EGIko kidea

Erle gehiago behar ditugu lorategian

Aitana Agirre Loiarte
2025eko maiatzaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Goiz bateko isiltasunean, hurbiletik entzuteko aukera badugu, zerbait gertatzen dela ohartuko gara: loreak dantzan daude, haizearekin dar-dar egiten duten petaloen artetik soinu ezti bat dator. Erle bat da. Hain txikia, hain isila, eta, aldi berean, hain funtsezkoa. Ez genuke usteko horrelako izaki batek munduaren oreka mantentzen lagun dezakeenik, baina hala da. Naturaren funtsezko erroetako bat dira, eta, galduz gero, galera ez da erleetara mugatuko: gure bizitzetako egitura bera hasiko litzateke urratzen. 

Horrelako zerbait gertatzen da euskara bezalako hizkuntza gutxituekin ere: haien garrantziari erreparatzen ez badiogu ere, ezinbestekoak dira gure izaera osatu zein osotzeko, aberastasun kulturala mantentzeko bezainbeste.

Pentsa dezagun une batez: zer gertatuko litzateke erle guztiak desagertuko balira? Loreek ez lukete fruiturik emango, ez litzateke hazirik zabalduko, eta elikadura-kate oso bat desorekatuko litzateke. Eta euskararekin? Zer gertatuko litzateke gure kaleetan, herrietan, haurrek ez balute euskaraz jolas egingo, ikasiko, abestuko? Zer gertatuko litzateke gazteok euskara ez bagenu aukeratuko bizitzeko hizkuntza gisa?

Herri Urratsen Erlezainak kanpainak mezu argi eta inspiratzailea ekarri digu: erleen zaintza ez da ekintza sinboliko bat, ekintza estrategiko eta bizigarria da. Babesa ez da pasiboa: aktiboa, kolektiboa eta arduratsua izan behar du.

Euskara egona da arriskuan lehen ere. Mendeetan zehar, Frantziako eta Espainiako estatuen eskutik, sistematikoki zapaldua, baztertua eta isilarazia izan da. Euren zentralismoaren eta homogeneizazioaren izenean, euskararen aurkako politika errepikakorrak eta suntsitzaileak aplikatu dituzte biek. Ipar Euskadin, Frantziako Estatuak oraindik ere uko egiten dio euskarari gutxieneko estatus ofiziala aitortzeari, eta hizkuntza publikoa eta komuna izateko duen eskubidea sistematikoki ukatzen dio. Are gehiago, euskararen sustapenean ari diren elkarte eta ikastolen lana trabatzen du, diru-laguntzak ukatu edota epai judizialen bidez mehatxatuz.

EAEn, ordea, instituzioetatik babes eta esfortzu handia egon bada ere, erabileran dugu erronka. Nafarroako gobernuek –UPNk zein PSNk–, halaber, euskararen aurkako hizkuntza-politika diskriminatzaileak mantendu eta bultzatu dituzte urteetan zehar, euskaldunok bigarren mailako hiritartzat tratatuz eta lingua navarrorum-aren jatorria ezkutatuz, horrek haien nazionalismoa indartuko lukeelakoan. Zonifikazioaren bidez —euskararen ofizialtasuna eremu geografiko jakin batzuetara mugatuz—, eskubideak lurraldearen arabera banatzen dira, herritarren hizkuntza-eskubideak egunerokoan urratuz. Ondorioz, euskaraz bizitzea ez da aukera erreala Euskadiren zati handi batean. Hori ez da kasualitatea, politika kontziente baten emaitza baizik. 

Europar Batasunak ere ez du hizkuntza aniztasuna babesteko mekanismo irmorik ezarri. Euskararen moduko hizkuntzak Europako hizkuntza-ondarearen parte izan arren, Europak ez du neurri zehatzik hartzen estatu kideek babestu ditzaten, ez eta Europako Parlamentuan entzunak izan daitezen, eta, beraz, ez dute izaera ofizialik.

Koldo Mitxelenak zioen bezala: «Euskarak ezkutatzen duen egiazko misterioa ez da haren jatorria, gaurdaino iraun izana baizik». Eta iraute horretan, herriaren borondatea izan da giltzarria, ikastolen sorrerak edo Herri Urratsek berak erakusten duten bezala.

Erleen iraupen sena du euskarak: lan isila, kolektiboa, sarean egina. Euskararen erresistentzia horretan milaka eta milaka lagun izan dira erlezain: irakasle, guraso, ikasle, kazetari, musikari, nekazari, bertsolari… guztiak euren egunerokotasunean euskararen alde erabaki txikiak hartzen dituztenak. Egunero. Euri egunetan eta eguzkitan.

Hizkuntza ez da museo batean gordetzeko altxorra. Ez da argazki zahar batean edertasun bakartu gisa kontenplatzen den zerbait. Hizkuntzak bizirik dagoenean du zentzua. Eta euskarak bizirik jarraitzeko, erabilera behar du, polinizazioa bezala. Ezin da landare bakar batean geratu: hegan egin behar du, elkarrizketaz elkarrizketa, ahoz ahoko hegaldian.

Euskarak gaur egun duen erronka nagusia ez da ezagutza, erabilera baizik. Eta erabilera ez da bakarrik hiztun kopurua: erabilera da ausardia, konfiantza, aukera. Ohitura-aldaketak bultzatu behar ditugu erdaraz aritzen garen lagun zein familia kideekin; lehen hitza euskaraz esatera animatu behar dugu gure burua; kanpotarrei euskara integrazio-tresna dela erakutsi, eta beste hainbat ekintza eraman behar ditugu aurrera gure burua eta hizkuntza ahalduntzeko.

Gu gara erlezainak. Baina ezin dugu guk bakarrik. Europak eta estatuek ere beren ardura hartu behar dute. Hizkuntza-eskubideak eskubide unibertsalak dira, eta nazioarteko erakundeek ezin dizkiote begiak itxi hizkuntza baten bizi nahiari.

Ez dezagun itxaron, zer galdu dugun konturatzeko. Ez dezagun utzi loreak fruiturik eman gabe geratzen, eta ez dezagun utzi hitzak isiltzen. Euskarak bizi nahi du. Euskaraz bizi nahi dugu. Gure ahotik, gure ekintzetatik, gure bihotzetik bizi. Eta hori da gaurko aldarria: zaindu dezagun erlauntza, biziarazi dezagun euskara —baita estatu eta nazioarteko erakundeen bidez ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.