Erantzi maskarak

2017ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Artikulu hau idazten ari naizen bitartean, Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez hemezortzigarren gaua ematen ariko dira kartzelan. Epaileak erabaki zuen beren ideiengatik kartzelatuko zituela. #FreeJordis

Katalunian urriaren 1ean eginiko erreferenduma arrakastatsua izan zen, antolakuntza eta parte hartze aldetik. Herritarrek, konfiantza eta diskrezio ekintza bakar batean, elkarlanean jardun zuten, bozkalekuak ireki zitzaten eta hautetsontziak eta botopaperak beren tokian egon zitezen. Estatuak, elkarrizketaren bidez erantzun beharrean, kolpeka eta borra ukaldika erantzun zion botoa eman nahi zuen jendeari. Egun hartan, maskara erantzi zieten bai Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari, zeinek ez baitute ia aldatu modus operandi-a 1975az geroztik, eta bai Espainiako Gobernuari, zeina prest baitago indarra erabiltzeko botazio bat eragoztearren.

Botazioa pasatuta, elite ekonomikoen txanda izan zen. Herrialdeko bankurik garrantzitsuenek egoitza soziala lekualdatu zuten, bezeroak beldurtzearren eta prozesu independentista ezegonkortasuna eragiten ari zela erakustearren. Eta zenbait enpresari kalera atera ziren eskatzera ez zezatela independentziarik deklara, horrek ondorio zorigaiztokoak ekarriko zizkielako beren negozioei (eta, errebotez, Kataluniako ekonomiari). Oraingoz, ez da iritsi inolako apokalipsi ekonomikorik. Maskara erantzi zieten establishment-ari eta botere ekonomikoei, zeinak ez baitira bustitzen kausa nobleak tartean direnean, baina men egiten baitiete Espainiako Estatuaren monarkiaren eta aparatuaren errepresioari Kataluniaz ari direnean.

Katalanen eskaerei erantzuteko egin zuten PPren, PSOEren eta Ciudadanosen arteko ituna, zeinak ezarri baitzuen Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua libreki interpretatzea. Izugarrizko aberrazioa da, ordea, Espainiako edozein herritar haserrearazteko modukoa, gobernu legitimo bat etetea, Mossos d'Esquadrako burua egoztea, lurraldearen kontrola bereganatzen ahalegintzea eta Kataluniako komunikabideetan esku hartu nahi izatea. Horrek, izan ere, urratu egiten du zuzenbide estatua. Baina ez da agertu Katalunia berriro kolonizatzearen aurkako ahotsik. Berriro ere, ikusten ari gara nola erortzen ari zaion maskara PSOEri: alderdi ezkertiarraren plantak eginagatik, Alderdi Popularraren eranskin bat baino ez da, eta bi-bien asmoa da kosta ahala kosta eta inolako zigorrik gabe eustea beren botere kuotei.

Aste honetantxe ikusi dugu independentzia prozesua judizializatzeko beste atal bat. Generalitateko kontseilarien erdiak daude behin-behineko kartzelaldian, matxinadaz akusatuak, eta presidenteak eta gobernuko lau kidek babesa eskatu dute Belgikan. Haiei beste bi preso politiko erantsi behar zaizkie, ANCko eta Omniumeko buruzagiak, zer, eta «iskanbila baketsu» gisako oximoronaz akusatuak. Hutsegite ezinago larri bat da, Auzitegi Nazionaleko epailearen zentzugabekeriaren erakusgarri bat, zeinak bere onetik atera eta gaizki tratu baitu berriro ere Kataluniako gizartea. Justiziak hobe luke halako ahaleginez eta azkartasunez borrokatu ustelkeria eta genero indarkeria. Erantz diezaiogun maskara justizia politizatu eta lerrokatu horri, mantsoa eta garantista baita hala interesatzen zaionean, eta arbitrarioa, berriz, bere erabakietan. Kendu botere banaketaren makillajea.

Baina begirunerik eza eta zigorgabetasuna ez da bakarrik bulegoetan gertatzen, baizik eta baita kalean ere. Espainolistek Bartzelona erdigunean egin dituzten bi elkarretaratze handietan, istiluak eta oldarraldiak gertatu dira azkenean. Horrez gainera, gobernuko zenbait kide agiraka hartu eta gaizki tratatu izan dituzte hainbat geltokitara eta aireportutara iritsi direlarik. Maskara erantzi behar diogu frankismoari, bizirik baitirau halako egoeretan gailendu ohi den itzal eta isiltasun konplizearen pean. Ezin onartuzkoak dira halako sinboloak, jarrerak eta jarduerak, bai eta horien egileek inolako zigorrik ez izatea ere.

Hala eta guztiz ere, Espainiako haitzulo mediatikoko maizterrak ezinago modu berritzailean ari dira gezurrak kontatzeko arte horretan, azpijoko sorta luze batekin bazka emanez iritzi publikoari. Partzialki kontatzen dute zer gertatzen ari den Kataluniako erakundeetan; erakunde subiranistentzako finantzabide publikoak asmatzen dituzte; inkongruentziaz jositako elkarrizketak erosita, irmo diote sortzen ari dela existitzen ez den gizarte haustura bat, eta gezurretan aritzen dira ezinago modu nabarmenean Kataluniako hizkuntza ereduaz mintzatzean —esaten dute, esate baterako, eskoletako jolasgaraietan debekatua dutela gaztelaniaz hitz egitea—. Eror daitezela zenbait kazetariren eta hedabide batzuetako tituluen maskarak, atzean dituzten talde ekonomikoen interesak babestu baino ez baitute nahi, zinezko informazioa ematen ahalegindu ordez.

Baina isiltasunez ari garelarik, ezin ahaztu dugu nazioarteko komunitatearen rol deitoragarria. Berriro ere, erakutsia du ez duela jarduten balio moralen arabera, baizik eta interes politiko eta ekonomikoen arabera mugitzen dela. Kide garen Europako Batasun honetan, alderdi faxistek aukera dute hauteskundeetara aurkezteko, baina komunitateak beldur dio bere lurraldearen barruan estatu berriak sortzeari. Bada garaia maskara kentzeko, hain zuzen, demokrazia sendotzeko keinuak egiteari uko egiten dioten Europako zenbait buruzagiri, errefuxiatuak Erdoganen totalitarismoari saltzen dizkioten horiexei.

Eta horregatik guztiagatik, katalanok samaldaka joango gara botoa ematera abenduaren 21ean. Zeren eta Katalunian ez baitzaie beldurrik hautetsontziei. Ez baitzaio beldurrik erakusteari independentismoa ez dela gogo aldarte koiunturazko bat, baizik eta luzarorako zerbait dela. Horrela, maskara erantziko diegu hauteskunde zikloak beren hobe beharrez erabiltzen dituzten alderdiei, herriaren ahotsa entzuteko baliatu ordez.

Etorkizunik iragarri ezin badiogu ere, dagoeneko esateko moduan gaude halakoei maskarak eranzteko formula ezinago zorrotza izaten ari dela katalanek hasitako independentzia prozesua; baita alderdi politiko askoren zinismoa amaitzeko ere, diktaduraren ondorengo arrastoak agerian uzteko, eskubide zibilak behin eta berriro urratu direla salatzeko, zenbait pribilegiaturen zigorgabetasuna nabarmentzeko, eta Kataluniako, Espainiako eta Europako eliteen artean behin eta berriro izandako itunak ezagutarazteko. Zintzotasun eta gardentasun prozesu horrek, luzera begira, sendotu egingo ditu herritarrak eta demokrazia.

Honezkero, estatuak jakin beharko luke ordezkari ugari kartzelatuagatik ere beste bi milioi pertsonatik gorako harrobia dagoela prest haien tokia hartzeko. Askatu preso politikoak.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.