Emakumeak: krisian ezberdintasuna pairatzen

2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak pentsioen beste erreforma bat onartuko du urtarrilaren 28an. Murrizte horrek berriz langile-klase guztiaren eskubideei eraso egiten die, eta emakumeentzat «zehar kalte izugarriak» ekarriko dituen esparru bat irekitzen du.

Espainiako Gobernuak ardura kolektiboa erabiltzen du bere propagandako argudio nagusi gisa, eta egin nahi dituen aldaketei uko egitea arduragabekeria dela esaten duenean, behean sinatzen dugun emakumeok erreforma honen irakurketa ikuspegi feministatik proposatzen dizuegu.

Diskurtso politiko eta ekonomikoek errepikatzen dutenaren arabera, egungo Gizarte-Segurantza sistemaren erreforma doikuntza tekniko hutsa eta beharrezko kalte bat da, baina erreforma honen atzean gizarte-babeseko eredu publikoa desegiteko asmoa dago, dagoeneko urria dena. Gainera, proposatutako erreformak ekarriko dituen erabakiekin gizarteko desberdintasuna areagotu egingo da, eta atzerakada izango dute orain arte borrokaz lortutako oinarrizko eskubide eta berme sozialek. Erabaki horiek kalte handia eragingo diete lan prekarioa eta diskriminazioa pairatzen dutenei, baina batik bat emakumeei.

Prezio garestiegia kapitalaren eta finantza-merkatuen aginduak betetzeko; besteak beste, banketxeek sari handi bat jasoko dute, gure pentsioen negozioari esker. Paradoxa da jasaten ari garen egoerara eraman gintuzten horietxek saritzea; noski, botere horien helburua ez da sexuen arteko desberdintasun estruktural eta endemikoari buelta ematea.

Plazaratu diren neurrien artean, zeinek arlo produktiboan eta erreproduktiboan genero-desberdintasunak areagotu dituzten, nabarmendu beharrekoak hauek dira:

1. Erretiroa hartzeko legezko adina 65 urtetik 67ra atzeratzea eta kotizaziopeko pentsio bat jasotzeko behar den urte kopurua gehitzea.

Kotizaziopeko pentsio bat jasotzeko eskatzen den urte kopurua gehitzeak gero eta jende gehiagori ebatsiko dio pentsioa izateko eskubidea. Oro har emakumeei egingo die kalte, haien ibilbide laboralean etenak eragiten baititu lan produktibo eta erreproduktiboa bateratu beharrak: lanaldi partzialeko kontratuak, ezinduta dauden pertsonak zaintzeko eszedentzia aldiak, edota kolektibo jakin batzuk, hala nola etxeko langileak, emakume baserritarrak eta beste asko.

2. Kotizatutako urteen arabera jasotzeko eskubidea dagoen pentsioaren zenbatekoa gutxitzea.

Pentsioaren %100 jasotzeko 35 urtetik gora exijituko da, eta kotizazio aldi horretara iritsen den orori pentsioa asko jaitsiko zaio. Emakumeei dagokienez, etenez jositako ibilbide laboralak, lanaldi murritzek eta gehienbat ezkutuko ekonomiako lanetan jarduteak emakume asko pentsioa jasotzeko eskubiderik gabe edota pentsio negargarriekin utziko ditu. Aipamen berezia merezi dute etxeko langileen kolektiboak, Gizarte-Segurantzako Erregimen Orokorrean ere ez baitago sartuta, edota emakume baserritarrek; haiek ezin dute erregimen horretan izenik eman, unitate familiarrarentzako aseguru autonomo bat baita, hots, eskubide deribatua eta ez banakoari dagokiona.

3. Pentsioek erosteko ahalmenari eutsi beharra kentzea

Aztertzen ari diren aukeretako bat da pentsioak urtero berrikusterakoan KPIa ez aplikatzea. Hots, ez da pentsiodunen erosteko ahalmena bermatuko.

Berez, dagoeneko emakume pentsiodun gehienek erosteko ahalmen urria dute, eta pobrezia mailatik gertu daude; horrelako erabakiekin bizi-baldintza gero eta okerragoak izango dituzte, duintasunetik gero eta urrunago daudenak.

Etorkizun diren errealitate hauek kezkatu egiten gaituzte, baita behartu ere ikuspegi feministatik irakurketa partekatuak egitera eta gure eskubideen kontrako eraso latz honi aurre egiteko indarrak batzera.Beraz, hau da gure jarrera:

—Eskubideak merkatzeko hamaikagarren saio horren aurka gaude, ez da inola ere «beharrezko erreforma» bat; benetako eztabaidarik gabe gauzatu nahi dute, aurrez beharrezkoa den azterketarik egin gabe. Izatekotan, beste era bateko erreforma estrukturalak babestuko ditugu: diren sexukoak edo jatorrikoak direla ere, pertsonen eta emakumeen bizi-eta lan-baldintza duinagoak hedatzeko aukera eman dezaketen erreformak.

—Enplegu egokia eta bizi-baldintza duinak nahi ditugu guztiontzat. Gure helburua da bizitzeko eta bizia gozatzeko aukera ematen duen pentsio-sistema publiko bat izatea. Zaintzarako azpiegitura sozial eta publikoa eskatzen dugu, eskubide eta aukera berdintasuna bermatuko duena; halaber, oro har gauzatzen ari diren gizarte-zerbitzuen pribatizazioa geldi dezatela.

—Lan-harremanen eta gizarte-babeseko euskal esparru baten alde gaude, oinarritzat emakume zein gizonezkoen arteko aukera berdintasuna izango duena.

Gure ardura eta salaketa bateratua adierazteko plazaratu dugu agiri hau; bide batez, orri honekin adierazi nahi dugu guk ere bat egin dugula euskal gehiengo sindikalak (ELA- LAB-EILAS-EHNE-Hiru) urtarrilaren 27rako Hego Euskal Herrian deitu duen greba orokorrerako deialdiarekin.

Oldar neoliberalari aurre egiteko mobilizatu beharra hor dago, eta hitzordu hau balia daiteke sareak eratzeko nahiz kalean nazioarteko merkatuek ezartzen dituzten logika injustuei erantzuteko; tokian tokiko gobernuek onartzen dituzten logika horiek desberdintasuna areagotzen dute eta egunero gure herriko emakume eta gizonei egiten diete kalte.

Sinatzaileak: Mari Jose Martinez , Mari Luz Esteban, Isabel Otxoa, Silvia Gay, Mari Luz de la Cal, Yolanda Jubeto, Lourdes Mendez, Idoye Zabala, Irantzu Mendia, Rosa Andreu (EHUko irakasleak); Izaskun Guarrotxena (Bilgune Feministako militantea); Nekane Jurado (ekonomialaria eta Elkartzen-eko ordezkaria); Teresa Saez (berdintasun teknikaria); Gloria Guzman (feminista etorkina); Begoña Zabala (militante feminista); Itziar Hernandez (Hegoa-ko dokumentazio arduraduna, EHU); Teresa Zabalegi (abokatua eta Sexu Indarkeriaren aurkako Emakumeon Plataformako kidea)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.