Asteburu honetan Usurbilen eginen ditugun Auzolan Topaketetan, energiari buruzko hausnarketa zabala egiteko parada izango dugu. Zer? Gure baserrietako produktuak erosi behar direla azokan? Ez barka, gaur energiari buruz ari gara. Bai, bai, interesgarria da Mexikoko tortillaren gerra eta Zabor-maileguen (sub prime) gaia, eta Libiako gerla, eta abar, baina gaur Energiari buruz hitz eginen dugula diotsut.
Azken urte hauetan aditu askok energia merkearen garaia bukatu dela ohartarazi digute. Badirudi garai berriak datozela, energiaren garestitzea ez baita gasolindegi eta berogailuaren fakturetan bakarrik nabariko. Zirrikitu guztietan sartzen diren beso luzeak omen ditu energiak.
Arazo horren aurrean, mendebaldean hain gogoko dugun ikuspegi kartesiarrari jarraiki, kapitulu berri bat sortzea erabaki dugu, espezialitate berri bat, departamentu berri bat, formakuntza berri bat, ikerketa esparru berri bat, Energia izenekoa. Energia berriztagarriak garatu behar omen dira, berdeak, garbiak. Eta energia aurrezteko teknologia berriak ikertu behar omen dira. Egoera zaila da, baina zientziak aurkituko du zer edo zer.
Energia ez da teknologia bat, ez da natura baliabide bat. Energia gure eguneroko bizitzako ekintza askotarikoak aurrera eramateko ahalmena da. Eta iraunkortasunean oinarritutako gizarte bat sortu nahi badugu, energiaren ikuspegi linearretik irten beharko dugu.
Beharrezkoa dugu energiaren betaurrekoak jartzea, egun batez behintzat, eta arlo guztiak energiaz koloreztaturik daudela konturatuko gara.
Gaia konplexua da oso. Eta ezin dugu adituen eskuetan utzi. Beharrezkoa dugu ekintzara pasatzea, egitea, askotariko ekimenak garatzea. Herrigintzatik sortutako proiektuak behar ditugu abian jarri, hainbat arlotan garatuko diren proiektuak. Gure beharrei erantzuteaz gainera, gure herriak duen dependentzia energetikoaz ohartaraziko gaituzten proiektuak ikertzeko eta saiatzeko ekimenak eta naturalki gure bizimoldea aldatzera eramango gaituztenak. Ezaugarri horiek dituzten proiektuak ezinbestean auzolanean egin beharko dira.
Energia eredu berriaren alde, auzolanean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu