Espainia, dimentsio (ez)ezaguna

2017ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Duela aste batzuk, Katalunian erreferendum bat egiteko bidea aldi misteriotsu batean sartua da, eta, hor, fenomeno paranormal arraroak bezain misteriotsuak gertatzen ari dira.

Telepatia zitala. Espainiako Gobernuak orain ere ez du horretaz hitz egiteko asmorik; ezer berririk ez, beraz. Baina mehatxuek urrats bat harago egin dute, eta, orain, politikari katalanek zer asmo duten, horren arabera salatzen eta kondenatzen dute Espainiako auzitegiek —fiskaltzarekin batean—. Bai, ez dira egintzak epaitzen; aitzitik, auzitegiek etorkizunerako zer iragartzen duten, huraxe epaitzen dute. Azal dezadan: duela pare bat aste, fiskaltzak Kataluniako Gobernazio kontseilaria salatu zuen, 8.000 hautetsontzi erosteko lizitazioa abiarazteagatik. Ez misilak, ez organoak, ezta kokaina ere... hautetsontziak baizik. Espainiako justiziak dio ondasun publikoak bidegabe erabiltzen ari direla —eta hori delitua da, eta kartzela zigorra ere ekar diezaieke—, hautetsontzi horiek delitu bat egiteko erabiliko dituztela pentsatzen duelako: erreferendum bat egiteko, alegia.

Pantailaz haraindira. Espainiako Gobernuak hainbeste estutu nahi ditu katalanak, ezen gertaera esplikaezin bat izan baitzen Puigdemontek hitzaldia egin eta ordu gutxira: Mariano Rajoyk plasma pantailaz haraindira jotzea erabaki zuen, eta erantzun egin zion erreferendum itunduari buruzko hamaikagarren eskaerari. Nolanahi ere, mezua ez zen aldatu: Espainiako Gobernuak hemezortzi ezezko eman ditu jadanik, kontuan harturik, besteak beste, herri kontsultak, irailaren 11 guztietako manifestazioak, ordezkari hautetsiek Madrilen izandako ekinaldi legegileak, A-9ko prozesu parte hartzailea, Pacte Nacional pel Referèndum-ek bilduriko milioi erditik gora sinadura...

Titulu galduak. Buruzagi katalanek Espainiako Erresumako hiriburura egin zuten bisitak ere, Puigdemontek Rajoy jaunari bidali zion gutunarekin batean, beste ondorio izugarri bat izan zuen: estatuaren hornigai diren komunikabideetan, ia ez zuten halakorik hizpide izan tituluetan. Haitzulo mediatikoak bere arma guztiak martxan ditu ez ikusi/ez entzun egiteko katalanen %80k baino gehiagok erreferendum itundu bat eskatu izanari. Komunikabide horiek gai dira titulu handiak sortzeko, esaterako, egile jakinik gabeko txostenen kontura, baina aintzat hartu ere ez dute egiten batzuk nekaezin aritu izana elkarrizketa eske.

Pandemia geraezina. Badirudi duela urte batzuetatik gaixotasun arraro bat hedatzen ari dela Katalunian. Hauxe: ezin eutsizko irrika izatea gure etorkizuna hautatzeko eta haren alde bozkatzeko. Medikuek oraindik ere ez dakite zein anomalia bakteriologikok sortua den, baina, lehen zantzuek erakusten dutenez, eskola liburuak dira birus eroale nagusiak. Horregatik, PP eta Ciudadanos konbentzituta daude errotik erauzi behar dela gaitz hori. Kanpaina bati ekin diote Kataluniako hezkuntza ereduari prestigioa kentzeko, eta kosta ahala kosta gerarazi nahi dute doktrinatze molde hori. McCarthyren sorgin ehizako urteak antzeratuz, alderdi politiko horiek deabrutu egin nahi dute pentsatzeko modu bat, kultura propio bat eta borondate demokratiko bat.

Ispilu misteriotsua. Independentistak mamitzen ari diren iraultza demokratiko horrek ondorio lazgarriak eragin ditu Kataluniako alderdien muinean bertan. Alderdietako asko hainbeste itxuraldatu dira, ezen nekez ezagutzen baitute beren burua ispilu baten aurrean. Convergencia izandakoa, esaterako, aldaketa garrantzitsuak egiten saiatzen ari da ez ikusteko bere burua ustelkeriak eta gertakari ilunek zikindutako alderdi gisa. Beste batzuek, hala nola Esquerra Republicanak, ohitu beharra daukate beren itxura berrira, bere araztasun ideologikoari une oro ezin eutsi dion alderdi hegemonikoarenera. CUP, berriz, sistemaren kontrako jantziz dabil, baina egun batzuetan instituzional samar ageri da. Eta, azkenik, comuns-ek uko egiten diote kristalari begiratzeari, bere burua independentziaren aldeko eta kontrako irudi bikoiztu gisa ikusiko duen beldurrez. Aste askoan ezingo diote izkin egin halako zehaztasun faltari, eta badirudi Madrilgo purpurek lehenago aurpegi emango diotela ispiluari, alde bakarreko erreferenduma onartuz, Xavier Domenechen alderdiak baino.

Argiaren abiadura. Alderdi eta erakunde subiranistek erritmo ultrasonikoan eta isil-misilka ibiltzen ikasi behar dute, matxinoak zigortzeko baliaturiko madarikazio guztiei ihes egiteko. Eragozpenak eragozpen, berme demokratikoak izango dituen deialdi baterako makineria abiarazi du Kataluniako Gobernuak, eta kanpaina bat prestatu beharko du, zeina are eta laburragoa izatea espero baita gero eta gehiago. Laster iragarriko dute zein izango diren erreferendum lotesle horretarako eguna eta galdera.

Baina oraindik atal asko geratzen zaizkio gidoia estatuaren estolderiako katakonbetan idatzia dioten sail honi. Denetariko zapalkuntzak ikusiko ditugu: zentsura, atxilotzeak, legez kanporatzeak, eskumenak kentzea... Misteriozko istorio bat baino gehiago, beldurrezko bat da. Argumentu ditu desleialtasuna, zapalkuntza, itolarri ekonomikoa, eta borondate demokratikoa ukatzea, eta, horiez gain, Espainia autoritarioaren benetako gerra zikina, non dena zuritzen baita batasun sakrosantu bidez. Zer den okerrena? Rod Serlingek sorturiko Twilight Zone telesail mitikoaz bestera, ezinago zona ezaguna dela Espainia. Eta beldurrezko edozein filmetan bezala, katalanok irten egin nahi dugu amesgaizto honetatik. Ez, ordea, horretarako baimena ematen digutenean, baizik geuk aukeratzen dugunean. Agudo asko.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.