia behar. Funtsezkoa da belaunaldiz belaunaldi eta elkartrukearen bidez sortu, garatu eta zabaldu diren tokiko haziak eskuratzea, eta horien erabilera zabaltzea. Edo elikadura burujabetza merkatuan haziak erosiz lor daitekeela ulertzen al dugu?

Baliabideak izan baditugu, baina zer ekoitziko dugu? Noski, egungo elikadura eta kontsumo ohiturak asetzeko adina baliabide ez dugu, eta ezta lortuko ere. Zenbat Euskal Herri beharko lirateke bertako herritarrok kontsumitzen duguna asetzeko? Hala ere, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian kontsumitzen den elikagaien %5 baino ez da bertan ekoizten. Eta elikagaien erdia zaborretara botatzen omen da (saltoki handietan, nagusiki). Desoreka gehiegi, eredu honi eusteko.

Eta zein da gure elikadura eredua: gure beharrak asetzeko helburua du edo merkatuaren interesak? 1960ko hamarkadara arte, herritarren gehiengoaren elikadura zekale, lekale eta barazkietan oinarritzen zen, arrautzak, esnea eta haragia neurri batean kontsumituz; orduz geroztik, haragia eta esnea, bereziki, merkatuan balio handiko gaiak dira, eta ekoizpen guneak masiboki ari dira horiek merkaturatzen. Eta eredua erabat aldatzen: ordura arte jendeen eta abereen kontsumorako lantzen ziren landak ia-ia desagertu egin dira, eta egun, animaliak bazkatzeko belardiek hartu dute haien tokia. Negurako elikagai garrantzitsua ziren gaztaina edo ezkurra ematen duten basoen lekua ere pinuek hartu dute, Bizkaian eta Gipuzkoan bereziki. Araban eta Nafarroa Garaian, berriz, hainbat zekale eta barazkiren ustiatze intentsiboari bidea egiteko desegin dira zuhaitzak eta tokiko ekoizpenen aniztasuna, gehienetan, abereen elikadurarako.

Beraz, norendako ekoizten dugu: jendeok zuzenean jateko, edo abereak hazi eta horiek saltzeko? Nolatan bilakatu dira buruaski izandako landa-komunitateak hiriguneen ekoizpen-gune eta, beraz, menpeko? Erantzun zehatz eta zorrotza: merkatuak eta erakundeen diru-laguntza politikek, eskutik hartuta baitaude, hala bideratuta. Eta bideratzen jarraitzen dute.

Nekazaritza zuzentzearekin batera, beharrezkoa izan da herritarren elikadura ohiturak ere bideratzea. Ohartzen gara horrek dituen ingurumen eta energia kosteez? —Katalunian, bertako txerri-haztegiak hornitzeko, lurralde osoa soja ekoizpenera bideratu beharko litzateke—. Ohartzen gara gure osasunean duen eraginaz?

Izan ere, elikadura-industriak ezarritako eredu honek gaixotu eta menpeko egiten gaitu. Azukrea eta gainerako estimulanteak, aberekien toxikoak, koipea, elikagaien indarrik eza eta erantsitako gai kimiko guztiak... Aztertua eta frogatua izan da, berez (era biologikoan) ekoitzitako elikagaiekin 800 kaloria behar ditugula osasuntsu eta indartsu izateko; aldiz, kalitate eskaseko elikagaien 200 kaloria hartu behar izaten ditugu indarrak hartzeko.

Berez, zekaleen ale osoak, lekariek eta barazkiek lagunduta, ematen digute osasuntsu izateko beharrezko indarra. Hala agertzen dute egungo hainbat elikadura ildok, eta hala ageri zaigu gure antzinakoen elikadura ohituretan ere. Antzinako erreferentziei behatuta, aniztasuna eta oreka jokatu izan direla ageri zaigu; ingurumenak eskaintzen dituen baliabideak zuzenean baliatuz (basa-elikadura) eta horretara egokitutako ekoizpen guneak sortuz (abereendako bazka mendi goietan, larreetan; jendeen eta abereen kontsumorako landa edo soro zabalak etxetik hurbil (zekaleak eta lekariak); eta baratzea, etxekoendako barazkiak ekoizteko.

Gaur egun zaila da antzinakoek izandako aniztasun eta oreka hori berreskuratzea, tartean, herri-sistema ahalbidetu duen komunitate-sarea desegin delako. Baina urratsez urrats bilatu behar genuke burujabetzaranzko bidea. Ekoizlearen eta herritarren figurak hurbilduz, landa eremuetako auzo-komunitateak berpiztuz, herri-baratzeak sortuz...

Merkatuak eta erakundeek baliabide handiak dituzte euren ereduak ezarri eta horiei eusten segitzeko; herritarrok, aldiz, ahalmena dugu gure kontsumoaren bidez elikadura eredua norabidetzeko, eta subjektu pasibo izatetik aktibo izatera iraganez, talde gisa sarean eratu eta gure ekoizpena erabaki, antolatu eta egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.