Emakume langileok askatzeko borrokaz

Maitane Urkola eta Olatz Etxeberria
2022ko martxoaren 3a
00:00
Entzun

Gizonen eta emakumeon arteko berdintasuna lortzera bidean aurrerapausoak eman omen dira, baina guztiok ez ditugu bizi baldintza berak, langileon aurkako erasoak eguneroko albiste dira.

Pandemiak bizkortu duen krisialdi ekonomikoarekin, egoerak okerrera egin du, horren ondorio lazgarriak emakume langileon bizkarrera erori direlarik hein handi batean. Nabaria izan da emakumeok jasan dugun baldintzen okertzea: egiturazko langabezia, lan kaleratzeak, ordaindu gabeko lan orduak, lan partzialen areagotzea... Horrez gain, krisi kapitalistaren ondorioz, Estatuak eta administrazio publikoak zaintzarekin lotutako zerbitzuak (haurtzaindegiak, jantokiak, aisialdi espazioak eta abar) deuseztatzeko joera du. Horrela, emakume langileon gain jausten diren zaintza eta etxeko lanen zama handituz.

Bizi baldintzen okertzea ez da baldintza materialen eremura mugatzen, klase boteredunarentzat langileon aurkako ofentsiba beharrezkoa baita. Ofentsiba kulturalaren bitartez, errealitatea ulertzeko eta bizitzeko modua definitzen dira. Horretarako instituzio eta plataformen bitartez, langileok egunerokotasunean izan beharreko kezkak, desirak eta beharrak zein diren inposatzen dizkigute, eta, era berean, kapitalismoa ontzat emateko oinarriak jartzen dira.

Horri loturik, uste dugu gizartearen hipersexualizazioaz hitz egitea garrantzitsua dela. Plataforma digitalen bitartez (telebistako reality-ak, sare sozialak, telesailak eta abar) emakumeon gorputzen sexualizazioa eta pertsonen arteko harreman bortitzak kontsumitzen ditugu etengabe. Hipersexualizazioak bi ondorio nabarmen eragiten ditu emakumeongan: batetik, emakumeon gorputz idealizatu-sexualizatua sortzearen ondorioz, emakume langileok presio izugarria pairatzen dugu, depresioa, antsietatea edo elikadura nahasmendua eraginez. Eta, bestetik, gizartean emakumearen iruditegi sexualizatua zabaltzearen bitartez, emakume langilea bigarren mailako subjektuen gisa sozializatzen da, zapalkuntza eta indarkeria normalizatuz.

Egungo politika instituzionaletatik eta feminismotik egoera horri aurre egiteko proposamena horrela defini genezake: batetik, gizarte kapitalistaren barruan pertsona denek eskubide berak izan ditzagun sexu-identitate guztien aitorpen formala aldarrikatu da. Eta horren gehigarri modura banaketa ekonomiko justu baten aldeko aldarrikapena. Guretzat, estrategia horiek muga nabarmenak dituzte: instituzio kapitalistak zerbait neutrala eta indar harremanen araberakoa balira bezala tratatzen dituztelako. Kalean presioa eginez gero, eta instituzioetan ezkerreko alderdi feministak egonda, berdintasuna etorriko omen da. Egungo instituzioak, baina, burgesiaren erremintak dira, eta kapitalismoak ez du berdintasunik ekarriko. Krisialdia dela eta, burgesen eta proletarioen arteko tartea handitzen ari da etengabe. Oligarkiak ez dauka berdintasun erreala sustatzeko inolako interesik, eta, hauen diru-mailegurik gabe, ez daukate zer eginik ezkerreko alderdiek instituzioetan.

Aurrez aipaturiko estrategiek inor askatzekotan, gaitasun ekonomiko handiko emakumeak askatzeko gaitasuna (izan) dute. Aldiz, kapitalismoak langileak esplotatzen jarraitu behar du, eta, horretarako, gutxiago kobratuko duten emakume langileak beharrezko ditu. Hori guztia bermatzeko, beharrezkoa da emakume langileok sozialki eta kulturalki zapalduta egotea.

Hori dela eta, emakume langileon askapenaren aldeko borrokak harreman (ekonomiko, sozial eta kultural) berrien eraikuntza galdegiten du: burgesiarekiko menpekotasun ekonomikoa gal dezagun. Horrela ulertzen dugu guk estatu sozialista. Estatu sozialista eraikitzeko bidean, gaurdanik emakume langileok jasaten ditugun eraso eta zapalkuntzei aurre egingo dien antolakuntza politikoa gorpuztea premiazko eginbeharra dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.