Eta heu, nor haiz?

2021eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Kulturak, hizkuntzak, historiak eta lurraldetasunak, euren artean bilbatuz, nazio baten nortasuna egiten dute. Zer daki hemengotzat jo ahal dugun gizarteak horretaz? Are gehiago, estatu espainiarreko ahalmentxo baten sare publikoko D ereduko ikasleriak, baita arlo pribatutzat jotakoek ere, euskaraz ikasten duen hizkuntz eredukoak? Idazle baten izenaz, musika talderen batez, antzezlanen batez, filmen bat gutxi izanda ere, zer?

Ikasten dabilen hizkuntzaz? Zenbat euskalki daude? Zeren ondorioz sortu ziren euren artean horrenbeste ezberdintasun? Zergatik euskarak egin duen atzera edota zergatik iraun duen gaur arte bizirik?

Historiaz ba ote dakite euskal hiztun guztiak Nafarroa izeneko egitura politiko baten ingurura lotuta egon ginela? Eta lehenengo konkistak (nafar mendebala, gaurko Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Burgosko Bureba eta Errioxa) hizkuntzaren banatzea ekarri zuela, orduko aldeak alde?

Edota bigarren konkistaz 1512an gertatutakoa? Zeinetan Espainiak, orduko armadarik ahaltsuenak 16.000ren eta 20.000ren arteko soldadu sarrarazi zituen Iruñeraino bortxa erabiliz, Flandrian eta Portugalen bezala, okupazioak hamarkada askoan iraun zuelarik, esaterako: 1571n Espainiak iruindarrak behartu zituenean, 10.000 biztanleko Iruñean, 6.000 soldadu espaniar euren etxeetan apopilo hartzen, gazteleraren gorenkeria uzteko lehenengo zantzu nabarmena euskarari kalte eginez.

Euskararen lehenengo normaltze eta hedatze saioaz, Nafarroako Ioana III.ak agindutakoaz, zer dakite ikasleek?

Behin lurralde batzuk Gaztelaren, Aragoiren eta Frantziaren esku geldituta, euskara ezin atzerago eta apalago gutxietsi dute aipatutako kolonizatzaileek, eremu askotatik desagerraraziz, toponimia eta dokumentuak lekuko.

Bestalde, azkenengo eskuizkribuek adierazten dute ezin argiago euskalki batzuen arteko aldea oso lausoa zela: Lazarragarenak; Murillo El Frutoko petxena (zerga liburua, 2017an aurkitua); 1416ko gutuna, bi nafar handikiren artekoa, goi euskara erabiliz, eta Oñatiko artxiboko eskribau izengabearena, zeinek inongo akats ortografikorik ez zuen eta idazteko ohitura agerian uzten zuena, jende xumeak euskaraz idazten eta irakurtzen ez zekienean! Hortik gaur arte, nahi beste debeku, arauen eta ordenantzen artean!

Eta lurraldetasunaz zer dakite? Zenbat Lekunberri edo Basauri edo Getaria euskal eremu guztian, Nafarroa bakar osoan? Edota noraino heltzen zen euskara antzinaroan, azken aurkikuntzak Soriako erromatar hilarrietako sesenco, Velarthar, Lesuridantar ... hitzek azpimarratzen duten norantza ezin argiagoz euskaldunak hor egon bazeudela, «ganorabako euskalduntze berantiarra» bertan behera utziz.

Hau guztiaazalduko balute, nazio kontzientzia sortuz, eraginik izango luke euskararen erabileran, herri kolonizatua garela jabetuz eta talde amnesiatik askatuz? Euskara eurena dela ulertaraziz?

Aitzitik, gaurko DBHko 2. mailako historia liburu bateko orrialde baten laulerroko paragrafo batek Nafarroaz, gure nazioaz dioena, hitzez hitz: «Antso III.a Handiaren botere gunea izan zen arren, hegoaldera hedatzeko aukera gutxi zituen. Aragoiko errege-erreginek gobernatu zuten han 1076. eta 1134.urteen artean».

Kito, hor amaitzen da gure lau lerroko historia DBHn eta batxilergoan, gainerako guztia, kultura, historia eta lurraldetasun espainiarra, soldatapeko irakasleek curriculum ofizial bezain arrotzean betearazten dutelarik, ezer zalantzan ipini barik, folkloreak eta mitologiak —asmatutako euzkadi gora, euzkadi behera— lagunduta, jakina! Ahaztu barik, inongo lotsa barik ospatzen ditugula Espainia handiaren izen eta jaiak: San Inazio, armadaburu bat bigarren konkistan, santu bihurtuta; Irungo eta Hondarribiko alardeak, Espainiaren garaipena Nafarroa subiranoaren kontra; Donostiako setioaren arpilatzearen eta emakumeen bortxaketen bultzatzaile zuzenen kaleen izenak Bilbon eta Gasteizen, Castaños jenerala eta Wellington, hurrenez hurren, lehenengoak besteari ordaintzeko saria eta abar luzea.

Eta heu, heldu zein gazte, nor haiz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.