Etxebizitza bizitzeko da, ez espekulatzeko

Loïc Alejandro. Amaia Martin
2017ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Egun hauetan, Patxi Zubiaurre 84 urteko pentsiodunaren egoera dramatikoa ikusi dugu, mailegu-emaile pribatu bati eskatutako kreditua dela-eta. Mailegu horren baldintzak oso gogorrak dira, eta bere neurrigabeko klausulek itzultzea zigor handi bihurtzen dute. Horiek, hain zuzen, Zubiaurre jaunari ia-ia bere etxebizitza utzarazi diote. Zubiaurrek hogeita hamar urte baino gehiago daramatza bertan bizitzen, eta, egun, etxebizitza galdu du.

Duela aste batzuk ezagutu genuen gazte donostiar baten kasua: gazteak bere zuzkidura-apartamentua utzi behar du, bost urteko epea —araudiak mota honetako etxebizitzetarako agintzen duena— dagoeneko igaro baita. Gazteak adierazi du arazoak dituela apartamentua uzteko, bere egoera pertsonala eta etxebizitza-merkatuaren egoera (alokairuan dagoen etxebizitza eskasia eta baldin eta gela bat alokatzen badu, erroldatzeko arazoak) direla-eta. Gainera, zuzkidura-apartamentua uzteak erroldatzea galtzea ekar lezake, baita orain jasotzen dituen gizarte-laguntzen galera ere.

Errentako etxebizitzen utzarazpenak egunero egiten dira, hedabideek hauen berri eman ez arren. Gainera, posible da horietako baten bat hipotekatuta dagoen etxebizitza baten aldez aurretiko utzarazpen baten ondorio izatea. Ez gara ezer berririk esaten ari, noiz eta pertsona askoren egoera ekonomikoa ez dela hobetu esaten dugunean. Eta etxebizitza-merkatuaren egoera ere ez da hobetu, etxebizitza espekulatzeko erabiltzen jarraitzen baita. Honek guztiak benetako arazoak sortzen dizkie biztanle gehienei, etxebizitza edota logela bat eskuratu ahal izateko baliabiderik ez dutenei. Bizimodu duin bat izateko, ezinbestekoa da bizitzeko leku bat edukitzea.

Irabazi Donostiaren ustez, kasu hauek guztiak froga bat dira, milaka pertsonak duten arazo batena. Eta problema hori, etxebizitza lortu ahal izatearena, gure Easo Ederrean ere badago. Badirudi Administrazio publikoak ez duela borondaterik arazo honi aurre egiteko. Administrazioek ez dute pertsonei bizitza duina bermatzeko behar-beharrezkoa den zerbitzu publikotzat hartu nahi. Administrazioak, tamalez, Higiezinetako Inbertsioko Sozietate Anonimo Kotizatuak (SOCIM delakoak) sortzen ari dira. Sozietate horien helburu bakarra dirua irabaztea da, etxebizitzak edo beste higiezin batzuk salduz. Eta horixe egiten dute negozioa dagoen lekuetan (Donostian, adibidez).

Gure ikuspuntutik, EAJ-PNVren gobernu-programak etxebizitza diru-sarrerak soilik lortzeko baliabidetzat hartzen du, eta ez donostiarren arazo handienetako bat konpontzeko aukeratzat. Udal gobernuak, era berean, ez du interesik izan hutsik dauden etxebizitzak (4.000 bat, urte osoan hutsik daudenak eta 11.000tik gora, urte-sasoi batzuetan hutsik daudenak) merkaturatzeko, nahiz eta aipatutako programak Alokabide alokairu-egitasmorako etxebizitza gehiago lortzea duen helburu.

Hutsik dauden etxebizitzei Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZn) gainordaina ezartzea beste baliabide bat, udal gobernuak gutxiegi erabiltzen duena. Gainera, apartamentu turistikoen fenomenoak(4.500 bat ohe-eskaintzakoak) bi ondorio ditu etxebizitza-eskaintzan, urte osoko alokairukoan nahiz salmentakoan: gutxitzea eta garestitzea. Ondorioak ondorio, duela bi urte proposatu genuen tasa turistikoak garatu gabe segitzen du, eta duela gutxi onartutako Turismoaren Legeak ez dio tasari ekin.

Gure iritziz, udal gobernua oso lanpetuta dago asko «nabarmentzen» diren kontuetan, hala Eguberrietako argietan eta Anoetako berriztatzean, diru-laguntza ezkutuak jasoko dituenak. Baina badirudi ez zaiola hainbeste axola donostiarren arazo larrienetako bat: etxebizitzarena. Badakigu ez dela erraza arazoa konpontzea, eta beste erakunde batzuk (Eusko Jaurlaritza, kasu) ez direla behar bezala inplikatzen. Baina ibilbide-orri argia, etxebizitza parke publiko bat edukitzea ahalbidetuko duena, ez edukitzea da jokaerarik txarrena, eta kostu sozial eta ekonomiko askoz handiagokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.