Entzutea eta ulertzea ez da gauza bera

Xabier Kintana Urtiaga.
2011ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Euskal Herriko lekuaskotan aditu dutesatean horrekin gauza bi adieraz daitezke, testuinguruaren arabera: a) 'entzun dut' eta b) 'ulertu dut'. Georgieraz mesmis adizkerarekin 'entzuten edo ulertzen dut' eta gaztelaniaz ya lo he oído esatean 'ya lo he entendido' ere adieraz daitekeen bezalaxe. Ez dago hor ezer txarrik, bitara uler daitezkeen esaldi horien aldamenean, eskuarki inolako zalantzarik uzten ez duten beste perpaus zehatzago batzuk ere egoten dira eta. Baina elkar ulertzea zailagoa gertatzen zaigu, ezinezkoa ez esatearren, berariaz zerbait ulertu nahi ez dugunean. Izan ere, itsusi bezain gogorra egiten zait inoren adimen-urritasunean sinestea edo halakorik aldarrikatzea, latinezko Quod natura non dat, salmantica non prestat erranairu zatarrak egiten duen bezala. Horrexegatik egokiagoa deritzot gure Oihenarte zuberotarraren Jainkoak didala behazale bezala adizale atsotitzari, gutxi gora behera, antzinako bizkaitarrek zioten harako esaera haren antzekoari: Ulertzaile onari, hitz gitxi. Eta, Lazarraga eta Olabide arabarren bideari jarraituz, bentzu belarridunak.

Zientziak aurrera doaz, eta beren bidean aurkituriko datuen informazioarekin inguruak argitzen eta azaltzen laguntzen dute. Horrela, belaunaldi bakoitzaren emaitzek gure aurrekoen urratsak sendotzen edo bestebideratzen dizkigute. Hizkuntza zapaldu bati Estatuen ofizialtasunak erabilera eta izateko eskubidea bera ere ukatzen dizkionean, normala izaten da herriko haur prestuak amaren ohore maiseatuari lehengo distira itzultzen saiatzea, lan horretan ahal duten guztia eta esku-ezagueretan dituzten bideak oro erabiliz. Horrela jokatu zuten gure aurrekoek ere: Oihenartek, Larramendik, Astarloak, Xahok, Campionek, Azkuek, Arana-Goirik... eta, zein bere mendearen kume, euskaren etorki biblikoa, tubalismoa, asmapen filosofikoa, indoeuroparren aurrekoa, iberiarra etab. proposatu zuten. Aita Barandiaran izan ei zen, dirudienez, Campionekin batera, hitz batzuen kanpo itxura modernoaz baliatuz, gaurko euskararen etorkia harri aroraino atzera zitekeela esan zuen lehenengoa. Hori, gainera, herriko hizkuntzaren defentsa sutsua egiteko asmo zuzenaz, eta garai hartako jakintzarekin, nolabait, aski ongi uler eta onar zitekeen. Garai hartarako, behintzat.

Ibaietako urak bezala, zientziak ere aurrera egiten du, eta gaurko aurkikuntzek, maiz, atzoko segurtasunak zalantzan jartzen dituzte. Aurrerapenak horixe dakar, inguruko unibertsoaz geure buruan daukagun irudia eta antolaketa etengabeki aldaraztea. Batzuetan horren lerro nagusiak dardararazten ditu, eta beste batzuetan azaleko xehetasunei besterik ez die ukitzen. Lehenik, antzinako gizakiei Jainkoaz, munduaz eta bertako bizidunez ideia orokor egituratua eman nahirik, Liburu Santuek unibertsoaren sorreraren istorioa kontatzen zuten. Geroago, izarrei behatuz, horren lekuan, Kopernik poloniarrak gure planeta-sistemaren heliozentrismoa eta Laplace frantsesak grabitazioaren legeak formulatu zituzten. XIX. mendean Darwinek bizidunen bana-banako kreazioaren ordez, eboluzioaren teoria azaldu zuen. Ondoren, joan den mendearen hasieran, Einsteinek denboraren erlatibitatea aurkitu zuen... Bakoitzaren emaitzek, handitan edo txikitan, ordura arteko jakintza irauli eta gauzak birplanteatzera bultzatu zuten.

Hasieran, ziotena ez zitzaien sinetsi. Kasu batzuetan, gainera, ondoko ikertzaileek aurrekoen aurkikuntzak pixkat zuzendu behar izan zituzten, haiek neurtzeko aparatu gero eta hobeagoekin bat etorri arte. Jende askok ez zuten amore eman nahi izan, eta hil arte eboluzionismoaren aurka agertu ziren, eta gaur egun ere, Estatu Batuetan bereziki, halaxe diraute talde erlijioso protestante batzuek, Bibliako hitzez hitzeko kreazionismoaren alde.

Ondo pentsatzen hasiz gero, gogorra izan behar du txikitandik etxean edo eskolan egia absolututzat irakatsi zaiguna, bat-batean eta ustekabean, pikutara doala konturatzeak, eta horren ordez beste ideia batzuk onetsi beharrak. Horregatik, lagun batzuek nahiago izaten dute beren barne orekari eustea, paradisuko gure lehen gurasoengan, Itsaso Gorriaren erdibitzean edo errege magoengan sinesten iraunez, horrek barru-barruko ideia gozoak aldatu beharrik ez izateko lasaitasuna ematen dielako. Haur adoptatuak bere ustezko aita-amak ez dituela egiazko guraso lehen aldiz entzutean bezala. Eta badakit ez naizela ni nor besteri bere ilusioa kentzeko, egia baita, itzalpetik eguzkitara irtetean bezala, argi biziegiak, hasieran behintzat, begietan min ematen duela. Baina, halere, zer eginen diot ba! Nik ere txoria dut maite.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.