Etorkizuna: independentzia

2013ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Independentziaren aukera ez da utopikoa edo abstraktua, eguneroko errealitateari eta arazoei lotuta dago. Horrexegatik, bizi dugun egoera ekonomiko eta sozialgogorraren aurrean, Independentistak Saretik krisia, etorkizuna eta independentzia uztartu nahi ditugu Aberri Egunean.

Krisiaren ondorioak era dramatikoan nozitzen ari garen arren, ez da jartzen mahai gainean sortu duten faktoreekiko alternatibarik. Egoera arintzeko adabakiak proposatzen dira, baina ez estrategia argirik. Euskal Herriaren independentziak ikuspegi sozioekonomikotik eskaintzen dituen aukerez hitz egiteko garaia da. Eta orain krisiari irtenbideak bilatzea dela lehentasuna eta egoera ekonomikoa konpondu ondoren izango dela horrelako gaiez hitz egiteko garaia esaten dutenei inolako zalantzarik gabe erantzuten diegu Euskal Herriak bere estatu propioa eratzea dela, hain zuzen ere, krisialditik irten eta gure etorkizuna eraikitzeko tresnak eskaintzen dizkigun alternatiba bakarra.

Krisi ekonomikoak argi erakutsi du aldarrikapen independentisten aurkako kontraprogramazio gisa sortuta dagoen espainiar Estatuaren proiektu politiko eta ekonomikoaren erabateko porrota. Espekulazioarekin, zerga-iruzurrarekin eta ustelkeriarekin izugarrizko negozioa egin dutenek ekonomia hondatu dute.

Ondorio larriak sufritzen ari gara Euskal Herrian ere: sare produktiboaren garapenerako inbertsio publikoen deuseztapena, gure ondare ekonomikoaren likidazioa, langabezia, enpresen ixteak, lan harremanen deserregularizazioa, oinarrizko zerbitzu publikoen desmantelamendua, prestazio sozialen murrizketak, etxe kaleratzeak, bazterkeria soziala, pobrezia, eta abar, eta abar.

Hondamendira eraman gaituztenek ez gaituzte aterako zulotik. Geuk aurkitu beharko ditugu, herri gisa, krisialditik irteteko eta gure etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko bideak. Baina horrek premia handiz urratsak egitea eskatzen du:

Sektore publikoaren inplikazio zuena ezinbestekoa da euskal ekoizpen sareak behar duen bultzada indartsuaren motore gisa. Aldi berean, guztiz beharrezkoa da euskal finantza sistema publikoa martxan jartzea, inbertsio produktiboaren bitartez dibertsifikazioa, I+G+Ba (ikerketa + garapena + berrikuntza) eta balio erantzia sustatzeko gure industrian.

Euskal Herritik kanpora doan euskal kapitala kanpotik datorrena baino askoz handiagoa dela kontutan hartuta, erronka oso garrantzitsua da euskal kapitala bertan finkatzea geure ekonomia erreala sendotze aldera.

España marka gero eta oztopo handiagoa bada gure enpresentzat esportazio aukerei begira zein kredituak lortzeko garaian, Euskal Herria moduan, geure marka berezituaz, munduaren aurrean agertzeko estrategia jarri beharko dugu martxan, ekonomia globalizatu honetan geure konpetibitate gunea lortzeko bidean.

Jendartearen ongizatea eraikitzeko ezinbestekoa da aberastasunaren bidezko banaketarako neurriak ezartzea. Fiskalitatea da, hain zuzen ere, horretarako tresna nagusietariko bat; beraz, geure fiskalitate justu eta progresiboa finkatzeko ahalmen osoa behar dugu. Soldaten eta pentsioen erosahalmena hobetzea ere aberastasunaren banaketa da, eta oso eraginkorra barne eskaria sustatu eta garapen ekonomikoa indartzeko.

Zerbitzu publikoak eta babes soziala hobetzeko gastu soziala handitzeko garaia da. Alde batetik, krisiak gogorren jotzen dituen kolektiboak laguntzeko eta, bestetik, lanpostuak sortzeko.

Elikadura burujabetzaren eredutik, nekazaritza eta arrantza bizi eta jasangarriak indartu behar ditugu, eta eskaintzen dituzten aukerez ondo baliatu: kalitatezko elikagaiak, lanpostuak, ingurumena...

Baliabide energetikoen kudeaketan, lurraldearen antolaketan, azpiegituretan eta baliabide naturalen erabilpen eta jasangarritasunean Euskal Herria egituratuko duten politika eraginkorrak gauzatu behar ditugu.

Etorkizun ilunaren aurrean, geure geroa den gazteriaren aldeko apustua egin behar dugu formakuntzan, babes sozialean eta kalitatezko enpleguan.

Hori guztia martxan jartzeko geure estatu propioa behar dugu, estatuei soilik dagozkien eskuduntzez ari garelako. Euskal Estatua da enplegua, pentsioak, osasun sistema, hezkuntza eta babes soziala bermatu eta hobetzeko bitarteko politiko-instituzional eraginkorrena. Funtsezkoa da krisi egoeratik irten eta etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzeko, Euskal Herriaren lurralde eta jendarte egituraketarako, eta herritar guztien eskubide politiko eta sozialak bermatzeko.

Euskal Estatua beharrezkoa eta bideragarria da ikuspuntu ekonomikotik, ondorengo hiru adierazle hauek, beste askoren artean, erakusten diguten moduan:

Gure Biztanleko Barne Produktu Gordina Europako eskualde aberatsenen parekoa da. Gauza bera esan dezakegu biztanleko Balio Erantzi Gordinari buruz. Eta landuneko Balio Erantsi Gordinabegiratzen badugu, 36. tokian gaude 266 europear erregioen artean.

Hego Euskal Herriaren merkataritza balantza positiboa da: 2010eko superabita, adibidez, 5.227,8 milioi eurokoa izan zen. Esportazioen bi heren EBra joan ziren.

Euskal kapitalak 1993-2008 tartean 51.000 milioi euro inbertitu zituen atzerrian. Kapitala, badago, kanpora doala da arazoa.

Horrez gain, kontuan hartu behar dugu zer garestia den espainiar Estatuaren menpe egotea, beste hiru datu hauek horren adierazgarri txiki baitira:

Espainiar Estatuarekin dagoen instituzioen arteko fluxu finantzarioari dagokionez, 2004-2009 epean 11.700 milioi eurotik gora transferitu zion Euskal Herriak, kupo likido bitartez, Madrili. Eta espainiar estatuak hemen egindako inbertsioak, berriz, 3.520 milioi eurokoak besterik ez ziren izan epe berberean.

Gizarte Segurantzari dagokionez, 2000-2009 epean 12.438,27 milioi euro garbi transferitu ziren Euskal HerritikGizarte Segurantzaren Kutxara.

Eta espainiar Estatuaren zorpetze egoeraren kostea urtean 3.000 milioi eurokoa da euskal diru-kutxa publikoentzat.

Independentistak Saretik inolako zalantzarik gabe diogu alor politiko eta kulturaletik zein ekonomiko eta sozialetik begiratuta euskal Estaturik gabe ez dagoela etorkizunik Euskal Herriarentzat. Horregatik, Iruñean ospatuko den Aberri Egunean parte hartzeko deia egiten diegu herritar guztiei, denon artean argi adierazteko zein den gure etorkizunerako hautua: independentzia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.