Martxoaren 8aren harira egiten diren aldarrikapen eta salaketatik harago, gaur nire arreta gizartearen gehiengoarentzat ezezaguna den etxeko langileen egoeran jarri nahi dut. Hego Euskal Herrian 40.000 baino gehiago dira eta horietatik erdiak baino gutxiago daude gizarte segurantzan izena emanda, %55 atzerritarrak dira eta asko eta asko paperik gabekoak. Ez dute hitzarmen kolektiborik, ez dute langabezia saririk eta batez besteko pentsioa 490 eurokoa da, kotizatzeko aukeraren arabera baldintzatuta, jakina.
Egoera horren arrazoi nagusia Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean ez egotea da. Izan ere, Frankismoaren azkenetan sorturiko erregimen berezia pairatzen jarraitzen dute, «Etxekoa» deritzona, emakumeak bigarren mailako pertsonak izatera eta euren eginkizuna ezkondu eta ekonomikoki menpekoak bihurtzera behartzen zuen eredua, alegia. Horretazgain, indarrean jarraitzen duen 1985eko legeriak batere bidezkoak ez diren egoerak ahalbidetzen ditu: kontratua idatziz ez izateko aukera, soldata oso eskasak, kaleratze librea, jardunaldi amaiezinak…
Eta egoera are larriagoa bihurtzeko, alderdi sozialistak bultzaturiko —eta aurreikuspen guztien arabera EAJk babestuko duen— pentsioen erreforma berriak are gehiago gogortzen ditu pentsioa izateko baldintzak.
Behar beharrezkoa da auzo-lotsa eragiten duen egoerari buelta emateko aldaketak gauzatzea. Baina ez dirudi alderdi sozialistak horretarako prestutasun handirik duenik. Esaterako, Nafarroa Baik Espainiako Kongresuan aldaketa horiek bideratzeko proposamenaren aurrean, dagoeneko adierazi dute ez dutela jasoko aldarrikapenik nagusiena: langabezi saria izatearena, alegia. Gainera, erregimen orokorrarekin benetako parekidetasuna gertatzeko,egoera hoberenean, 7-10 urte beharrezkoak izango direla baieztatu dute.
Eusko Legebiltzarrean behin baino gehiagotan eztabaidatu izan dugu gaia. Azken aldian, eta aho batez onarturiko legez besteko proposamenaren arabera, Euskadin etxeko langileen egoerari buruzko ikerlan berezia egitea agindu zitzaion Eusko Jaurlaritzari, bai eta enplegu politika aktiboak gure esku izango direnerako, etxeko langileen arloan enplegu zerbitzu publikoen bitartekaritza gauzatzea. Hala ere, gaur da eguna Lopezen gobernuak ez duela oraindik ikerlan hori burutu; ez du Legebiltzarrak emandako aginduarekin bete. Horregatik eta gobernu sozialistaren utzikeria ikusita ekimena hartu dugu berriz ere.
Beharrezkoa baita Lanbidek etxeko langileen enplegua erakartzeko ahalegin bereziak egitea, kudeaketa eta bitartekaritza mailan egiten duen lana erreferente publikoa izan dadin eta kontratuetan, eta lan-baldintzetan, onura orokorra ekar dezan. Helburu hori eraginkortasunez betetzeko beharrezkoak diren bitarteko bereziak eratu, sortu eta garatzea ezinbestekoa da eta, era berean, arlo horren gaineko ikuskaritza lana benetan gauzatzea ezinbestekoa da. Ez dena onargarria da lana eremu pribatuan egiten denaren aitzakiarekin erakunde publikoen aldetik beharrezkoa den jarraipen-lanik ez egitea, eremua horretan ematen diren bidegabekeriak gehiago ahalbidetuz: ordutegirik gabeko lanaldiak, asegururik gabe aritzea, oporraldirik ez izatea, askotan egun librerik gabeko lanaldiak izatea… eta muturreko kasuetan esklabutzatik gertu dauden egoerak permititzea.
Horregatik diogu ezinbestekoa dela ikuskaritza-lan orokorra, sistematikoa eta iraunkorra indarrean sartzea egoera tamalgarri horiekin guztiekin amaitzeko, batez ere lanpostu-agentzien jarduerari dagokionez, kontratuek eta lan-baldintzek legeria betetzen dutela ziurtatzeko. Eta, jakina, emango diren pauso guztiak etxeko langileen eskubideak eta aldarrikapenak defendatzen dituzten sektoreko elkarteekin eta taldeekin harremanetan eta lankidetzan egin behar dira.
Eskaera hauek bidezkoak, egokiak eta talde guztiek babesteko modukoak dira, etxeko langileak duin bihurtzeko. Horixe izango da Lanbiderentzat, eta baita alderdi sozialistarentzat ere, benetako froga. Egoera txarrenean daudenen, eta emakume-aurpegia izaten segitzen duten, lan-baldintzak benetan hobetu nahi baldin badituzte, hortxe dute aurrerapausoak emateko aukera: Lanbideren kudeaketa eraginkorra. Edo astelehenean alderdi sozialistak defendatzen zuen eran «krisialdia ezingo da izan aitzakia berdintasunaren alde pausuak ez emateko», edo bestela berriz ere martxoaren 8aren aurrean egindako aldarrikapen erabat elektorala izan dela berretsi da.
Etxeko langileen duintzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu