Txema Ramirez de la Psicina

Emakumeak hobeto?

2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Ajuria Enerako lasterketan bost lehendakarigai ditugu lehian; hiru emakume eta bi gizon. Norgehiagoka dialektikoan sutsu arituko dira hurrengo asteotan Iñigo Urkullu, Maddalen Iriarte, Miren Gorrotxategi, Idoia Mendia eta Carlos Iturgaiz. Atsedenik hartu gabe, han eta hemen, hitz eta pitz.

Martxoaren 8a kanpaina bete-betean suertatu den honetan, galderok otu zaizkit: gizon eta emakumeek desberdin hitz egiten al dute? Eta horrela balitz, nortzuk dira hobeak? Hitzak ba al du sexurik? Egia al da gizonezkook gehiago eteten ditugula elkarrizketak eta emakumeek gehiago hitz egiten dutela? Botere-harremanak hizkuntzaren baitan eta diskurtso publikoetan betidanik presente egon badira ere, generoaren ikuspuntua bereziki behatua eta aztertua izan da azken hamarkadetan.

Deborah Cameron hizkuntzalari feminista eskoziarrak urteak daramatza kontu hauen inguruan ikertzen, hesiak apurtzen eta mitoak deseraikitzen. Bere ikerketa akademikoaren zati handi bat hizkuntzaren, generoaren eta sexualitatearen arteko harremanez burutu du. Bere obra ezagunenetako da: The myth of Mars and Venus: do men and women really speak different languages? (Marte eta Venusaren mitoa: gizon eta emakumeek benetan hitz egiten al dituzte hizkuntza desberdinak?).

Gizonak eta emakumeak desberdin mintzo garelako dogma oso ezarrita dago gizartean. Ideia horren bueltan autolaguntza eta psikologia popularreko liburu ugari plazaratu dira, arrakasta handiz, gainera. Estereotipo horien arabera, emakumeak hiztunak, sentiberak eta trebeak omen dira berbazko komunikazioan eta pertsonez mintzatzea gustukoa dute; gizonak, berriz, ekintzaileak, lehiakorrak eta, nagusiki, gauzez edota gertaerez mintzo omen dira.

Deborah Cameronen ekarpen nagusiak ez du hipotesi hori berresten: sinesmen orokor eta oso hedatua izan arren, errealitatearekin bat ez datorren mito bat baino ez da. Ildo beretik jo izan du Janet S. Hyde psikologoak. 2005ean egindako artikulu batean, gizon eta emakumeen komunikazio-gaitasunen inguruan ordura arte egindako ikerketen errepasoa egin zuen. Gizon eta emakumeen berbazko komunikazioaren gaitasunen inguruan 400dik gora ikerketa miatu zituen. Hamaika aldagai desberdin agertzen ziren ikerketa horietan. Ez zuen alde handirik sumatu gizon eta emakumeen artean. Hamaika aldagaietatik bederatzietan sexuen arteko desberdintasunak hutsaren hurrengo (close to zero) edota txikiak ziren. Bi aldagaietan aldeak «moderatuak» ziren: irriñoa erakusteko gaitasunean eta ortografian. Kasu bietan emakumeen alde. Gainerako aldagaietan—irakurmena, hiztegia, berbazko arrazoinamendua, hitz-kopuruaren ekoizpena, elkarrizketa eteteko joera, hitzontzikeria, asertibotasuna, atsekabea azaltzeko joera eta norberaren dibulgazioa egiteko gaitasuna— sumatu ziren aldeak ez ziren desbideratze estandarretik urrundu.

Ikerketa horietan sexuen artean antzekotasunak askoz nabarmenagoak ziren desberdintasunak baino. Beraz, ez dago zientifikoki esaterik, termino absolutuetan behintzat, komunikazio kontuetan emakumeak gizonak baino hobeak direnik edo alderantziz, ezta andrazkoek gehiago hitz egiten dutela ere. Zertara dator, orduan, sinesmen hori? Dale Spender feministak azalpen hau eskaini du: sarritan emakumeen hitz-jariotasuna zerbait gaitzesgarria balitz bezala hartua izan da. Ez ote da izango emakumeek gizonezkoek baino gehiago hitz egiten dutela esaten denean benetan esan nahi dena zera dela, emakumeek «gehiegi» hitz egiten dutela?

Ajuria Enea

Gatozen hasierara, Ajuria Enerako lehiara. Hiru emakume eta bi gizon. Andrazkoak, zentro-ezkerrekoak. Gizasemeak, zentro-eskuinekoak. Multzokatze hori zuzena al da orain eta hemen? Nik ez dut Idoia Mendia irudikatzen kanpaina honetan Iñigo Urkulluri gezi zorrotzak jaurtitzen, ezta Carlos Iturgaiz jarduneko lehendakariari koipea ematen ere. Desberdintasunak genero barruan daude, hemen ere. Dena den, boskote horretatik nik ez dut bat bera ere ikusten, mitin batean, jendea bere eserlekutik supituki altxarazten. Mezu indartsuak falta dira, baita ironia eta umorea ere. Orain den-dena neurrikoa da, telebistarako pentsatua eta antzeztua.

Neurritasuna. Horixe Iñigo Urkulluri komunikatiboki egokien uztartzen zaion ezaugarria; jarduneko lehendakarigaiak gehiegikerietatik urruntzen den gizonaren ospea irabazia baitu. Azkenaldian, berriz, behin baino gehiagotan neurriz kanpo ibili da. Zaldibarko krisia edota alderdi barruan agertu diren ustelkeria kasuak komunikatiboki nola kudeatu dituen dira horren lekuko. Urduri eta harroputz agertu da, neurria galduta. Beste batzuek, berriz, neurria galduta aspaldi izan arren, ez dute arazorik komunikabide euskaldunetan lotsagarri gelditzeko. Carlos Iturgaiz PPko hautagaiaz ari naiz. Euskadi Irratiari eman zion lehendabiziko elkarrizketetako bat. Ederto. Txalo bero bat. Elkarrizketan, ordea, Maite Artolaren galderak ez zituen ulertzen, baina berdin zitzaion, aurrera egin zuen amaitu arte. Batzuek ausarta dela diote. Nire ustez, eskrupulurik gabeko frankotiratzaile bat baino ez da. Botere goseak erakarri du esfera publikora eta mando bat portzelana-dendan bezala sartu da gizona kanpaina honetan. Euskaraz ahoa irekitzen duen bakoitzean, barregarri geratzen da. Ez da ezer berria. Izan ere, jarrera hori bere alderdiak euskaldungoari erakusten digun errespetuarekiko zuzenki proportzionala da.

Politikarien jardun publikoa aztertzen dugunean, hainbat faktore sartzen dira jokoan. Mezuaren igorlearen eta hartzailearen generoa da bat, zalantzarik gabe, baita beren komunikazio-gaitasunak ere jakina, baina aztertzailearen ideologiak den-dena galbahetzen du: politikari hurkoari hanka-sartzeak erraz barkatuko zaizkio eta urrutikoari, berriz, ez zaio ezertxo ere ametituko, ezta lapsus txikiena ere.

Genero perspektibak badu, jakina, eraginik berbazko nahiz berbarik gabeko komunikazioan. Baina horrekin batera beste hainbat faktore ere sartzen dira jokoan: ideologia, botere-harremanak, nortasuna eta komunikazio-gaitasunak, besteak beste.

Hala ere, sentsazioa daukat soilik antzematen dugula ikusi nahi duguna baino ez. Egia izango al da esaera zaharrak dioena: eder zein itsusi, zein begik ikusi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.