Nekane San Miguel.

Errudun

2023ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Duela urte batzuk «The Secret Barrister» liburua argitaratu zen. Egilearen izena ezkutuan, eta azpititulu bat: Legeen inguruko istorioak eta nola hausten diren. Jardunean jarraitu nahi duen abokatua omen idazlea eta ulertzekoa «the secret» hori. Bere egunerokoan ikusi eta egindakoak ezagutza sakon eta umore finez deskribaturik, sinesgaitzak diruditen istorioek eragiten duten ezina dakarkigute pertsonen bizitzen hondamendia (askotan behin betirakoa) behatzerakoan.

Azken asteotan Katheleen Folbigg australiarraren historia eta Ahmed Tommouhirena (Españan) hainbat hedabidetan irakurri ahal izan ditugu. Gertatu ez zen delitu bategatik Folbiggek hamabost urte pasa ditu kartzelan. Tommouhik berriz, egin ez zuen delitu bategatik hamabost urte ere pasatzeaz gain, beste hainbeste igaro behar izan dira Españako Auzitegi Gorenak delitu hori egin ez zuela deklaratu arte. Tommouhirekin batera zigortua izan zen Abderrazak Mounib kartzelan hil zen, errugabea zela oihukatuz lehertu zitzaion bihotza, pairatzen zuen errorea zuzendu behar zutenek entzungor egiten zuten bitartean.

Gertatu ez dena salatzeko, edo egilea ez denari delitua leporatzeko arrazoiak ugari eta ezberdinak direla aztertua da, ez baita kontu berria. Horra hor, besteak beste, Alessandro Manzonik idatzitako «Storia de la colonna infame» Milan hirian XVII. mendean gertatutako injustizia izugarria kontatuz: «Hain handia, injustizia bera gauzatu zutenek ikusteko modukoa; eurek onartutako arau berberak urratzen zituena. Eta egindakoa, beste antzeko egoeratan egiten zenaren zeharo kontrakoa zen, baita eurek beste halako batzuetan egindakoaren kontrakoa ere..., eta egiten zutena ez bazekiten, jakin nahi ez zutelako zen, ezjakintasunez jantzi eta eransten dakigun eran gizakiok, eta hau ez da aitzakia, ez, errua baino; eta beharrak eraginda, halako ekintzen biktima izan zaitzake, baina ez egile». Hala dio Manzonik XIX. mendean idatzi zuen liburuan, gero, XX.ean, Leo Sciasciak berrargitalpena bultzatu eta zoragarri bezain zorrotz idatzitako «I burocrati del male»-rekin sarrera emanez, non idazle siziliarrak gobernu txar edota gaiztoen aurrean kontuz ibili beharraz ohartarazten gaituen, halako gobernuek beti aurkitzen baitute euren porroten erantzule egingo duten errudun gizagaixorik. Eta horrelako injustizien bidean sakondurik, faxismoek aurki ematen dutela epaia, sumarioa dena (hau da, azkarra eta babes-bermerik gabea) dio Scasciak, XVII. mendeko gertaera izugarri hura bere garaikoekin parekatuz.

Zibilizatua deritzon munduko estatuetan, eta nazioarteko hitzarmenetan jasoa da errugabetasun presuntzio-eskubidea (Españaren Konstituzioan 24. artikuluan ere), salaketa faltsuetatik errugabeak babesteko asmoz eraikitako oinarrizko eskubidea, uneoro urratzen dena, abokatu sekretuak dioen moduan. Europako Parlamentuak (2016/343 zuzentarauan, besteak beste) giza-eskubideen errespetua gorde nahi duen zigor-sistema juridikoek gauzatu beharreko eskubidea dela gogoraraziz, adibide xehe eta zehatzak zedarrituz osatzen du bere gomendioa: aurrena, herritar oro errugabea dela azpimarratuz, kargu-froga sendoetan oinarritutako ebazpen judizial irmo batek leporatzen zaion delituaren egile eta erantzule dela deklaratu arte. Zibilizazioaren oinarrizko printzipioa izanik, errudun ez direnen immunitatea babestea du helburu; izan ere, zuzenbideko estatu sozial eta demokratiko batean, ezinbestekoa da errugabeak oinarririk gabeko kondenetatik babestuta egotea. Kontratu sozialaren oinarri diren askatasun, segurtasun eta justizia printzipioentzat erabateko porrota da errugabe bat kondenatzea. Errudunak, berriz, oro har zigortuak izaten dira, errudun batek zigorrari ihes egitea errugabea gaztigatzea bezain itzela ez baita.

Oso bestelako norabidea nabaritzen da gaur egungo gizartean: salaketa jartzea nahikoa zaio jende askori, salatua erruduntzat emateko, aurrean «ustezko» hitza gehituz dena libre delakoan, ustez errugabea besterik ez dela ahazturik.

Errugabetasun printzipio-eskubide hori hautsi eta salatuari leporatzen zaionaren egile dela deklaratzeko, froga sendoak behar dira, ez edonola edo edozein bidetik lortuak (oinarrizko eskubidearen errespetuz ekarriak hasteko). Baliozko frogak ahozko epaiketan burutu behar dira eta horien aurrean akusatua (ez salatua, ez susmagarria) defendatu. Zuzentarauak gogora ekartzen digu, adibidez, isilik egotearena eskubidea izanik, ezin dela besterik gabe, salatuaren kontrako susmotzat hartu. Edo froga izan daitezkeen narrazioei buruz gogora ekarri beharrekoa: jada 1882. urtetik legeak dio lekuko mota batzuen berbak ez duela froga moduan balio erantsi bat (legearen 717 artikulua polizien lekukotasunari buruz ari da) baina badirudi kontatzen denak froga-balioa izan dezan euskarri objektiboetan sostengatuta egon ordez, fede kontua bilakatu zaigula (sinesgarritasuna omen preziatua) defentsa gabezia ezarriz. Luze eta zabal jarrai dezakegu, abokatu sekretuarekin batera, eskubide-urraketak zerrendatuz, besteak beste sarritan ikusten den egoeraz: salaketa jasoaz bat eta zer gertatu den jakiteko denborarik hartu gabe ere, giza-eskubideen «ustez» defendatzaile sutsu diren hainbatek eskatzen dituzten kautelazko neurri zorrotzak, errugabetasun presuntzioa edukiz hustuz.

Epaiketa bukatu eta kondena-epaia emateko, konbikzioaren zergatia zehatz eta arrazoituta azaldu behar da, zeren une horretan zalantza izpirik geratuko balitz, absoluzioa baita emaitza. Baina gaur egungo gizartean, epaiketa ondorengo absoluzioak ere betirako susmopean uzten du salatua, erruduna ez den horren bizitza betirako hondamendian murgildurik.

Punitibismoa ez datza zigor gehiago eta larriagoak ezartzean soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.