Erlijio heziketarako eskubidea izeneko artikulua agertu zen joan den astean, Maria Elosegik eta Arantza Azurzak sinatuta (BERRIA, 09/VI/17). Ikus dezagun.
Eskubide batez ari garenez, Elosegik eta Azurzak legeak zer dioen ikustera gonbidatzen gaituzte. Oso ondo: erlijio konfesionaleko klaseak hautatu ahal izatea eskubidetzat hartzen bada, legeak horrela esaten duelako da, eta ez oinarrizko eskubide eztabaidaezina eta ukiezina delako -bizitza edota kontzientzia askatasunerako eskubideak diren legez-.
Eliza katolikoak ohituratzat dauka jo eta ke defendatzea eskubide batzuk daudela mugiezinak, ezin direnak gehiengo demokratikoaren arabera aldatu, iusnaturalismo-aren ildotik. Elosegik eta Azurzak ondo dakitenez, iusnaturalismoa ikuspuntu bat da zuzenbidearen filosofian, zeinaren arabera badago, egon, lege natural bat, betierekoa, arau galkor eta gizatiarren aurrekoa, eta azken horiek ezin dutena ukatu. Askok pentsatuko dute baietz, horrela dela, baina lege gizatiarren aurreko ustezko eskubide horiek zeintzuk diren zehaztean arazoak sortzen dira. Ez Eliza katolikoarentzat, jakina, gotzainek eta aita santuak ondo badakitelako zeintzuk diren printzipio ukiezin horiek: eurek esaten dituztenak, eta kito. Enbrioiaren bizitza emakumearenaren gainetik kokatzen dutenean, heriotza duina hautatzearen posibilitatea ukatzen dutenean edota homosexualen eta heterosexualen eskubideak ezin direla parekatu defendatzen dutenean, beti, ditxosozko lege naturala aipatu behar dute.
Pozten naiz Elosegi eta Azurzarekin bat etortzeagatik iusnaturalismoa ez onartzean, alderdi erakargarriak baditu ere, niretzat behintzat. Erakargarria da iusnaturalismoa, adibidez, iussum quia iustum [aginduta, justua delako] planteatzen duenean, iustum quia iussum [justua, aginduta dagoelako] delakoaren kontra: guztiok legeak batzuetan ez direla justuak jakitun gaude. Edota legala eta morala ez dela gauza bera. Emakumezkoak bozkatu ezin izatea legezkoa izan zen aspaldian. Sufragistak egoera horren kontra borrokatu ziren hori aldatu nahian. Legea eraldatzea lortu zuten, eta orain guztiok txalotu egiten dugu borrokaldi hura eta sufragisten ahalegin nekagaitzak eta adoretsuak, garai hartan bakarrik gutxi batzuk ados agertzen baziren ere emakumezkoak bozkatzearekin. Laikotasunaren aldeko borrokan gaudenok legea aldatzea nahi dugu, bai, heziketa arloan bereziki.
Hala ere, Eskola Laikoaren Aldeko Plataformakook seme-alabak erlijio ikasgaian ez matrikulatzeko eskatu dugunean, ez dugu legezkotasun printzipioa kolokan jarri. Ezta jarri nahi ere. Ez dugu inork legez kanpoko ekintzarik egin dezan eskatzen. Gurasoei eskatu diegu hausnarketa egin dezaten eta euren seme-alabak ikasgai horretan ez matrikulatzeko aukera egin dezaten. Eta hori eskatzea erabat zilegi da. Gotzain, apaiz eta komunitate katolikoko beste kide batzuek kontrakoa eskatzen dutenean bezain zilegi gutxienez.
Dena den, eztabaidan sartzeko legeak zer dioen ezagutu behar dela horren argi ikusita, harritzekoa da Estatu espainolak Vatikanoarekin 1979an sinaturiko nazioarteko akordioak ez aipatzea artikuluan zehar, horietan baitago koska, eta ez Konstituzioan. Konstituzioak erlijio eta moral heziketa jaso ahal izatea eskubidea dela dio (27.3 art.) Ez du esaten, aldiz, non edo zein ordutegitan bete behar den eskubide hori: Akordioetan zehazten da. Valladolideko Laikotasunaren Aldeko Batzordekoek esaten duten legez, zinera joateko eskubidea ere badugu, baina horrek ez du inplikatzen sarrera Estatuak ordaindu behar digunik ezta etxe aurrean taxi bat ipini ere.
Elosegik eta Azurzak baieztatzen dutenaren kontra, erlijio konfesionala curriculumetik kanpo geratuz gero, fededunen seme-alabek ez lukete galduko heziketa moral eta erlijiosoa izateko aukera, heziketaren parte handi eta garrantzitsu bat familian betetzen baita, eta ikastetxetik kanpoko beste eremu askotan, katekesian kasu. Baina ezagutza eta fedea arloak bereiztea komeni da, bien onerako. Jakina, heziketa moralak lekua izan behar du ikastetxean, baina erlijio oinarritik kanpo, ikuspuntu erlijioso eta moral guztiek onartzen dituzten gutxienekoetan oinarrituak.
Konstituzioak bai dio inori ezin zaiola galdetu bere sinesmen erlijiosoez (16.1 art.), baina Estatuak ordaintzen duen lanpostu batean aritzeko fededuna izan behar da derrigorrean, eta langilearen bizitza pribatua bat etorri behar da Elizak predikatzen duenarekin ezkontzaz eta sexualitateaz!
Bestaldetik, egongo dira baina ez dut nik ezagutzen erlijio ikasgaia eskaintzen ez duen ikastetxerik. Hala ere, guraso bakar batek nahi badu erlijioa bere seme-alabarentzat legea bere alde dauka: irakasle bat jarri beharko zaio ikasle bakar horri. Gertatzen ez dena hautazko beste ikasgaietan, non derrigorrezkoa den gutxieneko ikasle kopurua egotea talde bat osatu eta materia eman ahal izateko.
Bitxia da oso erlijio konfesionala irakasgai mantentzearen alde daudenek zein erraztasun handiz eta buru-arinkeriaz erabiltzen duten eskubide hitza. Izan ere, eskubideek aurrera egin badute munduan zehar, erlijioaren eragina eremu publikotik ezabatuz lortu baita, kostata. Ez dago berriro esan beharrik erlijioa eremu pribatuko kontua dela esaten dugunean ez dugula klandestino bihurtu nahi. Elizak, sinagogak, mezkitak eta beste tenpluak hor daude, bakoitzaren sinesmenak irakatsi ahal izateko. Eskolatik kanpo. Askatasun erlijiosoa dagoelako gertatzen da hori. Erlijioek agintea izan dutenean edo izaten dutenean (Iranen zein Vatikanoan, gaur egun) ez da erlijio ezta pentsamendu askatasuna ere errespetatzen. Espainian, erlijioaren egungo egoera legalak hezkuntza sisteman, aipaturiko Akordioetan du oinarri. Ez dira oso luzeak, edonork irakur ditzake. Argi geratuko zaio irakurleari eskubide hitza ez dela hemen zuzena. Pribilegioa da erabili behar dena. Eliza katolikoak mendeak pasatu ostean mantentzen dituen zilegitasun gabeko pribilegio presenta ezinak.
Erlijioa, heziketa eta pribilegioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu