Erabaki irmoak, oldarraldi desesperatuak

2017ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Azken urteetan, Katalunian, egun bakar batez albisteei kasu egiten ez badiezu, hilabete batzuetan hibernatzen egon zaren sentipena edukiko duzu, jarduera politikoa ez baita segundo bakar batez ere geratzen. Kataluniarrok argi daukagu 2017. urtea erabakigarria izango dela eta saio honetan ezin dela kale egin.

CUPek aurrekontuak onartu izanak independentismoari hegoak eman dizkio, nahiz eta esku hartu duten alderdi guztien arteko liskarrak, azken orduko presak eta aurpegiratzeak izan diren. Aurrera egin duten urratsa ez da gutxiestekoa, helburu komuna izan arren Kataluniako egoeraren konplexutasunak askotan bistaratzen baitu bere hauskortasuna ere (era berean, erakusten du mugimendu aberats transbertsal eta askotarikoa dela). Zerbitzu publikoetan murrizketa handienak egin dituen alderdiak alderdi antikapitalista batekin hitzarmenak egiteak asko esaten du herrialdeak duen egoeraz.

Tramite hau pasatu ostean, Generalitateko gobernua ez da erlaxatu. Eta Aranzadi Brigada urduri dago. Ez da kasualitatea, beraz, Espainiako Justiziak prozesu independentistarekin loturiko prozesu guztietan abiadura handitu izana. Hain zuzen ere, aste honetan bertan, herri bozketa bat baimendu zuten gobernuko hiru kidek epailearen aurrean deklaratu behar izan dute; bide batez, azaroaren 9a urardotua izan zen, eta, bere garaian, Espainiako Gobernuak gutxietsi egin zuen. Kuriosoa behintzat bada itxura batean hain hutsala den zerbaitek azken ehun urteetako miraririk handiena lortu izana: justizia azkarra izatea. Katalunia askatua izango da, baina botere judizialak ikasiko du zer den azkartasuna. Azkenean, abantailak baino ez ditugu izango!

Txantxak alde batera utzita, Espainiako Estatuaren oldarraldia (ez dena gai izan Elkarrizketa operazioaren ke lainoari bi hilabetez ere eusteko) eta justiziaren politizazioa desesperazioaren sintoma dira. Eraitsi nahi duten jomugetako bat Kataluniako Parlamentuko presidentea da, Carme Forcadell; parlamentuan zenbait eztabaidari bide eman dielako hainbat kargugatik akusatu nahi dute hura. Irrazionaltasuna hain muturreraino iritsi da, ezen egoera patetikoak eragin dituen, Auzitegi Nazionaleko epaile batek CUPeko zinegotzi bati «tortilla egiteko arrautzak hautsi behar direla» esatean zer esan nahi zuen galdetzeraino. Errealitateak karikatura gainditu du.

Alderdi popularrak oraindik ez du ezer ulertu nahi Kataluniako egoerari buruz, eta erabat uko egiten dio hitzartutako erreferendum hipotetiko bati buruz hitz egiteari. Horri gehitu behar zaio desintegratzen ari den PSOE bat eta kainismo basatian murgilduta dagoen Podemos bat.

Duela aste batzuk, Generalitateko presidentea Europako Parlamentura joan zen, ordezkaritza esanguratsua duten beste zenbait kiderekin batera, Kataluniak desio duena azaltzera. Antza denez, erakundeetako makineria ere lanean ari da. Eta, bestalde, gizarte zibilak ez du kale egiten, joan den astelehenean erakutsi zuen moduan; izan ere, milaka pertsona mobilizatu ziren bozketa bat baimentzeagatik epaitutako pertsonak defendatzeko.

Ez dago atzera bueltarik, eta hurrengo hilabeteek aparteko garrantzia izango dute. Batetik, Trantsizio Juridikoaren Legea onartu behar da, erreferenduma egin ahal izateko gakoa den pieza. Bestetik, ikusiko da entitate ezberdinak Erreferendumaren Aldeko Itun Nazional batean batzeko hamaikagarren saioak laguntzen duen atxikimendu gehiago lortzen Katalunian, Espainian eta Europan.

Eta, hemen, Ada Colauk eta gertuko duen jendeak izango du dilema, erabaki beharko baitute alde bakarreko erreferenduma onartuko duten edo uko egingo dioten katalanei laguntza emateari euren etorkizuna aukera dezaten.

Egiaren ordua iritsi da: erabakiak irmoak izango dira, baina estatuaren oldarraldiak ere tamaina berekoak izango dira. Hasi da partida.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.