Esker onez, Xabier
Berria ireki eta Xabier Leteren heriotza jakin dudanean sentitu dut norbait garrantzitsu hil zaidala eta eskerrak eman dizkiot.
Eskerrak Ez Dok Amairu egitasmo amets eder eginagatik. Egoera penagarrian euskaldun izatearen gogoarekiko atxikimendu askatzailearen eztanda probokatu zenuten.
Eta eskerrak eskaini dizkidazun (guzun) sakontasunez eta edertasunez beteriko hainbat eta hainbat harribitxirengatik. Bat-batean buru-bihotzera etorri zaizkidanak botako ditut.
«Euskal Herri nerea ezin zaitut maite, bainan non biziko naiz zugandik aparte». Garai hartako berbenetan adore guztiz kanta-dantzatzen genuen askatasunaren lehen izpia. Milurteko jaraunspenaren oinordekoak gara. Euskararen Herriaren ondorengoak. Gure esku balioetsi edo ez; gure esku onartu. Eta onartu duguna ezagutu, bere handitasun eta miseriekin, idealizatu gabe, eta aukeratu eta gutu, hau da gaurkotuz bersortu eta jaso. Gure garaietan euskaratik gizadira haziz, hitz sendagarria eman eta zabalduz.
Errekamari eta Mateo Txistu. Zenbat aldiz ez genizkion geure alabari bi ipuin horiek kontatu lotarakoan! [...]
«Adiskide bat bazen... hitzen lihoa iruten bere barnean irauten». Xabier ere horretan ibili zen. Herri euskaldun artzain, nekazari, pobrearen hitzak, pikardiak, bertsoak, kantak jasotzen. Bi adieran: estimuan eskuz hartzen eta jasotzen duzu; eta eskuz jaso, altxatzen duzu balioen gorenera. [...]
Orduen liburua... Luxuzko oparia. Egunsentiaren esku izoztuak beren gainera erori aurretik Rainer Maria Rilke ekarri zuen Xabier Letek euskal mundura.
Joseba Barriola.
Egunsentiarenale izoztutik, Xabier
«Solasean aritu ginen/ eta begiak erabat jaso gabe/ galdetu zenidan/ zer ote da eternitatea/ bai al legoke iraunkortasunik haientzat/. Baina nik ez nekien/ eta arratsaldeari begira/ erantzun nizun/ eternitatea gugan legokeela/ gu ginela hildakoen betikotasuna/ gaueko neguetan/ izarretan leudekeela haien arimak/ hain distiratsu, hain urrun/ gu haien lurralderuntz goazenean/ galderak beharrezkoak ez diren / erresuma baketsuetara».
Kaixo, Xabier:
Egunsentiaren esku izoztuak liburutik aukeratu berri dudan pasartea izan da horrakoxea, nahigabeak eraman nauena, ez nahita, nahigabe, barruak berak berau aukeratu balu bezala, auskalo zergatik. Solasaren begiak atsegin dituen batek, ziurdanik, hartzaile samur eta abegikor zenuen emaztea faltan botatzen zenuen, hain da mugatua eta laburra izateak eskaintzen duen arnasa. Arnas horrek eutsi zintuen, nola edo hala, taupaka izate honetan, eta honela, apaka, apurka idatziz, zure eskuen trebeziaz, adimenaren dotoreziaz, bihotzaren ezti-ozpinez ehotutako hitz samurrez, hain zenuen gertuko eta handi Lurdes denaren, ez zenaren, itzala goratu zenuen, eta goratzen duzu, Maitasunez, hitz larriz idatzi behar genukeen sentimendu minez, grinez eramanez zure ezina, eta hala eskaini zenizkigun goran aipaturiko ahapaldi horiek bezala: kantuak, kontuak, irriak eta lantuak, nekeak eta pozak, herri bati garraxi bortitzean giza-abere kolpatu baten bertsoak, sentitzen zenuena abestuz, abesten zenuenasentituz, abestia, hitza, bizitza honi, haserrez eta atseginez, zor zaion guztia lagunekin, etxekoekin, herriarekin, gerturatzen zitzaizkizun guztiekin biziz eta partekatuz.
Arratsaldeari begira gaude, guk eternitatea gugan dagoela pentsatzen dugu, gu gara, Maitasunaren bidez, indar amultsu eta hurbil horren bitartez, oroitzeaz gain, memoriaren atetik betikotasunaren lautadara gureak eta maitatzen genituenak gertuagotzen ditugunak. Sentimendu ezti horrek, Maitasunak, garamatza, benetan, zurekiko eta maite ditugunekiko, joanak badira ere, hurbilagotzeko aukera bikaina eskaintzen diguna, haiekiko eta gurekiko bideska ikusezina, baina ikusezina den sentimendu egiazko horrek ederrak, sentiberak diren hitzak esatera eramaten gaituena, horretan dihardugu, horretan jarraitu gura genuke. Zergatik? Beharbada, ondo esan zenuen eta esaten diharduzun bezala, izarretan dauden arimak izatera jaioak garelako, jaioz IZATEN garelako, eta ziurdanik, IZANEZ, gerora IZARTZEN garen argiak garelako.
IZATE hau bizi izan duzu, Xabier, IZARTE, IZARTEGI berri horretanzure benetako izana aurki dezazula, bakean, bakezko betean, maite dituzunekin, Lurdesekin, Mikelekin, Jesusekin, Jean Paulekin, Luis Marirekin eta hainbat etxekorekin, lagunekin, ez adio Xabier, biniloak, liburuak beza zure oroitza lurrean zabaldu eta izarrei begira gaudela gogoratuko gara zutaz eta goratuko dugu hitzez, ekintzez erditutako eta egoki itxuratutako zure bizitza. Zinez, egindakoagatik, esandakoagatik eta izandakoagatik eskerrik asko.
Andoni Salamero Alberdi.
Xabier Leteri azken eskutitza
Kaixo, Xabier maitea:
Ostegunean jaso nuen zure azken eskutitza. Ez zenidan argi esaten larunbatean betirako joateko asmoa zenuenik, baina bai oso makal eta indarrik eta kemenik gabe zeundela -letran ere antzeman nizun nekea ...-. Orain lasai, goxo eta bakean egongo zara zure aurretik joan diren eta hainbeste maitatu dituzunekin. Eta ez duzu ezer beharko. Baina, nik hemen jarraitzen dut eta behar ditut zure hitzak. Tartetxo bat hartzen duzunean, erantzuidazu, mesedez. Eskura izango dituzu orain hodeiak, eguzki eta ilargi izpiak, euri tantak, tximistak, elur malutak... bertan idazteko, eta niri ipar edo hego haizeak ekarriko dizkit zure hitz preziatuak, badakizu, Alkizako muino hori zeharkatuz...
Hainbeste kontu dut oraindik zuri kontatzeko! Gogoan hainbeste bizipen hunkigarri! Baina, ez naiz gehiago luzatuko: eskerrak eman nahi dizkizut berriro ere zure laguna izateko aukera eman didazulako. [...]
Egunen batean bilduko gara, Xabier. Muxu handi bat, bihotzez.
Elena Laiz Sasiain. Anoeta.
Xabier Lete: Azkeneko ekitaldia gogoan
Agoniaren kanpai-hotsik ez da
[entzun
Donostiako metropolian.
Ezta turuta-soinurik ere
Ilunbe gaineko gela hitsean.
Zalaparta da nagusi
Anoetako stadiumean.
Gardabea
Amarako kafetegietan.
Semaforoei ostertza darraie
gorri-berde-laranja arteko
[jokoan. [...]
Etorriko dira goraipamenak
laudorioak
omenaldiak
bat-bateko lagunak
lagun izenekoak
lagun izandakoak
azken orduko lagunak
lagunak
adiskideak
Hara, hara, hara... zenbat
[klasetakoak garen!
Maitasuna eta losintxa
Zurikeria eta elkartasuna
Gorroto zituen keriak eta
[keriakumeak. [...]
Gordeta gera bitez
sentimenduen iturriko
hitz bizikorrak.
NI NAIZ...
Bere baitan zetzan eta datza BAKEAren aldeko irrintzi
[gordina!
Jexux Aizpurua. Ataun.
Eskutitzak Xabier Leteri
Astebete joan da Xabier Lete hil zenetik. Haren heriotzak minduta, hainbat gutun iritsi dira. Lagin bat baino ez da honako hau:
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu