Txema Ramirez de la Psicina

Eulien bazka

2023ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Udararen egutegian, gaurko eguna seinalatua da: «San Fermin ondoko igandia, ulien igandea» edo «eulien festa» izan ohi da (G. Garate, 1998). Sanferminetan gaude. Hauteskunde bezperan. Eta egia da: eulitzar ugari dabiltza airean. Nola zeruan, hala giro politikoan.

Eulien festan gauden honetan, mandeuliak mintzagai izan ditugu azken asteotan. EH Bilduk hizpidea jarri du, gazteleraz zabaldu den bideo ironikoan. Bertan, udara honetan beroaldiari aurre egiteko krema babesle antifaxista aholkatzen du, «eltxo, erlemando eta mandeuliak uxatzeko». Testuinguru horretan, Nuñez Feijoo, Santiago Abascal eta Aitor Esteban agertzen dira. Arnaldo Otegik errakuntzatzat jo du spot-a eta barkamena eskatu dio EAJri.

Doris, nire asteroko txango-kidea, Otegirekin haserre dago: «Ez dut ulertzen Arnaldoren erreakzio diplomatiko hori. Esteban, kalakan aritu da, azken lau urteotan, mandeuli okerrenen antzera, ausikika etengabe, nola Oskar Matuteri hala Mertxe Aizpuruari. Behin ere esan zuen bera harro zegoela ez Otegiri berari, ezta ezker abertzaleko ordezkariren bati ere, ez diolako inoiz eskua luzatu; hantustez betea esan zuen gainera. Eta orain hari barkamena eskatu?». Zuzendu diot Dorisi: «Otegik esan duena da hanka-sartzea izan dela faxisten atalean PP, Vox eta EAJ sartu izana, historikoki EAJ alderdi antifaxista izan baita. Zuk diozuna beste gauza bat da». Ez dakit konbentzitu dudan. Aurpegiko giharrak ez zaizkio mugitu. Zirkinik ere ez du egin. Doris sutsua da. Memoria fina du. Memoria selektiboa, hori bai.

Esteban-Matute

Polita izango da kanpaina honetan, Bizkaian Aitor Esteban eta Oskar Matuteren arteko lehia. Biak ala biak hizlari trebeak dira. Kongresuan dauden onenetarikoak. Berba-jario ona dute biek, argudiatzen badakite eta ironia kudeatzen maisuak dira. Bakoitzak bere publikoa du. Duela lau urte, 2019ko azaroan, EAJ lehen indarra izan zen Bizkaian. EH Bildu laugarrena. Bigarrena PSE eta hirugarrena Podemos-IU izan ziren. Orduan ere Esteban eta Matute zerrendaburuak ziren. Jeltzaleak 127.310 botoren aldea atera zion Barakaldokoari. Ikusi egin behar zer gertatzen den uztailaren 23an. Bien arteko tartea oso handia da.

Euli, eltxo eta mandeuliren karira, Hasier Etxeberriaren Eulien bazka eleberria etorri zait gogora. Damian Arruti entomologoa da protagonista. Kartzinoma du eztarrian. Nobelaren azken zatian, Damian ebakuntza-gelan dago. Anestesistak ohartarazten dio: «Ez duzu ezer sumatuko. Zenbatu hamar arte». Hasi da kontaketa. Bat, bi, hiru, lau, bost, sei eta zazpitik harantzago ez dela joango konturatu da. Anestesiak harrapatu du Damian. Ez daki lotan edo hilda dagoen. Berdin-berdinak dira biak. Hauxe gehitzen du Etxeberriak: «Gezurra eta egia bezala. Zein alde dago, bada, bata eta bestearen artean».

Benetan al dira berdinak? Berdin zaigu dena? Egiari zor edo gor? Zer mundu klase da hau? Ikerketa ugarik diote —tamalez— gero eta jende gehiagok nahiago duela gezur lasaigarriak irentsi egia deserosoak onartu baino. Bakean bizi dira/gara horrela. Nork bere bidea. Unibertso paraleloetan. Aparteko burbuiletan. Burbuilek, baina, eztanda egiten dute. Beti.

Twitter-eko kontuei begiratuz gero, Matuteren unibertsoa Estebanena baino askoz handiagoa da. Barakaldokoak ia 146.000 jarraitzaile ditu. Estebanek, erdiak pasatxo (ia 74.000). Eta? Adierazle bat da. Besterik ez. Horrexek ez du ezer bermatzen. Nor bere burbuilan, bere lagun kuadrillan, bere mikrokliman bizi da. Nork bere egiak sinesten ditu. Sarritan ahaztu egiten zaigu sare sozialetan kontsumitzen duguna aldez aurretik guk geuk egindako hautuen ondorioak baino ez direla. Horixe baino ez. Hori ez da errealitate osoaren isla. Errealitate zatikatu (eta askotan manipulatu) baten isla da.

Pasieraren bukaeran gaude. Tartean gurutzatu zaizkigun pertsonen artean denetik zegoen: gazte eta ez hain gazte, adineko eta ez hain adineko. Markako kirol jantziekin batzuk, outlet-eko arropekin beste asko. Korrika batzuk. Txirringaz beste batzuk. Oinez gehienak. Batzuk aurikularrei entxufatuta. Beste batzuk Salburuko urmaeletako landare, zuhaitz, zuhaixka, hegazti , orkatz eta ahateei begira. Atsegin ederrean. Banaka. Binaka, hirunaka, taldeka... Solasean edo isilean. Bakoitza bere munduan, bere unibertsoan. Bere burbuilan.

Hiri eremuan sartu gara. Panorama zeharo aldatu da. Herritar ugari sakelakoari begira doaz. Baten batek estropezu egin du gurekin. Barkamenik ez. Aurpegia jaso. Izu aurpegiarekin begiratu eta aurrera jarraitu du. Bakoitza bere munduan, bere unibertsoan. Bere burbuilan.

Ana Rosa

Taberna batean sartu gara zerbait hartzera. T5 dago piztuta. Ana Rosaren programan Eduardo Inda hizketan ari da. Oraingoan ez zaio bitsa ahotik ateratzen. Elderra dario. Iruñean jaiotako berba-lapikoa Feijooren laudorioak zerrendatzen ari da: bere esperientzia, bere ibilbide arrakastatsua Galizian... Moncloara iristeko irrikaz dago. Hemen ere bakoitza bere burbuilan. Hori Salburua auzoan, non EH Bildu lehen indarra izan den. Gasteizen bezala. Baina, ez ahaztu: T5 da Euskal Herrian gehien ikusten den telebista katea.

Euskal Herrian dugun ekosistema mediatikoa eta Ebrotik behera dagoena oso desberdinak dira. Espainiakoan nagusi diren ildoak ikusita, zail egiten zait uztailaren 23an Sanchezek gobernuan jarraitzea. Hemen Esteban eta Matute batzuentzat erreferente diren bezala, Espainian, Ana Rosa iritzi emaile sendoa da. Unibertso paraleloak.

Doris pintxo bat jaten ari da. Eulitzar bat dabilkio zokomiran. Setati dago. Uxatzen ahalegindu da. Alferrik. Esan diot Dorisi: «Ez dakit gu ote garen zazpigarren alaba edo aldaba, baina eulien bazka seguru baietz». Ez dit kasurik egin. «Ei neska! —esan dio tabernariari— ez al dago beste zerbait hoberik telebistan?». A3 jarri du. Espejo Público. Hizpideak: Tamararen ezkontza eta Miss Unibertso España. Eulien bazkarekin segitzen dugu. Doris eta biok, hurrengoan, beste taberna batera joango garela erabaki dugu.

Hemendik 23ra bitartean, Sanchezek badu lanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.