Martxel Toledo Garmendia.
EEPFko kide ohia

Espainiakoa indartuz, gurea ahultzen da. Zer ari da gertatzen?

2024ko apirilaren 25a
05:00
Entzun

Jakina da Espainiako Pilota Federazioa dela euskal pilota selekzioa nazioartean ofiziala izateko traba edo oztopo handiena jartzen duen federazioa. Orain arte horrela izan da, eta badirudi aurrerantzean ere aldatzeko asmorik ez duela. Ikusi besterik ez azken urte honetan ere nolako jarrera azaldu duen Nazioarteko Pilota Federazioan, EEPF bazkide gisa onartzeko iaz egin behar zen Batzarrean. Eta hori, Espainiako Kongresuaren gehiengo batek Kirol Legea aldatu eta euskal pilotari eta surfari nazioartean ofizialak izateko aukera legeztatu arren. Baina ikusten da hori berdin zaiela, beren Legeari ere muzin eginez betiko ezezkoan jarraitzen dutelako, alegia, etsaia izaten.  

Urte asko pasatu dira Euskadiko Euskal Pilota Federazioak, bere batzar nagusiak horrela onartuta, Espainiako Pilota Federaziotik alde egin eta bere bidea jarraitzea erabaki zuenetik. Erabaki honen atzean zegoen horren zergatia, alegia, euskal pilota selekzioa nazioartean ofiziala izateko oztopo nagusia Espainiako Pilota Federazioa izanik, presio gisa zerbait egin behar zelako. Eta erabaki horren ondorioetako bat, besteak beste, harremanak apurtu eta beraiek antolatzen zituzten Espainiako txapelketa eta torneo ofizialetan parte ez hartzea izan zen, gero pilotari eta elkarte batzuk, tamalez, beraien kabuz eta beraien interesen arabera, egoismoa barne, erabaki horri muzin egin eta Euskadiko Pilota Federazioari bizkarra eman bazioten ere.    

Hori gertatu zenetik hona bi federazioen artean arazoa konpontzeko saiakera ezberdin batzuk egon badira ere, egun berdin jarraitzen du. Ondorioz, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren Batzarrak beste erabakirik hartzen ez duen bitartean, Espainiakotik kanpo jarraitzen du. Eta hori horrela izanda, nire ikuspegitik, logikoena eta koherenteena litzake, egoera aldatzen ez den heinean, kluben eta pilotarien aldetik jarrera berdina izatea, alegia, Euskadiko Federazioak eta bertako pilotariak presio modura Espainiako txapelketa ofizialetan parte hartu gabe jarraitzea. Edo ez?
     
Baina hori teoria hutsa baino ez da, zeren urtetik urtera, euskal klub eta pilotari gehiago dira Espainiako Pilota Federazioak antolatzen duen kluben arteko txapelketa horiei sostengua eta kasu batzuetan lehentasuna ematen diotenak, ia denek euro batzuen truke eta seguruenik ohartu gabe hartutako postura horrek bere jatorrizko klubari egin diezaiokeen kaltea. Zeren, errespetagarria bada ere pilotari bakoitzaren erabakia, ezin ahaztu horrek ondorio zuzenak eta kezkagarriak sor ditzakeela eta sortzen dituela klub batzuen barne kudeaketan, EEPFk urtero antolatzen duen Euskal Ligan parte hartzeko garaian hanka motz gelditzeko zorian egon daitezkeelako. Eta seguru nago pilotariak bere jarrerarekin ez duela hori nahi, eta are gutxiago hori bilatzen, han eta hemen txapelketa gehiagotan lehiatzea baizik.

Baina nahi edo ez badirudi hori dela gurean gertatzen ari dena eta urtetik urtera okerrera doana. Horregatik, nire uste apalean, egungo egoera kezkagarri honi euskal pilota mundutik, batik bat federazio, pilotari eta kluben aldetik, soluzio bat bilatzea komeniko litzake. Alde horretatik, txalogarria eta aipagarria deritzot EHko euskal pilota elkarte baten jarrera, alegia, iaz hartutako erabakia sare sozialetan zabaltzea eta argitaratzea, zeren guztiz koherentea iruditzen zait bere garaian EEPFko Batzarkideak hartutako erabakiarekin bat egitea besterik hartzen ez den bitartean.

Besteak beste, idatziak dio: EEPFk antolatzen duen Euskal Liga jokatzen den bitartean, Espainiako Pilota Federazioak antolatzen duen Espainiako kluben arteko txapelketa ere jokatzen da. EEPFko kirol lizentzia duten pilotari asko, Nafarroako eta Espainiako kluben izenean, Espainiako kluben arteko txapelketa hau jokatzen ari dira. Eta egoera honen jabe izanik, gure kirol elkarteak hau erabakitzen du aho batez: elkarteak berak eta kide diren bere pilotariak ez dutela ez Espainiako txapelketarik jokatuko eta ezta ere Espainiako selekzioarekin arituko ere, erabat alde gaudelako bere garaian EEPFak hartutako erabakiarekin eta federazio honen kide izanik, Euskal Pilota Federazioaren alde egingo dugu beti.

Uste dut, euskal selekzioaren ofizialtasuna oinarri hartuta eta ikuspegi herrikoi eta abertzale batetik begiratuta, elkarte honek eta zorionez beste hainbat eta hainbatek hartu duten erabakia zuzena eta koherentea dela. Are gehiago, Euskal Herrian, goi mailako hainbat eta hainbat txapelketa ofizial eta pribatu egonda. Orduan, galdera da, zer dela eta beste batzuen joera hori? Ze behar dute han eta hemen Espainiako Federazioari babesa emanez txapelketa horretan aritzeko eta horretaz harro egoteko batzuk adierazten duten bezala?

Beraz, gertatzen ari den honek gure federazioetan, klubetan eta pilotarien artean gogoeta bat merezi duela deritzot. Beste aldera begiratzeak ez duelako aurrean dugun egoera trakets hau konponduko. Eta trakets diot, zeren ofizialtasunaren borroka neurri handi batean politikoa ere izan arren, ia beti pilotarien eta kluben bizkarrean kargatzen dugulako. Eta horrek askotan han eta hemen kontraesanak sortzen ditu, gurean barne. Horregatik, autokritikatik haratago, uste dut hausnarketa ere merezi duela.

Gora Euskal Herriko pilota selekzioa!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.