Etxean otso

Jose Inazio Basterretxea EITBko administrazio kontseiluko kidea
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Ahulezia handiko uneak bizi ditu ETBk. Maremagnum digital eta politikoaren lehietan itota, iparra ez eze, lau puntu kardinalak galdu ditu komunikazio-enpresa publikoak. Dagoen egoeran egonda, ahalegin sendo eta, batez ere, profesionala egin beharko ditu zulotik ateratzeko.

Inguru naturalaren merkatua erosionatu du ETBk. Hori da bere gurutzea. Ataka gaitzean den telebista suspertzeko, irizpide eta lemazain berriak behar dira ardura-postuetan.

Dentista zaharren sindromea

Errespetua galdua dio ETBk bere merkatu naturalari. Eritasun historikoa da hori telebista autonomikoan. Sarritan praktikatu du ETBk telebista-esklusioa unean uneko Zuzendaritza Nagusiaren ideario politikoarekin bat egin izan ez duten talde eta erkidegoekin.

Min ematen zuten haginak ateratzen zituen dentista zaharrak gure herrian, erauzi egiten zituen, beste konponbiderik ez zegoelakoan. ETBk horixe bera egin du bere historian, eta kale egin du behin eta berriz: ahoa konpondu ordez, hortzik gabe utzi ditu hortzoiak.

EAJren garaietan, ezker abertzalea erauzi zion dentista zaharrak kate publikoari. PSE-PPren garaiotan, dentista zaharrak eskuin abertzalea erauzi du ETBtik. Eta ezker abertzalearekin, militar nahiz zibila izan hori, aurrekoek erabilitako gutxiespen-politika berbera berpiztu du Zuzendaritza Nagusiak.

Herriko etxe eta eskuin espainiarrarentzako moduko telebista egin nahi dute oraingo telebista-arduradunek, antza. Baina esparru horretan, ETB baino hobeagoak diren kateak ditu entzuleriak gustuko.

Telebista Publikoko zuzendaritzek helburu eta emaitza politiko partidistak eta bat-batekoak profitatu dituzte beren historian zehar, eta telebistaren hilobia aitzurtzen joan dira pixkanaka. Hogeita hamar urtean, leize-zulo beltzera erori da telebista. ETBk ez daki nori zuzentzen zaion, ezta inori zuzentzen bazaio ere.

Alderdi politikoen morroi izan dira kate publikoaren gidariak, eta ez profesional burujabeak. Horra hor paradoxa nagusia.

Harriekin igeriketan

«... hitzak ederrak, bihotza faltso...», zioen Goizuetako Trabukorenak kantatzeko leloak. Hitzak ederrak ditu Zuzendaritza Nagusiak diharduenean elkarbizitzaz, kultura-aniztasunaz, herria egituratzeaz eta euskararen sustapenaz. Baina eskasak ditu oinak, ez baitu asmatzen aurrera egiten predikatzen dituen bide horietan.

Ahulezia diskurtsibo nabarmena du ETBk. Ez du diskurtso propiorik, bereizgarririk. Besteren urratsen jarraipen hutsa praktikatzen du, modu nabarmen eta nekagarrian gainera. ETBk ez du begi propiorik auzo hurbila nahiz mundu urrunagoa interpretatzeko, eta bestek diseinatzen dutenaren kopia egiten eta pantailaratzen du. ETB ez da gai bere produktuari balio erantsi beregainik emateko.

Gauzak horrela, publikorik gabe eta zer kontatu berezkorik gabe, ez dago argi zein den ETBren errentagarritasun soziala.

Lehiatu eta osatu da zerbitzu publikoak egin behar duena. Lehiatu da: besteei gaina hartzen saiatu. Osatu da: bestek utzitako zuloak estali. ETBk lehiatu behar du telebista pribatuekin. Eta osatu behar du, haiek egiten ez dutena eta gizarteak demandatzen duena.

Baina ETBk ez daki hori egiten. Eta, noraezeko bide eroan traba bat aurkitzen duenean, tragediaren bidea hartzen du: zentsura informatiboa, espediente-mehatxuak langileei eta zigor politikoa oposizioari. Hirugarren Munduko edozein diktadore merkek egin lezakeen modu latz berean dihardu. Beregaintasun editoriala amets da egungo ETBn.

Jardunbide sektario horrexek betetzen dizkio patrikak harriekin, igeriketan ikasi nahi lukeen erraldoiari.

Hurbil behar luke dimisioen orduak

Balioetsi egin behar da telebista publikoa. Gizarte modernoak behar duen komunikabide eraginkorra da telebista, dela ohiko pantailetan kontsumitua, dela ordenagailu bidez haztakatua. Telebista publikoa da, besteak beste, herri baten isla publikoa, gizarte baten erradiografia, erkidego baten amets eta idealen biltegia. Ez partidismoaren paradigma.

Blanca Urgell Kultura Sailburuari entzun diogu inoiz audientziak emendatu behar dituela ETBk, informatiboen independentzia dela ohiko telebisten altxorretako bat, zerbitzu duina eskaini behar duela edozein enpresa publikok, inbertsio egokiak egin behar dituela delako herri-enpresak aurrera aterako bada. Baina bere zuzendaritza-taldeak ETBn ez du hegaldatzeko haizearekin asmatzen. Urte eta erdi batean, porrotarekin baizik ez du telebista publikoaren otzara bete. Txantxangorri distiratsu eta arin jaio zena, ubarroi bihurtu da: beltz eta zabor-jale.

Beste zerbait eskaini behar digu ETBk. MTVk, Intereconomíak, TVEk, FR3k edo Tele5ek eskaintzen dutenetik harago.

Eta hori ez du lortuko hurbiltasun-telebista bat eginez, oraingo zuzendaritzari hainbat aldiz entzun izan diogun moduan. Ez da hori bidea. ETBren audientziak ez du gora egingo auzokoaren ezbehar eta paella-txapelketen irudien bidez. Ez horregatik bakarrik. Herri bati dagokion telebista oso bat demandatzen du ETBren audientzia iheskorrak.

Jakina da telebista baten arrakasta edukietan eta ematen dituen zerbitzuetan datzala. Zuzendaritza honek abian jarri dituen eduki berrietako ezeinek ez du publikoaren hitz ona jaso. Lehendik zetozen programek entzuleria galdu besterik ez dute egin. Gaizki ari da.

Trabak asko izango dira: digitalizazioa, entzuleariaren atomizazioa, gizarteko aldaketa demografikoak, familien transformazioa, krisi ekonomikoa... Baina aritu, gaizki ari da oraingo zuzendaritza.

Oinarri-oinarrizkoa da lotura emozionala sortzea zerbitzatu behar den gizartearekin. Eta lotura emozional hori elikatzea egunero, infidela izan daitekeen entzuleria fideltasunaren arrastora hurbiltzeko moduko programazio eta zerbitzu-eskaintza erakargarria eraikita.

Gelditzen zaizkion barku apurrei su eman aurretik, ona litzateke norbaitek etxerako bidea hartzea eta gauzak hobeto egin ditzakeen norbaiti ateak irekita uztea. Beranduegi izan aurretik, jakina. Zeren zuzendaritzaren eraberritzea asko atzeratzen baldin bada, agian ez da ezer geratuko hobetzeko eta zerotik abiatu beharko da berriz ere, hogeita hamar urte beranduago eta leherketa digitalaren zurrunbiloaren erdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.