Erantzukizuna, zure heziketa

Resu Abasolo eta Juana López de Munaín
2014ko martxoaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Heziketaren helburua, gure ustez, gizakiak heldutasuna lortzea da. Heldutasun hori antzematen da gizakiak berak egindakoaren ondorioak bere gain hartzen dituenean, balio etikoez jokatzen denean, autonomiaz eta askatasunez erabakiak hartzerakoan jakintzari garrantzia ematen zaionean, bestearen lekuan jartzeko ahalegina egiten denean eta komunitateko ekintzak norbereenekin sentitzen den erantzukizun berberaz kudeatzen direnean. Beraz, heldutasunez jokatzea, bidea hartu aurretik aldagai guztiak kontuan hartzea, ondorioak aurreikustea eta aurre-baldintzarik gabe erabakia hartzea da.

Hala ere, adibide ugari dituguhaurtzarorantz ote goazen pentsarazten digutenak. Adibidez, jendaurrean agertzeko modua: hizkera, janzkera, erabakiak hartzeko irizpide falta... baina gabeziarik nabarmenenak, gure ustetan, erantzukizun falta eta morrontza dira. Erabakien ondorioei garrantzirik ez diegu ematen eta hutsuneak agertzen badira haurtzaroan gurasoak arduratzen ziren moduan, orain nagusitan, parekoren bat etorriko dela espero dugu; kontuan izan gabe, behin ekintza burutakoan egilea dela erantzule nahiz eta ekintzak ohituretan, arauetan, dogmetan eta bitxikerietan oinarrituta egon, eta egia ez esatea da jokabide horien adierazpenik okerrena.

Abraham Maslowk (Gizaki autoerrealizatua, 1998) arau moralen porrotaz hausnartu eta gero galdetzen du: «Nola hezi haurrak, heldu osasuntsu bihurtzeko?». Gure ustez, premiazkoagoa da horren aurreko galderari erantzutea: posible al da heztea? Existitzen al da heziketa? Une honetako giroa ez da heziketak eskatzen duen heinekoa. Badirudi garai hauek ez datozela bat optimismo pedagogikoarekin, baina nahiz eta giza-aurrerapenak ez diren aurrerapen zientifiko eta teknologikoaren parean joan, guk pentsatzen dugu heztea posible dela; errealitate bat dela eta heziketaren bidez, egon badagoelako, gai garela egungo gaiek sortzen diguten dilema etikoak eta moralak argitzeko eta gizartea eraldatzeko. Heziketa, hori baita askatasunez eta erantzukizunez erabaki egokiak hartzen irakastea. Behin erabakiak hartutakoan, erantzule izaten ere lagundu egingo gaituelako. Fernando Savaterren hitzetan: «Gizakiok ez gaude hemen inguruari etengabe erantzunak emateko bakarrik, ingurua asmatzeko eta ingurua eraldatzeko ere bagaude aurreikusi gabeko egoerak sortu arren». Unean uneko erronkei erantzuna emateko gai garen neurrian aurrera egiten dugu, norbanako gisa zein kolektibo gisa. Zer da ba hau, heziketaren ondorio garbia baino?

Ondorioz, gizakia hezigarria da; irekia delako eta eraldatzeko gaitasuna duelako: naturak ez du azkeneko hitzik, gizakia ez da zerbait amaitua, gizakia proiektu bat da. Askatasunean, elkarren arteko komunikazioan eta autonomian oinarritutako interakzio guztien emaitza da, hain zuzen. Historiak erakutsi digu hondamendi handienak jaso dituztenak ere hezi egin direla eta horiei esker zientzia eta teknologien aurrerapenak eta giza eskubideak heldu zaizkigula. Hala ere, gehiegizko sinesmenak nahastu egin gaitzake eta heziketarekin dena lortzen dela sinestera eraman.

Familiak, behin haurra eskolaratzen duenean, eta eskola erakunde hezigarria denez, guk horretan sinesten dugu, hor egiten den guztiak heziketarantz begira egon behar du. Hezkuntza proiektuak eta hori garatzeko jarduerak erabakitzerakoan azken xedea, instrukzioarekin batera heziketa da etaaipatu dugun gizaki arduratsuaren profilaren ezaugarri nagusia, berriz, erantzukizuna. Oinarri hori ezinbestekoa da ondo finkatzea. Gainontzeko baliabideek, aurreratuenak izanda ere, ez dute ezertarako balioko, familiak eta irakasleek erakusten duten jarrera, portaera eta hitzen arteko koherentziak ez baditu lotzen. Heziketa erabaki egokiak askatasunez eta erantzukizunez hartzen ikastea da.

Prozesu konplexu baten aurrean gaude, bai eskolan eta bai familian, eta milaka azpi-erabaki hartuaz, errazak ez direnak, helduko gara azken xedera: pertsonek arduraz eta erantzukizunez jokatzea bizitzan.

Etxean eta eskolan dauzkagun milaka baliabideren artean, adibide bat aipatuko dugu: irakurketa. Irakurtzeak haurrari bere inguruan bizi ez dituen egoerak, dilemak, abenturak, gertaerak, pertsonak, bizi-baldintzak... ezagutzen eta esperimentatzen laguntzen dio. Horrela, erabakiak hartzerakoan, eredu bat baino gehiago bururatuko zaizkio. Alde horretatik, Nerea Alzola Maiztegi irakasleak Haur Literaturan agertzen diren baliabide etikoak bildu ondoren esaten du: «Narrazio hauen bidez haurra hezi egiten da». Istorioetako pertsonaiek (Txano Gorritxok, Printze Txikiak, Soinujolearen semeak...) erabakiak hartu behar dituzte eta ondorioak jasan; horrela, egoera anitzetatik irteteko konturatu egingo dira: egoeren konplexutasunaz, arazoak bideratzeko umorea eta irudimenaren garrantziaz, portaeren anbiguotasunaz, askatasuna eta autonomia pertsonalaz, erantzukizunaz...Oso lagungarriak izango dira kontzientzia moralaren hastapenak sortzeko eta finkatzeko.

Benetako bizitza, askatasunez, arduraz eta erantzukizunez bizitzen dena da. Baina arduraz jokatzeak zer-nolako ondorioak ekartzen dizkigu? Erosotasuna? Bakardadea ? Barneko bakea? Lasaitasuna? Zoriontasuna? Segurtasuna? Jakinduria?...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.