Hizkuntzei buruz hedatzen diren mitoetan «Etorkizunaren Mintzaira » delakoa dugu maizen agertzen dena.Duela aste bat txinera, turkiera eta arabiera etorkizunerako hizkuntzak direla iragartzen zuen saio bat ikusi nuen Frantziako telebistan. Saioaren aurkezlearen esanetan hala gertatzen da, Txina mundu ekonomikoan indarra gero eta gehiago hartzen ari delako, herri arabiarrek toki garrantzitsu bat petrolioari esker daukatelako eta Turkia egunen batean Europako Erkidegora sartuko delako.
1960ko hamarkadan errusiera omen zen etorkizuneko hizkuntza; aitzakia horren arabera, ikasten ari nintzen kolegioko ikasle batzuek errusiera berexi zuten bigarren hizkuntza bizitzat. Etorkizunaren hizkuntza goitizena lehen satelite lurraren ingurura bidaltzetik eta komunismoaren arrakastatik zetorkion, segurik. Hala ere, 1990. urtean komunismoaren porrota gertaturik eta Sobiet Batasun ohiko nazionalitateek askatasun gehiago harturik, atzera egin du errusierak Asiaren iparraldean eta erdian, baita Errusiaren menpean zeuden Europako estatu askotan ere. Gaur egun Errusia neoliberalera lan egitera doazen buruzagi mendebaldetar gehienek ingelesa erabiltzen dute bertakoekiko harremanetan, interprete baten laguntzaz. Naski edozein herritan, baita Errusian ere, bizi eta lan egiteko bertako hizkuntzaren jakitea garrantzitsuago dela baiesten dut.
Duela berrogei urte Japoniak toki gero eta gehiago hartu du munduaren ekonomian, non gaur arlo askotan lehengo mailan baitago. Hego Korea bere neurri-neurrian bide beretik abiatu da. Hala izan arren, Europa edo Ameriketako aferazko gizon guztiek ez dituzte hango hizkuntzak ikasten. Nik neuk bi urte iragan ditut Korean, eta kanpotar guztien artean, misionistak salbu, bertako hizkuntza ikasi zuen bat baino ez dut ezagutu.
Txinak toki gero eta gehiago hartzen duela Munduko ekonomian ezin dezakegu ukatu, baina munduan txineraren garapena japoniarra eta korearena bezalaxe izanen delakoan nago. Honetaz gainera, txinera ikasten duten ikasleak diplomatiko eta itzultzaile izanen dira etorkizunean, ekialdetik jiniko teknikalari eta buruzagi gehienek lehengo nazioarteko hizkuntza bihurtu den ingelesez jarraituko dutelarik. Gauza bera esan daiteke arabierari buruz. Hizkuntza handi horien geroa ez du naski zalantzan jartzen jarrera horrek, eta arestian bezala, Txinan eta Korean bertako hizkuntza jakitea hor bizi den arrotzari oso interesgarria zaiola errepikatzen dut.
Aipatutako beste hizkuntza turkiera da. Turkia noizbait Europako Erkidegoan sartuz gero, turkiera izanen da Europako beste hizkuntza ofizial bat. Bruselako funtzionarioek teorikoki, beren ama hizkuntzaz gainera, beste bi mintzaira europar menperatu behar dituzte, baina honi buruzko desoreka asko badagoela ohartu naiz urteetan: funtzionario ingeles gehienek ingelesa baizik ez dakite, beste estatuetakoek hizkuntza latin bat eta germaniko bat ongi badakitelarik. Honi buruz estatistika gutti eskuratu arren, magyarera, suomiera edo grekoa dakiketenen kopurua handia denik ez dut uste.
Nire uste apalean, etorkizunen hizkuntzaz mintzatu ordez, hizkuntzen etorkizunaren kezka ukan behar dugu geure baitan, bereziki hilzorian eta bazterturik dauden hizkuntza gutxiengotuen etorkizunean. Europako beste hizkuntza askoren artean hemen datza euskararen etorkizunari buruz ukan behar dugun grina nagusia.
Etorkizuneko hizkuntzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu