Eskaintza pozoituak

Eneko Paez Oreja eta Francisco Javier Sanz Perez
2014ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oraintxe, argi eta garbi zehazteko moduan gara krisi iruzurkeriazkoaren emaitzak: eskubideak urratzea, lan baldintzak eta harremanak desegitea, langabezia eta pobrezia areagotzea, desberdintasunak areagotzea… Gutako emakume zenbait lehendik ere esaten ari ginen moduan.

Horiek guztiak ez dira hitz hutsak, egitate egiaztagarri eta egiaztatuak baizik; adibide argi eta benetakoak eman litezke, egunero halakoak jasan behar izaten dituztenen egoeraren izugarria adinakoak, eta, horiek ikusirik, ezin gara sorgor geratu, nornahirekiko duintasun eta errespetu apurrik geratzen bazaigu behinik behin. Adibiderik deigarrienetako bat: Mercadonaren arrakasta, zeinaren jabeak «Espainiaren alde —ezen ez emakume langileen alde— apustu egin zuen dendaritzat» baitauka bere burua. Ezbairik gabe, ibilbide ikusgarria egina du urteotan; negargarriro, lan eskubideen inguruan ezarritako guztia urratzearen urratzeaz: akabo gaixoaldiak, birkokatze bitxiak direla bitarteko —besoa hautsita edukiagatik, zilegi duzu zangoak erabiltzea lanerako—; soldata gero eta txikiagoak, prezio gero eta merkeagoak eskaintzeko; edonolako presioak, ekoizpena areagotzearren; ordainsaririk gabeko lanordu apartekoak —eguneko lanak amaitu arte ezin zara etxera joan, eta lanordu horiek musu truk dira—; sei hilabeteko probaldiko kontratuak, zeinetan funtsean zure mendetasun maila baino ez baita probatzen…

Bide horretatik doaz «erakunde handi» horren jabearen esaldi sonatuetako batzuk, eta sinesgarri egiten dute hori guztia: hala nola «txinatarren gero eta bazar gehiago dago, ahaleginaren kulturan zaildutakoak direlako, Espainiakook ez bezala»; «erabat ados nago lan erreformekin; ni neu, askoz ere harago joango nintzatekeen»; «espainol guztiek galdetu behar diote beren buruari zer egin dezaketen herrialdearengatik».

Bai, gizarteko gehiengoa ados egonagatik ere Lan Erreformak neurrigabeki babesgabe uzten dituela langileak enpresariekiko, bada mendetasun maila handiagoak galdegiten dituenik, eta, egitez, bere enpresa-inperioan ezartzen. Noiz konturatuko gara, ustezko Mesias ekintzaile horiez harago, beheko mailan dihardugun emakumeok bakarrik lan egiten dugula eta guri esker dabilela mundua jira eta bira? «Munduaren jabe» diren horiek sobera daukatena baino ez dute jartzen, dirua, baina apur bat; arriskuak, azken batean, langile taldeen bizkar utzita. Horrela, giza miseria baino ez dute sortzen, eta pribilegio handiak berentzat, zera daukatelako… Baina, zer? Zer daukate, bada? Izan, egiaz, eurak dira miserableak, eta, nahi izanez gero, erakuts diezaiekegu.

Barcinak bere garaian adierazi zuenez, «2011. urteari agur egiteko albisterik onena» izan zen Mercadona Nafarroan ezarriko zutelako iragarpena. Barcinak prozesu horren onurei ongi iritzi izana ez dator inondik ere bat langileei egunero jasatea dagokien errealitatearekin, guk geuk ere sindikatu gisa egiaztatu ahal izan dugunez. Mercadona ereduak —oraindik are eta merkeagoa delakoa— prekaritatea areagotzea baino ezin du ekarri elikadura sektore osoan —zeina lehendik ere ezinago prekarioa baita gaur egun—, auzoko dendak ixtea, eta gizartea pobretzea, haren saltokietan ageri diren errotulu distiratsuak eta salgai dituzten krema ezinago merkeak gorabehera. Eta ez dirudi ondorio kaltegarri horiek bukarazteko inolako asmorik dutenik, ez Barcinak, ez beste ezein gobernarik ere, ez baitirudi kutxazain, apal-betetzaile edo arrandegi-harategi-gozotegiko langile dabilenik haien hurbileko emakumezkorik. Horregatik, itunak egin behar ditugu emakume langile prekarioon artean, produktuei ez ezik lanpostuei ere badagozkien supermerkealdi halakoen ondorio pozoituetatik babestuko bagara. Emakume langileon esku dago Roigek eta beste hainbat enpresarik aurrerantzean ere ez gaitzaten zapaldu beren «negozio miragarri» horiekin, zeintzuen bidezko etekinak haien herrialdearentzat bakarrik baitira onuragarri, baina gu guztiontzat kaltegarri, desberdintasun maila gero eta handiagoak baitakartzate, eta zailtasun gero eta handiagoak bizirik iraun ahal izateko ere. Merke dena ezinago garesti ateratzen zaio langile klaseari.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.