«Es ke ematen dia kosa!»

Oskar Goñi
2012ko azaroaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gure hizkuntzaren egoerari buruz adibide zenbait:

1. Hiztunen eta hizkuntzen arteko harremana:

Lehengo batean, gure sei urteko semearen adin bereko adiskidea etorri zen gurerat. Bisitariak bezperan gaztelaniaz ikusi bideoaren istorioa euskara bertzerik ez dakien etxekoari kontatzeko itzulpena egin zuen (sei urteko adiskide horren aita erabat erdalduna da eta ama erdaraz lasaiki bizi den euskaldun alfabetatua). Gure semeak kontakizunari galderak tartekatzen zizkion zerbait ulertzen ez zuenean. Mamuen gisako zerbaitetaz ari ziren:

...Bai eta zonbia ateratzen da tumbatik... —Aita, zer da tumba? Hilobia, hildakoak lurperatzen diren lekua— ...Eta gero hasten dira gizona rodeatzen ... — Zer da rodeatzen? Inguratzen, inguratu erran nahi du—. Eta gero gizona hasten da konbertitzen hombre-lobon —Aita, zer da konbertitzen? Bihurtzen, bilakatzen, gizona otsoa bihurtu zen—...

Egoerak sei urteko euskaldun elebakarrari eragiten dio, inori ez baitzaio gustuko suertatzen gaineko solastunek ezagutzen dutena aldiro galdetzen ibili beharra. Beraz gure semearentzako iradokizuna garbia da: -Hi, txikito! Gaztelaniaz ikas ezak lehenbailehen taldeko azkenputz izan nahi ez baduk!

Pasadizoak eragiten dio halaber kontatzen duenari. Onerako, nire ustez. Ipuina hiruzpalautan trabatzearen ordainean hitz interesgarriak jaso edo berritu dituelakoz: hilobia, inguratu, bihurtu, bilakatu...

Zer gertatuko litzateke haur guztiak gaztelaniaz poliki moldatuko balira? Erantzunari susmoa hartzea ez da zaila. Hizketaldia trabatu gabe, tumba, rodeatzen, konbertitzen eta hombre-lobo umeen arteko euskalki bereziaren lexikora pasatuko lirateke.

2. Euskainol batua:

11 edo 12 urteko bi neska parkean. Lehendabizikoak langa garai batean eskuak tinkatu eta bere buruari zilipurta eragiten dio. Lagunari ariketa egin dezan gomitatzeko dio:

-Venga animo! Si da guai!

-Jo pe! Ez! Es ke ematen dia kosa!

3. Abertzale erdalzale:

Behin batean, abertzalea omen den guraso erdalduna nahiko kezkatuta etorri zitzaidan, espainolez hitz egiten ez duen gure sei urteko semearekin elkar ulertzeko zailtasunak zituela eta ea ez genion inoiz erakutsi behar galdezka...

4. Ozukidetxa (Osakidetzaren erdal aldaera):

Irungo ospitalean euskaraz hasi eta: «En castellano por favor...». Gaztelaniaz eta kitto.

Horiek horrela, azken boladan argitara agertu diren inkesta soziolinguistikoa eta kale neurketak direla-eta hainbertze burutazio datorkit kaskorat:

Lehenik, euskararen inkesta soziolinguistikoak ez du ezagutza erreala neurtzen (inori ez zaio euskara gaitasun azterketarik egiten). Jendeak ustez dakienari buruz iritzia agertzen du. Beraz, jendearen nolabaiteko aldekotasuna neurtzeko balio digu. Gure adibideetako 1. eta 2. kasuetan euskaraz dakitela erantzungo lukete, zer-nolako euskara darabilten azaltzeke, hori ez baitzaie galdetzen. 3. adibidean, gurasoa euskararen alde agertuko litzateke seme-alabak D ereduan eskolatzen dituelakoz, baina egunero 24 orduz gaztelaniaz arituta gaztelaniari ematen dion garrantzia ez luke agertuko inkestan, eta hori da seme-alabei transmititzen ari diena: «Bai, euskaraz ikas ezazue, baina hemen eta orain ezinbertzekoa espainola da». Eta gainera beldurgarria iruditzen zaio gaztelaniaz ez dakien sei urteko umerik egotea ere.

Gaztelaniaz ez jakitearen beldur horren gibelean, bidenabar erranda, eleanizkeriaren gibelean dagoen ideia bera dago: euskararen aski eza; hots, euskarerekin ez zaigu aski, ez dugu nahiko. Salamancan sei urteko haurrak gaztelaniaz bertzerik ez jakiteak edo Liverpoolen ingeleraz bertzerik ez egiteak ez dio inori inolako izurik sortzen. Euskal Herrian espainolez edo frantsesez ez jakiteak bai.

Bigarrenik, euskararen kale erabileraren neurketak datu aski kezkagarriak agertu dizkigu bereziki gune populatuenetan. Horretaz gainera, nik dakidala, ez dio gauza handirik euskararen kalitateari buruz. Goiko adibideetako haur eta gaztetxoen kasuetan euskaraz ari zirela neurtuko zuketen?

Gure hiru semeak, euskaraz gain, hiru urterekin hasi dira ingelesez ikasten, eta sei urterekin frantsesa eta gaztelania. Familia, auzoa eta lagunartea euskalduna dutenez, transmisioa ez dago arriskuan. Baina zenbatetan izaten dira aldeko baldintzak? Ederra da eleaniztasuna, baina zergatik exijitzen zaigu beti euskaldunoi, okzitaniarrei, korsikarrei edo inuitei eleaniztasuna? Inork ez al du sumatzen hizkuntza gutxitu batean guztiok eleaniztunak izateak lekarkeen arriskurik? Euskaraz doi- doian ari diren gaztetxoei Salamancako ikaslearen gaitasun bera exijitzen zaie gaztelaniaz eta gainera ingelesa eta frantsesa.

Geure burua Europan neurtzea maite dugu. Soldatak, maileguak, zerga sistema, BPGa... maiz arrotzek ezarri ispiluetan geure burua islatuz. Alta, ez diot sumatu inongo agintariri Euskal Herriko alfabetatze tasa euskararen ispiluan begiratzeko borondaterik. Europako herri izan gaitezke herritarren hamarretik zortzi bertako hizkuntzan idazteko gai ez badira? Halako alfabetatze tasarekin, ez al dagokigu Haiti edo Mozambikerekin alderatzea?

Euskaltzale militanteen lana funtsezkoa da oraindik, etorkizun hurbilean eraiki beharreko gehiengo euskaldunak ez duelakoz euskaraz bizitzea militantziaz aukeratuko. Euskaraz arituko da bertzeetan baino erosoago zaiolako edo bertzela ez da ariko. Horrexegatik, baldintzak irauli behar ditugu berandu baino lehen.

Hezkuntzan lurralde osoan eta ikasle guztientzat murgiltze eredua orokortuz, lehenbailehen herritarren alfabetatze oldea martxan jarriz, euskal hedabideen bideragarritasuna bermatuz, administraziorako lanpostuetan euskara exijituz, kultura euskaraz sortuz, sorkuntza sustatuz, bertso eskolak betez, euskararen berpizkunde erraldoia amestuz, abestuz, babestuz eta bihar goizean hasiz milaka abertzale erdalzaleak euskaltzaletzeko, euskalduntzeko... Eskuin eta ezker, herria euskaraz leher.

Bertzela, etorriko dira inkesta gehiago eta berriz botilari begiratuko diogu, erdi betea ala erdi hutsik dagoenetz, hizkuntza nagusiek jan dizkiguten eremuak oharkabean atzenduz eta etsipenaren mamua ez ernatzeko soldatapeko besaulkietatik hizkuntz politikaren lorpenak baikorkeriaren seaskan kulunkatuz.

Herrigintzan sortutako aukera berriek balio beharko lukete hizkuntz eskubideen zanpaketa betikotzen duten egiturak urratzeko. Donostiako karrikak jendez leher erakutsi behar ditugu, bizi garen aldaketa garaian euskararen izaera estrategikoa ongi agerian utz dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.