Ermuko Espirituari bai!

2024ko maiatzaren 7a
05:00
Entzun

Markos Gimenoren 101 letrakartel (Joseba Sarrionandia; Pamiela 2023) liburuaren ariora ondutako gogoeta duzu jarraian. Liburuak askorako ematen du. Unibertso bat biltzen du, unibertso partikularra. Haatik, ba al dago partikulartasunik gabeko unibertsorik? Ba al dago bizirik gabeko mundurik? Ez. Edo bai? Liburuaren subjektua (Markos Gimeno) hilik dago. Bai. Edo ez? Haren lagunek diotenez, euren bizitzetan bizirik jarraitzen du. Subjektua ez ezik, sujeta bilakatu zen munduaz beste egin ostean.

Gimenoren bizitzak askorako ematen du. Zer da liburu-artefaktu hau, ordea? Literatura al da? Zer da literatura? Zer zen eta zer bilakatu da?  Literatura galderak iradokitzea bada, liburu honek galderak dakartza. Erantzunak filosofiak eman ei ditu. Literaturan erantzunak norberak bilatu behar ditu. Literatura engainua da, eta horregatik berarengatik, desengainatzeko artefaktua. Literaturak ez du deus erakusten –zorrotz erranik–, literaturak batez ere –bizitzaz– dakiguna agerian uzten digu.

Literatura, baina, ez dago liburu bat dagoelako. Ez liburuaren egilerik dagoelako soilik. Literatura ernamuintzen da, egilea, obra, irakurlea eta interpretea egon badaudenean. Lau subjektu horiek elkarri eragiten diotenean, laurek interaktuatzen dutenean.

Literaturaren hilzoria bizitzen ari gara. Bertze gizaldi erdiren bat biziko ote? Euskal literaturari dagokionez, bada, erdiaren erdia auguratzen diot –ausarki ari naiz, interprete ez ezik, iragarle ere bai–. Hona premisa bat: iragan mendearen erdiaz geroztik –euskara– hizkuntza hil zorian egon zen eta doi-doia bizitzen hasi zen literatura hil kanpaiak entzuten hasi da.

Literaturarik ez duen herriak kultura bat asmatzen du. Horixe dugu Euskal Herria. Eta erran dezadan bidenabar, estatu bat osatuta ere, literaturarik barik –stricto sensu– ez litzateke nazioa osatzera helduko. Kultura delako hori literaturarik ez duten herriei dagokie postmodernitatean. Euskal Herriari, bertzeak bertze.

Gimenok sortutako obraren graziaz ari duzu liburua. Palindromoek, kalanburek, anagramek eta bestelako arte-espresioz osatuta. Berba biz definituta: altxor hizperimentala. Gimenoz ari garenean euskal gizarteaz ari naiz. Eta bere espirituaz ari naiz aldi berean. Gimeno ermuarra zen aldetik, Ermuko espiritu suerte berri batez ari gara. Ez naiz tronpatu, ez. Izan ere, Ermuko Espiritu delakoaz ere ari nauzu.  

Gimeno euskal komunitatearen espresio bat izan zen, sortzailea. Hitzen, irudien eta musikaren sortzaile. Etorkinen semea, euskaraz hezia eta hazia. Euskalduna. Espainiako Gerra Zibilaren osteko Ermuko gehiengoa ez bezala, espiritu berri baten ernamuina. Espiritu berri horren parean, bertze espiritu berri bat ernatu zen, ordea: Ermuko Espiritua. Nekez ari zen espiritu berri hari aitzi egin zion bigarren horrek. Non eta nola ernamuindu zen Ermuko Espiritu Ofiziala? Nork elikatu zuen espiritu hura? Boterearen muin ofiziala nagusitu al zen? Muin eskasago dutenen kontura nagusitu ere? Artean bizirik dagoen espiritua.

Gimenok eskizoberbaz eta eskizoesaldiz osatutako errezitalak ondu zituen: SkizpozikS emanaldi hizperimentala, bertzeak bertze. Euskaldunok pairatzen dugun elebitasuna gaitzat hartu zuen eta umore eskizofrenikoa plazaratu. Euskaldunok egunero pairatzen dugun elebitasuna gai gaitzat jo zuen. Gai gaitza! Gimeno pertsona-gai izan zen horretan. Jeinua horregatik.

Gimenoren hizperientzaren arabera, euskaldunok hizkuntzari gagozkiola arazo eskizofrenikoa pairatzen dugu. Hori aditzera ematen duena jeinu bat da. Jenialtasuna, baina, arazo psikologiko edo kognitibo batekin lotu ohi da zenbaitetan, Zoramenak/eromenak sormen-gainezkatze suerte bat eragiten omen du. Adituek diote hori. Arituek pairatzen dute, ordea. Hizperientziarik barik ez dago literaturarik. Literatura jolasa da, eta batez ere sormena / zoramena.  

Literatura hitzez osatzen da. Hitzen espiritua, ordea, galkorra duzu. Hitzen balioak bere iraupena dauka. Hitzak, erabiltzearen poderioz, maiztu egiten dira. Gaur egun, berbarako, euskaldunon hitza hitzpalabra de vasco– delakoak galdu du izan zuen inpronta. Letretan ez ezik, eguneroko jardunean eragiten zuen inpresioa galdu ere bai. Hitz ele eta berben esangura egunero berritu behar dugu, hizkuntza biziko bada. Horra literaturaren zeregina. Zereginetako bat, noski. Hizkuntzaren eta literaturaren espiritua, baina –gure kasuan are nabarmenago–, estatuek kontrolatzen dute. Ez Gimenok eta haren lagunek sustatu zuten espiritua, jakina. Ermuko Espirituari bai, hartaz. Ez noski, Ermua herriaz 1876an jabetuz hasi, 1923an indartu, 1934an nagusitu eta 1937an finkatu zen espirituari. Ezta ere 1977an ernamuindu zen espirituari.

«Gorroto dut bipolarra izatea, munduko gauzarik ederrena da», zioen Gimenok. Gorrotoa ederra izatea ere! Hori oximorona. Halakoxeak gara euskaldunok, hizkuntzari gagozkiola funtsean bipolarrak. Euskaldunok hizkuntzarekin, politikarekin edota literaturarekin dugun harremana eskizofrenikoa da. Gaiak asko ematen du, eta horregatik asco eman ere. Hots, otzanago erranik, atzerakoa ematen du.  

Markosen espiritua Ermuko gazte askoren espiritua izan zen. Gazte haiek hizkuntzaren altxorra euren ezpainetan zegoela ohartu ziren, baita politikaren altxorra haien eskuetan izan ere. Alabaina, nerabezaroan jokatzen da etorkizunaren nora. Jeinua eta Injenuoa hitz hurbilekoak izaten dira aro horretan.

Nazioa eta Estatua. Eguneroko ahotan ditugu –pentsatzen dugunok behintzat– eta ez dakigu haiekin zer egin, nola egin. Nola eragin! Ezaina gara. Halaxe dio Sarrionandiak. Hau da, haina ez dena da ezaina. Euskalduna, beraz, ez da gauza ez gai haindua izateko ez bere buruaren jabe izateko.  

Hizkuntza, literatura eta politika. Politikagintzari gagozkiola, euskaldunok nazioa eta estatua ditugu hitz fetitxe. Estatuen espirituak (Espainiako eta Frantziako estatuak) asimilatuta bixi gara, ordea, baita estatu absolutuen espirituak biziagotuta bizi ere. Ez nadin zozoa izan, xoxo zuria alegia. Badakit jakin Estatutik kanpo hotz egiten duela. Gaur egun zozoak ere nekez bizi dira basoan.

Artikuluaren bertsio luzea ondoko helbide honetan duzu: blogak.eus/begizolia/ermuko-espirituari-bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.