Irene Arrarats Lizeaga.

Emakumea suntsitu nahi duen feminista

2017ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Onerako zein txarrerako, pentsatzea jarduera sozial bat da: besteekin pentsatzen dugu, besteekiko solasean. Pentsatzea (eta, beraz, ahalduntzea) kolektiboa da: kolektibotik pertsonalera doa, eta pertsonaletik kolektibora. Monique Wittig filosofo eta idazle frantziarrak (1935-2003), bere obra labur baina ezinago ernagarrian, lantegi zail bati ekin zion 80ko urte jadanik urrun haietan: zer pentsatzen dugun eta, batez ere, zerk pentsatzen gaituen aztertzeari.

Wittig ez da, ordea, pentsamenduaren ikertzaile hutsa. Paradoxa badirudi ere, oso teorialari praktikoa eta pragmatikoa da; ez alferrik, militante feminista da: kontzeptuen barrunbeak argitara atera nahi ditu, ikuspegia aldatu. Ez dabil lore-joko intelektualetan: mundua aldatu eta irauli nahi du, guztiz bestelakotu. Bizirik hiltzen gaituen sistema hau berraztertu eta kontzeptuberritu beharra baitago, termino dialektiko materialistetan: «Zinez azpimarratu nahi dut zenbateraino zapaltzen dituzten diskurtsoek gizabanakoak materialki».

Margaret Thatcher eta Ronald Reagan gaurko mundua prestatzen ari ziren garaitsu hartan, Wittigek artikuluak argitaratu zituen han eta hemen, 1980ko lan batean pentsamendu heterozuzena deitu zuen horri maskara kentzeko. Lan haietan, sistemaren erraiei tira egin zien, haginez txikitu, eta, orain, haren hozkadei esker, tresna teoriko zorrotzagoak ditugu, banaka ihes egiteko ez ezik, askatasun kolektiboaren alde borrokatzeko ere. Sobietar Batasunaren kontrapisurik gabeko ez-mundu kanibal-kapitalista honetan, darwinismo soziala dugu egia natural zaharberritua, naturaren egia betierekoa; azken batean, denetarako balio du eta: zurigarri biribila da gizarte-, arraza- eta, nola ez, sexu-zapalkuntzarako. Bada, horrexetaz mintzo zaigu Wittig.

Zernahi azaltzeko mantra «dagoena dago eta kito» den honetan, inoiz baino harrigarriagoa da Wittigen argitasun ausarta: gizarteari begiratu zionean, nonahikoa eta, beraz, ikusgaitza den hori begiztatu zuen, naturaltzat joa izatearen poderioz esan gabe doan hori... hots, sexuaren kategoria ere eraikia eta politikoa dela, eta kategoria hori dela sistema sozioekonomikoaren errotak jira eta buelta egiteko darabilen ardatza, bi klase sortzeraino, zein bere toki eta eginkizunetan: emakumeak, gizonak. «[...] nagusiek esaten dute bereizketak diferentzia naturalen ondorio direla. Esklaboek, matxinatu eta borrokan hasten direnean, oposizio sozialak ikusten dituzte diferentzia natural deituriko horietan. [...] Zapalkuntzak sortzen du sexua, eta ez alderantziz».

Wittigentzat, heterosexualitatea da Sistema. Eta emakumea, berriz, mito hutsa baino ez. Eta biak suntsitu nahi ditu. Ez da mintzo, jakina, ez sexu-praktikez eta ez banakoez, baizik eta kategoria politikoez. Horregatik hitz egiten du beti emakumeez, plural linguistiko eta sozialean, singular bakuna emakumearen mitoa aipatzeko utzirik. Wittig, oroz gainetik, antiidentitarioa da: sexu-kategoriak, hau da, gizona eta emakumea kategoriak suntsitzeko altxatu du aizkora, kategoria horien bitartez pentsamendu heterozuzenak materialki eraturiko klaseak deuseztatzeko. «[...] horrek denak esan nahi du aurrerantzean ezin dela egon ez emakumerik eta ez gizonik, eta desagertu egin behar dutela pentsamenduaren edo hizkuntzaren mota eta kategoria gisa, bai politikoki, bai ekonomikoki eta bai ideologikoki. [...] Aska al dezakegu esklabo? Aska al dezakegu beltz? Zertan da emakume diferentea? Segituko al dugu zuri, ugazaba, gizon idazten?». Pentsamendua, gorputzera iritsia.

Beraz, emakumearen kontrakoa dugu Wittig, eta, horrexegatik, feminista izendatzen du bere burua, oso garbi baitu zein den bere genealogia, nola preparatu zaion bidea bere sakontasun erradikalari: badaki aurreko feministek landuriko ildo berean dabilela, baina barrenago. Hain zuzen ere, erroak dira Wittigen joko-zelaia: ez du planteatzen sistema honetan boterea gizonen eskuetatik emakumeenetara pasatzea, ezta boterea banatzea ere, baizik eta sistema bera suntsitzea. Zapalduak giltzapetzeko erabiliriko kategoria politikoak deuseztatu nahi ditu.

Wittigek eragin handia izan du bai mugimendu feministan, bai queer mugimenduan, baina, hala ere, ez da oso ezaguna feminismo erradikaletik kanpo. Deserosoa gertatzen baita haren sakontasun errotikoa, interpelatu egiten gaituenez gero: teoria politikoak eta praktika sozial-pertsonalak bat egiten duten tokian, hortxe dabil Wittig. Haren artikuluak, Susak Lisipe bilduman Pentsamendu heterozuzena izenburupean aurten euskaratu eta argitaratuak, laburrak bezain mamitsuak dira, eta astindu egiten gaituzte, ados egon zein ez. Eta, batez ere, gogorarazten digute feminismoaren helburua ez dela zapalkuntza-sistemaren piramidean gora egitea, baizik eta piramidea bera suntsitzea. Wittigen pentsamendua ez da arma txarra, beraz, neoliberalismoak lor ez dezan feminismoaren ideia batzuk manipulatu eta neutralizatzea. Bistan da erreakzio patriarkal sistemiko baten erdian gaudela oraintxe: globalizazio kapitalista, gero eta praktika kultural exijenteagoak, indarkeria matxistaren adierazpide berriak, zientziak eta teknologiak ekarririko kontrolbide berriak... Kapitalismoa dena merkantilizatzen eta pribatizatzen dabil herio batean, borroka kolektiboei azpijana eginez, libertatea diruaren araberako eskubide bihurtzeraino. Hori aldatzerik ez dagoela sinestea litzateke ez aldatzeko biderik seguruena: «Utopia hutsa? Nik zera esango nuke, Sokratesekin eta Glaukonekin: bestelako ordena sozial bat azkeneraino ukatzen bazaigu, hitzetan bakarrik existituko dela esaten bazaigu, orduan nire baitan aurkitu beharko dut».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.