Maitasuna. Maitekiro izan zen Galdakaoko Eguzkibegi ikastolak maiatzaren 25ean egingo duen Ibilaldirako proposatu nuen leloa. Magaletik herrire, euskera erdire onetsi zen, ordea. Luzeegia, nire gusturako. Nabariegia. Baina demokraziaren erruz gailendu zen. Nire ustez, Maitekiro-k hobeto islatzen zuen eskola baten muinean egon behar duena: irri batekin, nor bere burura hurkoari ematea. Jesusen bigarren agindua, alegia: «Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala».
Mina. Maitasunarekin batera mina eta gorrotoa datoz nahitaez. Ikastolei baina asko jar lekizkieke. Ondo dakit. Gertutik gainera. Eta, nola ez, gaizki-ulertze eta gorrotoak sortzen dira ikastoletan eta ikastolekin, herri txikiegia garelako, infernu handiegia.
Ukazioa. Hortik, sarritan entzuten eta irakurtzen duguna: egun ikastolak (Ikastolen Elkartean biltzen direnak) ez direla beharrezkoak, proiektu elitistak ei direla gainera. Ñabardurarik ezean, karikatura baino ez da geratzen. Zuri-beltza.
Harridura. Nola izan daiteke irabazi-asmorik gabeko proiektu herrikoi bat elitista? Eta auzolanean musu truk ari diren guraso eta langileak ere elitistak? Ostera bere esan dezagun: kuoten afera finantzaketa publiko eskasaren ondorioa da. Ikastoletako bazkideok poz-pozik ezabatuko genituzke kuotak. Kontraesanak ikastoletan? Gure beste! Hobetzekoak? Nola ez! Elitismoa? Inolaz ere ez!
Jakin-mina. Ikastoletan hezkuntza jarduera icebergaren punta besterik ez da, haien ekarpena ikusten den baino askoz harago baitoa. Ikastolen zati murgildua, ikusten ez dena alegia, bakana eta baitezpadakoa da eta: Zenbat antolamendu herrikoi daude gure zazpi lurraldeetan errotuta? Zein beste hezkuntza mugimendu dago konprometituta material propioa sortzearekin? Zenbatek dihardute euskararen mugetan? Zein beste mugimenduk dauka Elkartasun Kutxa bezalako tresna solidariorik gehien behar duten hezkuntza proiektuei sostengua emateko (eta Euskal Herri osoan)? Era berean, lehen begi kolpean ikusten ez diren adar horiek loratu ahal izateko, enborrak nahikoa sendoa izan behar du. Enbor sendorik gabe adarrak ez baitira bideragarriak. Dirua behar da, lantalde sendoak, masa kritikoa, kaudimena eta sinesgarritasuna.
Sosegua. Kopla askorik gabe Ikastolak gutxiestea baino, erakunde horien benetako lana tentuz miatu behar genuke, herrietako ika-mikak baztertuta eta errealitate politiko eta soziolinguistikoak osotasunean kontuan izanda. Kultura eta hizkuntza gutxitua baikara. Lau katu. Eta globalizazioak ez du barkatzen. Hortaz, Ikastolak babestea diglosia egoeran bizirauten duen herri proiektu errakitikoari arnasa apur bat ematea baino ez da. Zuhurragoak izan beharko genuke eta, gure erakunde urriak akabatu aurretik, balizko ordezpena ondo aztertu. Maiz ordezkorik ez da eta.
Onarpena. Galdakaon hizkuntzarik erabiliena gaztelera da. Euskararen ezagutza biztanleriaren %50era ez da heltzen. Horregatik, ezin ditugu gure gotorleku euskaltzale urriak bertan behera utzi. Eguzkibegi ikastola eta herriko eskola publikoak; Binke euskarazko aldizkaria; pilota, mendi eta dantza taldeak… gure altxor eta bidelagunak dira.
Konfiantza. Hor baitago koxka. Nola irudikatzen dugu etorkizuna? Ze tresnaz baliatuko gara Euskal Herri osora hedatu nahi ditugun helburuak lortzeko? Nola abiatu nahi dugu erronka, aliatuekin edo gabe? Winston Churchillek argi zuen: gauza bakarra dago aliatuekin borrokatzea baino okerragoa, haiek gabe borrokatzea. Ezbairik gabe, herrigintzaren margolanean denon pintzelkadak nahitaezkoak dira.
Amorrua. Homeroren hitzetan, Akilesen amorrua Agamemnonek egindako irainetik dator. Agamemnonek Akilesi bere guda harrapakina zen Briseida gaztea atzeman zion. Desohore horrengatik haserre, Akiles oinarinak uko egin zion Troiako Gerran gatazkatzeari. Hala ere, etenaldi baten ondoren, borrokara itzuli zen Patroklo bere lagun maitearen heriotza mendekatzera. Orduan, Akilesek, armak atzera ere jaso aurretik, bakea egiteko ondokoa esan zion Agamemnoni: «Hobea izan al da biontzat, zuretzat eta niretzat, bihotzeko mina izan arren, elkarri aurre egitea arima irentsi digun auzi batean?».
Grina. Itxaropenak sortu zituen eskolak, etorkizun distiratsuago baten esperantzak. Eta grinak oraindino hauspotzen gaitu nahiz eta, lantzean behin, malkoren bat isuri. Ibilaldiaren egunean, gure itsaso maitetik urrin eramango nau enbatak. Beste haizeen menpe egongo naiz baina, betiere, kresala gogoan, Egia bihotzean eta eguzki begira!