Errezeloak

Pablo Sastre Idazlea
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Bat. Eman dezagun ontzat, eta printzipiotzat, nazio bat garela, eta, hortaz edo segidan, eman dezagun ontzat, Estatu bat antolatzeko eskubidea dugula.

Eman dezagun ontzat, makinak makina, eta abarrak abar, pixka bat geure baitakoak bagarela oraino. Nazio bat bagarela esan ahal izateko beste. Foto batean agertzeko adina, bederen.

Eman dezagun ontzat, unitate intimoki sakabanaturiko hauek, gu,jendea, nazio-foto bati begira pürü, elkar gaitezkeela oraino -herri gisa kausa sinple, kausa ez-estatal edo kausa ez-teknologiko baten alde nekez bilduko garenez.

Bestetik: onar dezagun behingoz sozialismoa, utopiaz dugun oniritzia edo gaitz iritzia gorabehera, horixe, «utopia» bat dela. Onar dezagun behingoz ezkerrak, oraintxe, nahi izanda ere, hala Euskal Herrian, nola Kuban ere, kapitalismoa nola-hala kudeatu baino ezin duela egin.

Onar dezagun gutxi dutenak asko dutenekin berdin litezkeen ideian oinarrituriko sozialismoaren doktrina, oraino haizeak daramala hor barrena dabilena, iruzur handi bat dela. Ez dezagun doktrina haren alde energia gehiagorik xahutu. Egin dezagun, komeni bada, sistemaren kontra, sozialismorik aipatzeke bederen.

Eman dezagun ontzat, giza-askatasun oinarrizkorik heltzerik ez dugunez, nolabaiteko nazio askatasuna: independentzia, hel dezakegula.

Bi. Antzina (liburutik liburura ikasi dugunez) nekazari-erreboltak, herri-matxinadak izaten ziren. Matxino haiek, oro har, ez zuten gustuko «historiaren norabidea»: boterearen, legeen, Estatuaren aurka egiten zuten.

Gero sortu zen iraultzaren mitoa. Matxinadak ez bezala, Historiaren bidean kokatzen zen iraultza -ez haren kontra. Iraultzarekin, esaten ziguten, egun on batez, herriak boterea (Estatua) eskuratuko du.

Iraultzak, Historiaren norabidean, Estatuaren arraindartzea eta haren botereak infinituraino hedatzea baino ezin ekar zezakeen.

Pobreek aberatsek beste izatea (Estatu Guztiz Emanzalearen ideia) bazterretsita, gure nazioak nazio inportanteek daukatena beste («ez gehiago, ez gutxiago») izan gura du. Bide horretan, ordea, herri-indarra ukatu eginen da, eta bideratu eginen da, nagusi diren balioak eskuratze-alderako energia bihurtu dadin: indize sozial eta ekonomikoetan lehenetarik izanen gara; jende orok Internet erabiliko du; emakumeek «dagokien» botere zatia eskuratuko dute.

Hiru. Espainiako aldean, Genero-biolentziako Legea onartu zenetik (2004), ehun mila «tratu txar» salaketa inguru izaten da urtean. Hamar mila inguru dira emakumeei «tratu txarrak» emanik preso dauden gizasemeak. Egiazki, esaten zaigu, tratu txar gehienak ez dira salatuak; hortaz, ateratzea dugu, askoz ere gizon gehiagok egon beharko luke preso.

Bestetik, Berdintasun Legearekin (2008), gizonak lehen bestean, handitu baino ez da egin emakumeen etsia. Euren karrerei edo euren lan-bizitzari segida eman nahiaren eta familia izan nahiaren artean, geroz eta ez-sosegu handiagoa darabilkite. Euren erloju biologikoa behartu, euren gaitasun afektiboak erreprimitu, euren lagun arteko edo «izeba arteko» harremanei ezin kasu egitera heldu dira hainbat emakume.

Hara lege bi, Europan gertatzen ari denaren isla, bere esku zuria etxeetaraino luza dezan Estatuak berak asmaturikoak.

Gizonek euren etxeetan praktikatzen dutenarentzat ez bezala, Estatuak, partikulazki emakumeen aurka, sustaturiko biolentzia handiarentzat ez dago legerik (aspaldiko egia!). Gizon zein emakume, Estatuko buruzagi edo funtzionarioentzat ez dago kartzelarik.

Ez dakit euskal estatuan egon beharko lukeen -kartzelarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.