Eskoziaren hiriburua den Edinburgoko kale nagusiari «urrezko milia» izena eman diote. Bertatik zoazela, harrizko bihotz baten irudia aurkitzen duzu lurrean, jendeak ibilian zapaldu egiten duena, zer den ere erreparatu gabe. Aspaldian kartzela bat zegoen tokia markatzen omen du.
Euskaldunok urrezko aukera paregabea dugula orain esan digu Bertie Ahern lehen ministro ohi irlandarrak. Orain traba eta oztopo diren horiek guztiak, iraganeko oroimen galdu bihur daitezkeela laster, erabakitasunez jokatzen badugu. Bat nator, geure urrezko milia ibiltzeko behar diren baldintzak lortzen ari garelako. Badugu oldarra, hamazazpi Korrika, bata bestearen atzetik, betetzera bultzatu gaituena, esate baterako. Badugu, orain, argitasun nahikoa Euskal Herria eskubide beteen eremuan kokatzeko burutu behar dugun estrategia egokiaz.
Eskubideen oldea premia larria bihurtu da gurean, gero eta nabarmenago ikusten da, ikusi, horixe dela hemen herri moduan aurrera egiteko urrezko milia. Baina nola egin behar dugu aurrera, bidean jartzen dizkiguten mila oztopotan trabatu gabe.
Eskubide Zibilen aldeko mugimendu sendoa abiatuz, hauxe da konbentzimendua, bisitatzen gaituen nazioarteko aditu askok indartzen duena. Conciliation Resources erakunde britainiarreko bakegileak izan dira oraintsu gure artean, eta proposamen zehatz eta argiak azaldu dizkigute: gizarte zibilak aitzindari izan behar du era honetako prozesuetan, talde eta alderdi interesen gainetik eskubide-eremu partekatua diseinatu eta lortu ahal izateko. Gizarte zibila antolatzeko plataforma edo bilguneak ahalik eta zabalen jokatu behar dute, koalizio irekien forma hartu behar dute, sektore ugari, ahal dela sektore guztiak, prozesuaren partaide senti daitezen eta aldekotasun jarrera hartu.
Partizipazioa errazten duten egiturak sortzeko kontseilua ematen digute.Gizarte zibila era horretan konprometitzen bada, honek eztabaida hedatzera eta aldeko jarrerak indartsuago bihurtzera laguntzen du, elite politikoen baitan ito beharrean.
Andy Carl, CR erakunde horren arduradunak seinalatzen duenez, era horretako koalizio zabalak dira bake prozesu demokratikoa legitimatzeko baldintza egokia. Horrekin batera, gizartean nagusitzen den gatazkaren inguruko narratiba erabat aldatu beharra azpimarratzen du, haren ordez konponbidearen aldeko narratiba nagusi eginez.
Eskubide Zibilen mugimendua antolatzeko orduan, beraz, jokabide zabala eta bateratzailea agertu behar da, ez baitu zentzurik alde bakarreko eskubide-diseinu edo programak plazaratzeak. Argitasuna agertu behar da, halaber, jarreratan, eta exijentzia maila bera izan behar da alde guztietara begira, bide baketsu eta demokratikoak bermatzerako orduan. Alde guzti-guztiak bakearen eta eskubideen bidera lotzea lortu behar du eskubide zibilen mugimenduak.
Konpromisoari eutsi egin behar zaio. Udaberriaren lehen seinaleekin batera, han-hemenka loratzen dira gure artean giza-eskubideen aldeko erakundeak, foroak, sinposioak eta bilera akademikoak. Baina eskubide zapuzketa larriek hor diraute eta ez zaie eraginkortasunez aurre egiten. Eskubideez eta demokraziaz mintzatzen gara, baina ez ditugu eskubideen aurkako eraso nabarmenenak ere geldiarazten eta horien lekuan eskubideak finkatzen. Eztabaida teorikoak ondo daude beti, baina ekinbide diskurtsibo hutsak ez du geldiaraziko egun pairatzen dugun txaparrada debekatzailea. Ez du, besterik gabe, bakebidearen boikoteo sistematiko hori ekidingo. Horretarako konpromiso zehatz eta sendoagoak behar dira. Koherentziaz eta batasunaz jokatu behar da. Elkarrenganako konfiantza hartuta.
Nazioarteko laguntza aipatzen da behin eta berriro aurrean ditugun Estatu indartsuen itxikeria gainditzeko baliabide. Badugu izan nazioartean hainbat lagun, eta horietako bat da Slavoj Zizek filosofo esloveniarra, Bilbon bisitatu gaituena. «Pentsamendurako gune independenteak» aldarrikatu ditu zorroztasunez, eta giza-eskubideen eremuan da, inon izatekotan, horren beharra. Izan ere, Gobernu eta botere politiko-ekonomikoen gerizpean ari dira bertokozenbait erakunde, dirua, agenda eta bide-orria, baita aliantzak ere, gobernuetatik ondo zuzenduta. Kontutan hartzen badugu eskubideen defentsa, gurean eta gaur bertan, gobernuen eta administrazioen jokabide erasokorren aurka egin behar dugula neurri handi batean, nekez espero daiteke bide honetatik irmotasun demokratiko handirik.
Gure urrezko milia behingoz zabaltzeko ze urrats eman behar dugun ez da zaila asmatzen, dagoeneko: herritarren konfiantza irabazi;hartutako konpromisoei eutsi eta egiaztatzeko moduan agertu, edozein zalantza argitzeko moduan. Eta era berean, botere desberdinetatik datozen eskubide zibilen urraketa larri eta ugariei aurre egin indarrez eta elkartasun osoz. Eskubideak gurean bermatu ditzakeen moduko saretzea eta erakundetzea diseinatzen eta egituratzen hasi. Etorkizun librerik izango badugu, behintzat.
Eskubideen oldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu