Sasijakintsua, jakineza eta franco txikia: horiexek dira aurrekoan Gotzon Lobera jaunak, Bilboko kale batzuen izenak aldatzeko ekimenaren kariaz, Deia egunkarian zuzendu dizkidan epitetoak. Ez du nire izena aipatu, egia, baina neu izan naizenez urte eta erdi luzeko borrokan ibili dena horretarako, ez da Sherlock Holmes izan behar haren herraren jomuga neu naizela ondorioztatzeko. G.L. jaunaren elokuentzia distirantaren erakustaldi hori ikusita, pareko sofistikazio erretorikoarekin erantzuteko tentazio handia izan dut —irain oso koloretsuak bururatu zaizkit, nire lagunak barreka eta arerioak sutan jarriko lituzketenak— baina gure ama galletaginak eskola ona eta jendetasuna erakutsi zizkidanez, saiatuko naiz jaun horren parean ez jartzen.
Ezer baino lehen, argituko dut nire ekimena izan dela euskaraz Deustuko Irlako Galletaginen etorbidea-ren ordez Andre galletaginen etorbidea jartzea, eta Zamaketarien kalea izenaren ordez, Andre zamaketarien kalea jartzea (gaztelaniaz: Avenida de las galleteras eta Calle de las cargueras), G. L. jaunak tartean beste izen eta beste kontu batzuk aipatzen baditu ere.
Dio G.L. jaunak «aldameneko hizkuntza batean dauden arazoak» ekarri nahi ditudala euskarara, eta «euskarak hizkuntza gisa ez duela generorik». Batetik, gogora ekarri dit Irango presidente ohi Ahmadinejad jaunari LGBT jendearen eskubideak aipatu eta berak Iranen halako jenderik ez dagoela erantzun zuenekoa, horiek mendebaldeko herriek Irani inposatu nahi zizkioten arrotzkeriak zirela. Alabaina, Iranen LGBT jendea dagoen bezala, Euskal Herrian egon da, eta bada, emakumerik, eta ikusgaitasuna nahi eta merezi dute.
Baina kontu linguistikoari hertsiki helduta, G. L. jaunak euskarari buruz egindako baieztapen hori guztiz faltsua da. Generorik ez dagoela euskaraz? Eta zer da orduan hitanoa? Zer dira amama/aitita, emazte/senar, neba/arreba, anaia/ahizpa, agure/atso, neska/mutil, seme/alaba eta halako hitz bikoteak, inolaz ere trukagarriak ez direnak? Euskarak gehienbat ez daukana genero morfema da, baina horregatik euskaraz generorik ez dagoela esatea beste barik gezurra da, eta «aldameneko hizkuntzaren» parametroen arabera pentsatzea. Baten batek pentsa lezake genero morfema ekarri nahi dudala nik euskarara, eta horrek zain bat puztu diola G. L. jaunari. Lekutan ni halako asmo ausartetatik! Hori beste batzuek —ni baino askoz atrebituagoek— egin zuten, hemeretzigarren mendean, eta ez ziren andreak izan, gizonak baino, eta oso ilustreak, alegia P. P. Astarloaren teoria guztiz zientifikoaren ildotik —sehaskako mutikotxoek aaa egiten zutela negar eta neskatoek, aldiz, eee— bultzatu zutenak, S. Arana buru zela, euskaraz gizon izenak -a amaitu behar zirela, eta neska izenak, berriz, -e. Halaxe bete zitzaigun izendegia Josebaz eta Josebez, eta halaxe jarraitzen du gaur egun ere. Halako iraultzarik ez dut ekarri nik, ezta hurrik eman ere, guztiz proposamen klasiko eta jator bat baino.
Munduan, linguistika pixka bat ikasi duen edonork dakienez, askotarikoak dira hizkuntza tipoak, eta askotarikoak dira hizkuntzek beren helburu pragmatikoetarako erabiltzen dituzten baliabideak. Euskarak genero morfemarik izan ez arren, baliabide lexikoetara jotzen du hiztunak generoa adierazteko premia edo desira duenean, ingelesak bezalaxe, gehienbat genero morfemarik ez duen beste hizkuntza oso ezagun bat aipatzearren: ingelesez «'female'writers», «'women'scientists» eta halakoak erabiltzen dira, gaztelaniaz «escritor-as» edo «científic-as» liratekeenak adierazteko. Hala berean, euskarak ez dauka inongo arazorik esateko andre auzapeza, andre errient, andre irakasle edo andre profeta, eta are andre serora eta andre errientsa ere —erredundantzia eta guzti—, Orotariko Euskal Hiztegitik oraintxe kopiatu ditudan adibide batzuk besterik ez ematearren («andre» sarreratik, «Junto a un sustantivo que expresa cargo, ocupación o estado» epigrafetik, zehazki).
Irainen artean, baina, G. L. jaunak beste ideia bat erabili du bere argumentuaren alde: historikotasuna. Bestela esanda: antzina ogibide jakin batzuk feminizatuta zeudenez, ba, esan gabe doa, bere ustez, delako izenaren atzeko izakiak emakumeak zirela, izen horretan inongo genero aipamenik ez egon arren. Adibidez, Galletaginen etorbidea plaka ikusi eta ikusleak braust jakingo omen du fabrika horretan behar egindako andreak daudela bertan islatuta. Beno, tira, edozein ikuslek ez, apur bat ilustratuak bakarrik, edo G. L.ren hitzetan esateko, «historian zehar ibilaldi labur bat» egin duenak; hau da, pixka bat leitua denak. Bistan da G. L. jaunak bere burmuinaren barruko geografiaren arabera neurtzen duela mundua, oso gauza gizatiarra, aitor dut, baina ez horregatik egokia. Berak dakiena mundu guztiak daki edo jakin behar luke, eta ez dakiena... bah, ez da oso garrantzitsua izango. Nik neuk, ama galletagina izan nuen honek, ondotxo dakit galletagin hura emakumea zela, baina gehiegitxo irudituko litzaidake horrenbeste eskatzea Deustuko Irlatik paseatzera etorri eta «galletagina» dioen plaka ikusten duen edonori, izan gasteiztar, eskiular, iruindar, tolosar edo amorotoarra; edo izan Bilboko bertako 20, 15, edo 30 urteko auzotarra. Nik neuk ez nukeen jakingo Donostiako tabako fabrikan lan egiten zutenak emakumeak zirenik, plaza horri Andre zigarrogileen plaza jarri ez baliote, eta ez dut zertan jakin, gainera. Bide batez esanda, bururatzen zait argumentu horrek gaztelaniarako ere balio beharko lukeela, zeren, mundu guztiak ei dakienez galletaginak andreak zirela, ba, zergatik ez jarri Avenida de la Galletería eta Calle de la Carga izenak kale horiei gaztelaniaz, Avenida de las galleteras eta Calle de las cargueras barik, lehendik Bilbon dauden Tendería, Sombrerería edo Cinturería kaleen moduan? Ala erdaldunak ez dira, euskaldunek omen behar duten bezala, zeharo irakurri eta jantziak Euskal Herriko udalerri guztietako historiaz, beren jatorria, adina eta interesak gorabehera? Hala, kendu emakumeen aipamen oro hizkuntza bietatik, eta arazoa konponduta: emakumeen ikusgaitasunerantz, emakumeen ezabaketaren bidetik. Baina hori bagenuen lehendik ere. Joan eta etorri, kapela gorri.
Itzultzailea naizenez, ondo jabetuta nago bi elementuren garrantziaz: bata testuingurua da eta bestea, pertinentzia. Testuan esplizituki adierazten ez dena, testuinguruak adierazten du sarri, baina kaleen plaketako testua inon den testurik deskontestualizatuena da, eta bertan adierazten diren hitzek eraman behar dute adierazi nahi denaren pisu guztia. Horregatik eransten zaie askotan aposizio argigarri bat pertsonen izenak daramatzaten kaleei —adibidez Agirre lehendakaria edo Etxaniz suhiltzailea—, batzuentzat oso jakina izango delako nor eta zer ziren, baina askorentzat, batez ere haien garaikide ez direnentzat, berriz, ez. Bestalde, pertinentziak esaten digu zer den testu bakoitzean nabarmendu beharreko informazioa, eta zer isilpean uztekoa. Esaten badut: «Bero da, kenduko dut Louis Vuitton jaka». Esaldi hori desegokia izango da, pertinentea ez den informazio bat nabarmentzen ariko naizelako. Aldiz, esaten badut: «Louis Vuitton jaka zeraman, garestia». Markaren aipamena guztiz pertinentea izango da.
Kaleen izenek, besteak beste, historia erreskatatzeko eta ezagutzera emateko balio behar dute, auzotarrei eta bisitariei, irakurri dutenei eta ez dutenei, zaharrei nahiz gazteei. Aitorpena izan behar dira, baina baita testigantza eta oroigarria ere. Aipatutako ogibideak feminizatuak zeuden, eta horixe da, hain zuzen, izen horiekin nabarmendu nahi dena: ez da bidenabarreko ñabardura bat, zeharo pertinentea den informazio bat baizik, kolektibo horixe omendu gura baita. Eta justiziazkoa da euskaraz ere ikusgai jartzea, bereziki belaunaldi berrientzat. Euskarak badu horretarako baliabide jator, klasiko eta errazik. Arazoa ez da linguistikoa. Pentsatu beharko dugu beste bat dela orduan.