Elosutik Zizurkilera, mendiak aske

Ainhoa Gil Ugartemendia, Josebe Blanco Alvarez, Gaizka Otamendi Izeta eta Xabier Odriozola Soraluze
2023ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Konturatu orduko urtebete pasa da Zumarragako lehen bilera hartatik. Gehienok ez genuen elkar ezagutzen eta, hala eta guztiz ere, gai izan ginen elkarrekin, bakoitza bere herritik, Elosun gertatuko zena irudikatzeko eta elikatzeko. Komunikazioa, autobusak, kartelak, ordutegiak, agerraldia, nork zer esan, pintxoak, bazkaria, musika...

Elosukoa ez zen Elosun bukatu. Belardi handi hartan osatu genuen aerosorgailuaren bueltan ziren hitzek, irrintziak eta emozioek ekarri gaituzte hona han ginenok: orduan josi genuen sarea ez dela desegin esatera. Are gehiago, pertsonek osatutako haize-errota belarditik at zabaldu zen bezala, gure sarea ere zabaldu egin da.

Ez pentsatu, ordea, sarea berez zabaldu dela, pagoek beren adarrak luzatzen dituzten maneran. Makroproiektu energetikoen mamuek eta elkartasunak zabaldu dute Gipuzkoako Mendiak Aske; eta Gipuzkoan bezala, gainontzeko lurraldeetan.

Urtebetean asko ikasi dugu, eta sareak egituratzen duen hari bakoitzaren jabe egin gara, argi dugulako sarerik gabe are babesgabeago egongo garela, tsunami elektriko honen aurrean.

Babesgabetasunaren zuntzak gure sareari, gutxienez, lau hari eskaintzen dizkio: ez dugu ezagutzarik; denboraz ere, larri gabiltza; diruz, zer esanik ez; eta legeak eta arauak beste batzuenak dira. Indartsua da babesik ezak gure arteko sareari eskaintzen dion lehengaia. Gure arteko babesa baino ez dugu. Batzuei lehenago iritsi zitzaien mehatxua, lehenago murgildu behar izan zuten lege eta arauen itsaso arrotz horretan, eta alegazio epeek eta burokraziek ezartzen dituzten itsasaldien aginduetara mugitu.

Sarea izango bada, zeharrera zabalduko diren hariak ere behar ditugu, eta babesgabeziari korapilatu, elkarri eutsiko badiote. Herriz herri diren mehatxuetatik ikasi dugu gainontzekook. Ondokoaren porrotak adi jarri gaitu, eta bere pozak aurrera egiteko indarra eman digu. Hilabetez hilabete konpartitu ditugun urrats legalez gain, bizi dugun honek sortzen dizkigun ezinez, kezkaz eta nekeaz hitz egiteko espazioa ere aurkitu dugu. Izan ere, beste borroka batzuetan bezala, hasieratik jabetu ginen lurraldearen defentsa honi heldutakotan, ultra-trail horietako batean sartuak ginela: gogorra eta luzea. Eta horrelakoetan gertatzen den bezala, hemen ere ezinak hartzen zaitu eta behar duzu baten bat tira egingo duena, atsedena hartzen duzun bitartean; edo zure malkoak jaso eta xukatuko dituen laguna.

Sarearen ertzeko soka sendoa, egonkortasuna eta indarra ematen duena, lurraren eta gure seme- alaben etorkizunaren defentsan ari garen konbentzimenduak ematen digu. Badakigu ongi ari garelagure gabezia guztiekin, gure borroka bidezkoa bezain beharrezkoa dela, gazteek eta euren ondorengoek etorkizunik izango badute.

Gizarte honek ez du eskubiderik umeen eta gazteen bizitzak ezinezkoak egiten dituen sistema ekonomikoa elikatzen jarraitzeko. Gero eta ageriagoa da makroproiektu horien helburua ez dela naturaren eta bizitzaren zaintza, baizik multinazional, inbertsio-funts eta gainontzeko marrazoen interesen zaintza.

Sinetsarazi nahi digute itsasoa, mendiak eta soroak industrializatuz hobeto biziko garela, zoriontsuagoak izango garela. Ez digute esaten, ordea, haiek gabe ez dagoela jaterik, ez dagoela arnasterik, ez dagoela pozik, ez dagoela, azken finean, bizitzerik. Ez digute esaten ekosistema horietan guztietan bizi direnen beharra dugula, gure babesa direla; ez garela ongi biziko horiek guztiak desagertuz gero. Hau da, elkarrekiko mendekotasuna dela bizitzaren araua.

Elkarrekin eman dugun urtebete honetan, Gipuzkoako Mendiak Aske osatzen dugun taldeetan, ezinek bere horretan jarraitzen duten arren, sentitzen dugu badugula zer ospatu bidea gozo-gozoa izan ez den arren eta badugula zer eskaini gure jendarteari. Horregatik, gonbidatu nahi zaitugu datorren igandean, urriaren 22an, Zizurkilera. Eguerdian izango den bertso-saioan ireki nahi dizugu paisaia zabala erakusten duen leihoa, bertsotan hemengo eta hango energiaz hausnartzeko aukera, zabal eta patxadaz. Ondorengo bazkariak eta abarrek beste giro bat sortuko duteatsegina hau ere, eta indarra bilduko dugu hurrengo urtean ere hemen egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.