Nekane San Miguel.

Epaiketa bat

2024ko martxoaren 31
05:00
Entzun

Erorketa baten anatomia filma ikusteko gomendio bat baino gehiago jaso nuen. Izan ere, epaiketa penal baten inguruan eratzen da kontakizuna, eta urte luzez horretaz izan da nire jarduna. Pelikulan azaltzen den epaiketa izan beharko ez litzatekeenaren adibide izan arren, errealitatean sarritan ematen diren jokamoldez gainezka ageri da; bai polizia, bai fiskala, zein aditu edo prentsaren moduei erreparatuz gero.

Pelikulak eskaini zuen amaierarekin lasaitua hartu bide zuten ikusle gehienek, hildako gizonak bere buruaz beste egin zuelakoan. Lagun bati nik heriotzaren modu hori ez nuela garbi esandakoan, harritu zen: Zer ba, hire ustez, andriek hil jon? Hori ere ezin nuela ondorioztatu esatean, ez zidala ulertzen erantzun zidan, zalantzaren oinarriak eta eraginak azaltzen saiatzen nintzen bitartean.

Jendeak ziurtasunak exijitzen ditu eta zaila zaio onartzea prozesu penalean, batzuetan, ezin dela gertatutakoa finkatu. Motiboak? Hamaika. Batzuetan datu frogagarririk eza; beste batzuetan legeetan aurreikusitako joko-arauak urratuz epaiketara ekarritako frogen balio eza. Ez da ulertu nahi ez direla formalismo hutsak, prozesu penalera ekarritako pertsonen eskubideen bermea baino. Erorketa baten anatomia filma, Sandra (protagonista) andrearen eskubide ororen urraketaren kronikatzat ere har daiteke.

Gizona hilda lurrean den lekura bertaratuaz bat, ez du polizia konbentzitzen erorketaren tesiak eta susmoa oinarri hartuta, Sandra hiltzaile moduan aurkeztuko du Fiskalaren aurrean. Susmoan sakonduz, pilatu dituzten datuez haratago euren iritzia (adimen-txosten deritzona) eskainiko dute, erorketa izan denik guztiz baztertuz. Abokatu-lagunak Sandrari zer gertatu den galdetu eta emakumearen erantzuna hartzerakoan (ez dakit zer gertatu den) horrekin nekez defenda dezakeela, bertsio alternatibo bat prestatu beharrean direla ihardesten dio. Sandraren harridura gehituz doa susmagarritik inputatura eta berehala akusatu izatera pasatzen denean, Fiskaltzak senarra hil izana leporatuko baitio formalki.

Indarrean dirauten araupean aurkeztuko diren frogen bidez egiaztatu beharko luke akusazioak bere hipotesia (akusazio-hipotesia) baina film honetan bide horretatik urruti aritzen da Fiskaltza, Sandraren izaera maltzurra frogatzen jarriaz arreta eta indarra. Bide honetan lekukoei egingo dien galdera eta aurkeztuko dituen agiriak ez doaz eroria nola gertatu zen azaltzera, akusatua den emakume hori manipulatzaile, gorrotagarria, hotza, desleiala (beste emakume batekin sexu-harremanak dituena, gainetik) dela epaimahaikideak konbentzitzera baino. Sandrak idazle gisa arrakasta lortu bazuen ideien-lapurreta baten ondorena izan zen ere, gizona baitzen ideien sortzaile eta jabe Fiskalarentzat. Emakume eta ama bati dagokion «rola» ez zuela bete nahi izan Sandrak, bere gogo eta interesak lehenesten dituen izaki gaiztoa baita. Beraz, senarra hiltzeko gai.

Ezin esan gabe utzi nola lortu nahi zuen halako erretratua marraztu Fiskaltzak: galdera makurren bidez, fede oneko lekukoei ere galderan bertan erantzuna iradokiz, eta esandakoari iruzkinak eginez, erabat bihurrituz lekukotzaren zentzua, epaimahaikideen pertzepzioa manipulatu nahian. Ez zuen ematen gertatutakoaren egia jakitea zenik helburu, emakume akusatuaren oreka eta osotasuna suntsitzea baizik, Sandraren intimitatea astinduaz akusazioaren hipotesiaren kontura ez zetozen galderekin. Ez zen gogoratu ere akusatuak isilik egoteko duen eskubideaz, eta lehen esandako kalifikazio guztiei gezurtiaren ikurra zintzilikatzen dio, emakumearen adierazpenak barregarri utzi eta Sandra sare askaezina dirudien baten harrapatuta sentiaraziz.

Ezin tarte labur honetan film honek duen aberastasun osoa azaldu, makina bat kasu errealekin duen antzekotasunagatik bada ere, baina ezin amaitu Samuel (Sandra eta hildako gizonaren semea) gazteari erreferentzia egin gabe, haren oroimenak salbatuko baitu akusatua kondenatua izatetik. Samuelek epaiketaren amaiera aldera berreskuratzen duen oroitzapena gazteari planteatzen zaion dilemarekiko irteera den zehaztea ez da kontu erraza. Berak ere zalantzak ditu bere baitan berreraikitzen saiatzen den pasartearen inguruan, baita epaimahaiak sinetsiko diola ziurtatzeko ere. Froga hau baliatu nahi dut giza oroimenaren hauskortasunari aipamen laburtxo bat egiteko, deklaratzen duenaren fede eta asmo onak ez dituela beti datu ziurrak eta egiak ekartzen gogoratzeko, baina erorketaren anatomian Samuelen memoriak Sandrari balio izan dio epaimahaikideen barnean zentzuzko zalantza ezartzeko: zer gertatu zen gizona hilda agertzeko?.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.